Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
13. agerraldia
(aguazilak telefonoskypetik Herritarren Askatasunerako Segurtasun Batzordean gertatutakoa kontatuko die alkateari, prentsa-arduradunari eta mozkin jaunari.)
aguazila: Alkate jauna, gertaera larriak, oso larriak.
alkatea: Zehaztu hori.
aguazila: Geolokalizatzea itzaltzeagatik atxilotu dugunak makuluarekin buruan kolpe itzela eman dio hasbeko buruari.
alkatea: Buruan buruari? Zehaztu hori.
aguazila: Inork espero gabe, atso zaharrak bere makuluarekin burua erdibitu dio hasbeko buruari.
alkatea: Grabatu duzue? Erantzun, grabatuko zenuten, ezta?
mozkin: Lasaitu zaitez, gizona, eraikin publiko guztietan ditugu kamerak, batek ez bada besteak grabatuko zuen.
aguazila: Bai, noski, jauna, idazkariak grabatu du dena.
alkatea: Eta non dago bera?
aguazila: Nor?
alkatea: Zelan nor?! Zenbat nor daude hor? Nor izango da ba, nor!
aguazila: Burua galduta dago.
alkatea: Erasotzailea?
aguazila: hasbeko burua.
alkatea: Nor? Zehaztu haren egoera.
mozkin: Erasotzailea bizirik dagoen jakin behar dugu, jauna, hori da garrantzitsuena.
alkatea: hasbeko buruaren egoera baino? Zehaztu hori.
mozkin: Lasaitu gaitezen, jaunok, eta utz diezaiogun egoeraren azalpen osoa eman diezagun. Burua hotz eta patrika bero, lagunok, burua hotz.
aguazila: Atsoa atxilotuta eta aulki bati lotuta dago. hasbeko burua lurrean botata, konorterik gabe, idazkaria bideoa editatzen. Modus operandiagatik ondo entrenatutako aktibista dela esango nuke, jauna.
mozkin: Eta neska?
aguazila: Zein neska, jauna?
mozkin: Nahikari, atso zaharrarekin batera atxilotu duzuna.
aguazila: Han ez da neskarik gelditu.
alkatea: Zelan ez dagoela neskarik! Non dago ba?
mozkin: Neskatila lekutan dago honezkero. Alkate jauna, baimena ematen badidazu nire gizonei deituko diet.
aguazila: Ideia bikaina, Mozkin. Ondo deritzozu, ezta, Alkate jauna?
alkatea: Aurkituko dugu, ezingo du urrun joan, neskatila bat baino ez da. Oposizioak ez du ezer jakin behar.
aguazila: Jauna, zuk ez duzu oposiziorik.