Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

5. agerraldia

 

 

(grisek jarlekuak aztertuko dituzte, neurriak hartu, argazkiak egin.)

 

dolores: Giltzak aldean dituzu?

 

nahikari: Eta autoa garajean, zuk agindu legez. Zer egin behar dugu ba, amama?

 

dolores: Jarleku hauek autoan sartu eta zuen amaren baserriko ganbaran ezkutatu behar ditugu.

 

nahikari: Jarleku zaharrok ezkutatu? Sutarako baino ez dute balio-eta!

 

dolores: Jarleku hauek gure arbasoenak dira, zumitzez eta egurrez egindakoak. Justu-justu atseden apur bat hartzeko eginda daude, lorik ez hartzeko. Baserriko lanak gogorrak ziren eta gehiegi deskantsatuz gero ezin azienda ganoraz gobernatu!

 

nahikari: Duela zenbat mendetako kontuez ari zara, baina!

 

dolores: Duela berrogeita hamar urteko kontuez ari naiz, marijakintsu! Gainera, ez duzu gaurko pregoia entzun? Lanean egongo ez zaretenean etxean lo egoteko besaulkiak erostera derrigortu behar zaituztete. Ez zara enteratu? Non bizi zarete gazteok?

 

nahikari: Munduari zabalik, amama, munduko biztanleak, mundua du sorterri.

 

dolores: Pantaila txerri hori duzue mundua eta auzoa ikusi ere ez duzue egiten!

 

nahikari: Bihar iragana da amama, gu etzi bizi gara, Euskal Herrian baina Los Angelesen, Sidneyn, Hong Kongen.

 

dolores: Batu jarlekuok eta goazen. Eta isilik, ez gaitu inork sumatu behar. Eta itzali geolokalizatzailea.

 

nahikari: Geolokalizatzailea itzali? Non nagoen ez badakite susmo txarra hartuko diote. Amama, legez kanpoko ezer ez dugu egingo, ezta?

 

dolores: Jarlekuok zuen baserriko ganbarara eroatea delitua ez bada, ez.

 

nahikari: Ezkutatzeko esan didazu lehen, eta orain, geolokalizatzailea itzaltzeko. Beldurtzen hasita nago.

 

dolores: Izuak hartuko zaitu kasurik egiten ez badidazu. Horrenbeste eskatzea da lau aulki tutu auto batean sartzea?

 

nahikari: Horrela aztoratzeko, bai, antza.

 

(doloresen semea sartu da.)

 

semea: Zer duzue, zergatik ari zarete matrakan?

 

nahikari: Amamak lau jarleku amaren baserriko ganbaran ezkutatu nahi ditu.

 

semea: Entzun duzu pregoilaria, ezta, ama? Jarleku guztiak plazara eroateko agindua eman du udalak eta guk agindua bete egingo dugu.

 

dolores: Beti egin duzun legez.

 

semea: Bai, horregatik baititugu etxea eta autoa, legeak agindutakoa bete dugulako, horregatik duzu zeuk ere aterpea gauero. Utzi jarlekuok berton. Neuk eroango ditut plazara.

 

dolores: Etxe hau nirea da eta hemen neuk agintzen dut. Nahikari, bildu itzazu eta goazen garajera kakati honi makuluagaz burua apurtu baino lehen.

 

semea: Baina ama, harrapatzen bagaituzte, dena kenduko digute!

 

dolores: Aspaldi zaudete zuek ezer barik, kakati odolbakook! Ura darabilzue zainetan, zuek, ura!

 

semea: Ez zara zure buruaren jabe, ama. Ezin dut nire familia arriskuan jarri. Udaltzainei deituko diet.

 

(Atzamarra belarrira eroateko keinua egiten du.)

 

nahikari: Geldi, aita, amamak burua bere lekuan du. Lau jarleku baino ez dira, zer egingo digute lau jarleku ezkutatzeagatik? Gainera, nor etorriko da gure amaren baserrira? Urteak dira-eta, urik ere bideratzen ez digutela!

 

semea: Ni banoa, ez dut ezer jakin nahi.

 

dolores: Zoaz, bai, koldar hori! Zoaz arrautzak epeltzera!