Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

9. agerraldia

 

 

(Eszenatokiaren erdia ilunetan dago, beste erdia argitan. Alde ilunean dago aylan, argian panpina. Aurrez aurre daude.)

 

panpina: Zergatik ez zenion eskatu berarekin eroateko?

 

aylan: Ez nintzen ausartu.

 

panpina: Pentsatu zenuen?

 

aylan: Bai.

 

panpina: Eta zergatik ez zenion esan?! Baietz erantzungo zizun.

 

aylan: Ez dut uste.

 

panpina: Baietz erantzungo zizun, nik badakit.

 

aylan: Nik esan beharrik gabe eskatuko zidan, horren argi izan balu.

 

panpina: Baina zuk ez zenion igarri zeinen koldarra den? Ez zinen konturatu ez zizula eskatuko, zeuk eskatu behar zeniola?

 

aylan: Ez, nirekin zegoen, kanpamentuan. Hasieran ez baina gero uste izan nuen ni salbatzera etorri zela.

 

panpina: Gizon europar zuri burges bat da. Zertan uste duzu joan zela kanpamentuetara?

 

aylan: Hori ba, ni salbatzera!

 

panpina: Baita zera ere! Kristautasunaren arrasto sakonaren zama arintzeko joan zen, bere burua are gehiago zuritzera.

 

aylan: Ni ez naiz kristaua baina hurkoa laguntzea ez zait txarra iruditzen.

 

panpina: Ez da txarra edo ona den bereiztea, ezpada nahikoa ote den bereiztea. Kristauek min eman, aitortu, barkamena lortu eta berriz min emateko aukera dute eta errukia baliatzen dute horretarako baina, sakonean, klasismoa baino ez da, besteak baino gehiago direla sinesten dute. Lurrean burumakur dagoen eskaleari lau txanpon emanda doaz oporretara. Hipokrita hutsak dira.

 

aylan: Ez dakit zergatik haserretzen zaren horrenbeste. Askok hori ere ez dute egiten.

 

panpina: Besteek egiten ez dutelako norberak egiten duen apurra nahikotzat hartzea iruzurra da.

 

aylan: Ba niri bere hitzek lasaitu egiten ninduten, mina baretzen zidaten.

 

panpina: Poema ziztrin horiek?!

 

aylan: Oihuak baino nahiago.

 

panpina: Borrokatu egin behar zenuen, bizitzeko aukera galdu zenuen.

 

aylan: Nekatuta nengoen.

 

panpina: Bizitzeko aukera galdu zenuen. Handik bizirik ateratzeko aukera!

 

aylan: Eta hiltzekoa irabazi.

 

panpina: Hori ez da garaipen bat.

 

aylan: Zer ote dakizu zuk, denei kontu eske zabiltza baina zuk, zer egiten duzu zuk?

 

panpina: Isildutakoak errepikatu, ozen errepikatu, ustelaren, uherraren, zornearen kontra. Hori da nire zeregina.

 

aylan: Beltza zuritzen duzu zuk, beste ezer ez. Eta orain, utzi bakean, nekatuta nago.

 

(Isilunea.)

 

panpina: Utzidazu laguntzen, utzidazu zure ondora joaten.

 

aylan: Ez, nekatuta nago, zaude hor, utzi bakean.