Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
7. eszena
(Hiru emakumeak mantela atontzen ari dira mahaia jartzeko.)
emakumea 2: Ni ezkonduta nago oraindik...
emakumea 3: Nik ahaztu egin dut ezkondu egin nintzenik ere.
emakumea 1: Nola ahaztu dezakezu hori?
emakumea 3: Halabeharrez. Ez zen izan behar zuen bezalakoa. Inoiz ez. Hasieran izan ezik.
emakumea 1: Bere eskuak zure eskuetan... irrist egiten... laztanak sortzen han eta hemen. Arnasa dantzan, burua jiran... bihotza lehertu beharrean... titiak oihuka... sabel aldea kantari... ezpainak barrez... aurpegia algaraka... sexua irrintzika... Maitasun hitzekin jolasean, hitzezko maitasunean murgilduta, elkar ulertuz, elkarrekin, betiko. Hau ametsa da...
emakumea 3: Zuri ere erakutsiko dizu adinak ametsak, maitasunezkoak batez ere, amets besterik ez direla. Bizitza beste kontu bat da.
emakumea 2: Eta ezkon-bizitza beste bat.
emakumea 1: Zuena izango da. Nirea ez.
emakumea 3: Gurea, zurea... zer axola dio? Hitz kontua da.
emakumea 1: Ez! Zuen hitzak ez dira nireak. Nireak xuxurlaka mintzatzen dira... Gu ondo gaude. Primeran. Pozik. Berak maite nau eta nik bera. Ez dut besterik nahi.
emakumea 2: Lehen nahi nuena eta orain nahi dudana ez datoz bat. Zenbat kosta zaidan konturatzea maitasuna bere horretan ez dela nahikoa... maitatzeko modu asko daude... eta denak ez dira maitekorrak, ez dira libreak, obsesiboak baizik... gaixotzeraino.
emakumea 1: Hara, gaizki joan bazaizu asko sentitzen dut zugatik, baina ez niri burua berotu zure penekin. Sentitzen dut, nik ezin dizut lagundu.
emakumea 2: Nik zuri bai... utzidazu laguntzen...
emakumea 1: Zertan, baina? Esan dizut oso zoriontsua naizela... Andonik maite nau erotzeraino... entzungo bazenute...
emakumea 2: Eta berak zu, entzuten al ditu zure hitzak?
emakumea 1: Bai!!! Bai!!! Zuk ez bezala. Zu gorra zarela dirudi...
(emakumea 1 urrundu egingo da plataforma borobilera. Beste biek mahaiaren inguruan jarraituko dute hizketan.)
emakumea 3 (emakumea 2ri): Garai bakoitzari berea. Alferrik hitz egingo diozu orain, berak berea bizi behar duenean... ikusteko, sentitzeko, konturatzeko... hitzen balioaz...
emakumea 2: Hitzak. Ez dakit noiz hasi ziren bere hitzak aldatzen, noiz hasi ziren nireak isiltzen, noiz hasi nintzen hau guztia onartzen, eta zergatik? Konturatu nintzenerako berandu zen. (emakumea 1engana hurbilduz) ez zaitez bere hitzen xuxurla gozoan galdu, mesedez. Amaraun hutsa da.
(emakumea 2 emakumea 1engana hurbildu eta honek alde egingo dio.)
emakumea 1: Baina zertaz ari zara? Zer esan nahian?
emakumea 2: Ikusi al duzu inoiz armiarma amaraunean lanean? Ez du presarik harrapakinera iristeko. Badaki ez diola ihes egingo, eta pixkanaka, oso pixkanaka inguratzen zaio. Isil-isilik…
emakumea 1: Erotuta zaude.
emakumea 2: Erotzeko gutxi falta zait. Oso gutxi.
emakumea 3: Ni erotu egin nintzen. Halabeharrez.
emakumea 2: Ihes egin nahi dut egoera honetatik, baina ezin dut pausorik eman... loturik nago... paralizaturik, hitzen faltan.
emakumea 1: Hitzak, orain ere hitzak!!! Isilduko al zarete, jode! Beldurgarriak zarete.
emakumea 3: Beldurra? Jadanik ez dut beldurrik sentitzen.
emakumea 2: Nik bai.
emakumea 3: Beldurra sentitzea ez da txarra...
emakumea 2: A, ez?
emakumea 3: Ez. Beldurra sentitzen baduzu, bizi zaren seinale. Eta gainera beldurrak mina jan egiten du. Beldurraren metastasiak ez dizu mina sentitzen uzten.
emakumea 2: Ez nazazu beldurtu.
emakumea 1: Zoazte popatik hartzera! Biok! (Pausa) Ezin duzue eraman ni zoriontsu izatea. Ez, ezin duzue jasan ni maiteminduta egotea. Eta ez duzue eskubiderik... ez duzue eskubiderik nire bizitzan sartzeko! Ez zarete nire bizitzaren jabe, jode!