Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

2. agerraldia

 

 

(luis gelako leihotik begira dago.)

 

panpina: Zer da?

 

luis: Ez dakit, manifestazio bat dirudi.

 

panpina: Zeren kontra?

 

luis: Ez dakit, ez dut diotena ulertzen… baina, agian, zerbaiten alde izango da.

 

panpina: Alde bada, euskararen alde izango da, ze gainontzekoetan gu beti kontra.

 

luis: Ez dakit, ez nago ados, gure herrian gauza askoren alde egiten dugu.

 

panpina: Bai, baina kontra gaudela esanda, errazagoa delako zer ez dugun nahi esatea, nahi duguna lortzea baino.

 

luis: Ez da hori. Oso urte gogorrak bizi izan ditugu, zama pisutsuegia da, beti borrokan, beti erresistentzian, beti galtzen…

 

panpina: Beti negarrez.

 

luis: Ez nago ados. Gauza asko egin ditugu.

 

panpina: Bai, batez ere zuk eta zu lakoek: idatzi, liburuak aurkeztu, hitzaldiak eman, elkarrizketak hedabideekin, koktelak, mintegiak, azokak, hitz egin, hitz egin, hitz egin…

 

luis: Eta zer egin behar du ba, idazle batek?

 

panpina: Idatzi, noski, zer egingo du ba, poliziekin kalean borrokatu? Gose-grebak etxeko langileen eskubideen alde? Errepideak moztu ahtaren aurka? Ez, hori beste batzuei dagokie. Idazleak idatzi egin behar du, ez besterik. Zer litzateke mundu hau idazlerik gabe!

 

luis: Ez nago ados, guk gauza asko egin ditugu, idazteaz gain.

 

panpina: Zerrendatu.

 

luis: Ba, adibidez, manifa hau entzunda, guk behinola polizia espainolari performance baten bidez zelan egin genion aurre etorri zait gogora.

 

panpina: Buatxabal! Performance baten bidez! Zuek bai ausartak. Poliziak akojonatuta egongo ziren.

 

luis: Akojonatuta ez, baina une batez, zer egin jakin ezinik geratu ziren.

 

panpina: Zer egin zenieten ba?

 

luis (grina handiz antzezten du): Gutako batzuk poliziaz mozorrotu ziren eta besteak manifestariz. Tentsio handiko manifa bat antzeztu genuen eta, bat-batean, bozgorailu batetik, Txoria txoriren lehen akordeak entzun ziren eta manifestariak eta poliziak, gure lagunak, ez besteak, gelditu egin ziren, batera eta bestera begira, doinu eder hura nondik zetorren asmatu guran, eta Mikel Laboa kantuan hasi zenean manifestariak ere kantuan hasi ziren, eta poliziek, gure lagunek, ez besteek, burumakur, pentsakor, borrak eta ezkutuak lurrera bota eta alde egin zuten.

 

(Isilunea.)

 

panpina: Hunkigarria benetan. Malkoak darizkit bihotz-begietatik. Miresgarria egin zenutena. Mugarri bat izango zen manifagintzan, ezta?

 

luis: Poesiaren eta musikaren indarraz jabetu ginen orduan, zenbateraino hunki dezaketen bihotzik gotorrena, zenbateraino ulertaraz dezaketen egiaren funtsa.

 

(Isilunea.)

 

panpina: Izugarria da. Zorionak. Benetan izan zineten ausartak, apurtzaileak.

 

luis: Bai, egia esan, performance hartan parte hartu genuenok ez dugu sekula ahaztu orduan bizitakoa, kolektiboki sentitu genuena, nola ahaldundu ginen bat-batean. Katartikoa izan zen.

 

panpina: Benetako poliziek alde egingo zuten, noski, borrak eta ezkutuak lurrera botata.

 

luis: Ez, kontra egin zuten. Oso gogor jo gintuzten.

 

panpina: A bai, e? Jo egin zintuzteten? Poliziek? Borrekin? Halangorik!

 

luis: Eta gomazko pilotekin.

 

panpina: Baina ez zizueten minik egiten, ezta? Hain zeundeten ahaldunduta!

 

luis: Txoria txori kantatzen jarraitu genuen, inora mugitu barik, elkarri besotik oratuta. Poliziek jo eta jo egiten gintuzten eta gu hantxe, geldi, kantuan. Harik eta gutariko bat burua zabalik odoletan anbulantzian eroan zuten arte.

 

panpina: Zorionak. Ekintza poetiko gogoangarria benetan.

 

luis: Betiko markatu gintuena.

 

panpina: Eta superatzeko zaila, ez? Ondorengo manifetan eta borroketan ezer sublimeagorik egitea ez zitzaizuen erraza suertatuko.

 

luis: Ez genuen berriz antzekorik egin. Anbulantzian eroan zuten gure kidea handik egun batzuetara hil zen.

 

panpina: Zure lehen nobelako protagonista?

 

luis: Nire lehen poema liburuan agertzen dena.

 

panpina: Zein, postaria?

 

luis: Ez.

 

panpina: Kale-garbitzailea?

 

luis: Ez.

 

panpina: Suizida?

 

luis: Ezta.

 

panpina: Zein ba?

 

luis: Aktorea.

 

panpina: Hara, ba, aktorea, noski! Fartsante bat.

 

luis: Ez, ekintzaile bat, halaxe dio berak poeman.

 

panpina: Poliziaren aurkako performance batean hiltzen den aktore ekintzailea! Ze epikoa!

 

luis: Tira, hunkitzea da kontua, ez?

 

panpina: Bai, noski: malkoz betetako begiak, zotinka negar dagien populua, elkarrekin kantatzeko doinu triste bat... Ez diote ba, Euskal Herriak epika berri bat behar duela? Esaiezu, esaiezu, ez dutela bila segitu beharrik, zuk baduzula, idatzia duzula honezkero.

 

luis: Hori lartxo esatea dela iruditzen zait.

 

panpina: Ba zure liburuetan beti dago hildakoren bat, osatzeko aukerarik ez duen gaixoren bat… heriotzarekin obsesionatuta zaudela ematen du.

 

luis: Ez da hori. Ez dakit, heriotza beti dugu inguruan, ez? Ez dugu askorik aipatzen, baina.

 

panpina: Kakati hutsak garelako.

 

luis: Ez da hori, ez nago ados.

 

panpina: Ez didazu ba esango, zu ausarta zarenik?!

 

luis: Ez da hori, ez dakit, batzuetan ausarta izan naizela iruditzen zait.

 

panpina: Esaterako?

 

luis: Esaterako Lesbosera joan nintzenean, errefuxiatuei laguntzera. Banekien han zer zegoen eta hala ere joan egin nintzen.

 

panpina: Eta zer dago ba, han?

 

luis: Han heriotza besterik ez dago. Etorkizunak ez du esanahirik.

 

panpina: Horregatik egin zenuen hanka. Edo zer uste zenuen, migratzaile batzuei hiru hilabetez jaten ematearekin zure erantzukizun guztia zurituko zenuela?

 

luis: Zer erantzukizun?! Nik ez dut ezer zuritu beharrik.

 

panpina: Ondotxo dakizu errukiagatik joan zinela errefuxiatuen kanpamentu hartara.

 

luis: Ez zen horrela izan, aurretik ere banuen gaiarekiko sentsibilitatea.

 

panpina: Bai, noski, hirugarren ardotik aurrera batez ere.

 

luis: Aylani ahalik eta gehien lagundu nion, ezin nezakeen besterik egin.

 

panpina: Ordura arte egin ez zenuena da kontua. Aylanek sorterrian bizitzeko aukera izan balu…

 

luis: Eta zer egin nezakeen nik?

 

panpina: Idaztea baino zerbait gehiago.

 

luis: Egin nuen, kanpamentuetara joan nintzen.

 

panpina: Gehiago.