Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

1. agerraldia

 

 

(luis ospitaleko gelan sartzen da maleta eskuan. Beltzez jantzita dago goitik behera. Betaurreko ilunak daroatza. Bizar zuria du. Maleta lurrean utzi eta gela aztertzen du lekutik mugitu barik. Betaurreko beltzak eranzten ditu. Gela oso soila da. Zuria. Argitsua. Bi leiho ditu. Bata ezkerrean, bestea eskuinean. Bien erdian gutxi gorabehera, metalezko ohea, lastaira, mihise zuria, manta urdin argia, egurrezko mahaia, egurrezko aulkia, egurrezko mesanotxea eta bertan lanpara bat, metalezkoa, zilar kolorekoa, goitik behera argi egitekoa, bonbilla bakarrekoa. Sabaian sartuta fluoreszente bat, karratu zuzen itxurakoa. Gela neurtzeari ekin dio. Bost metro luze eta hiru eta erdi zabal da. Besoak zabaldu ditu ezker-eskuin. Gorantz luzatu ditu ondoren. Arnasa sakon hartu du maleta ohe gainean zabaldu aurretik. Liburuak, koaderno bat, boligrafoa, arropa eta bi panpina-txotxongilo atera ditu. Panpina bat ohean sartu du. Mihise eta mantarekin estali du. Burua ferekatu dio. Bestea lurrean datza. Aulkia hartu eta eskuineko leihora hurreratu du. Betaurreko beltzak jantzi, aulkira igo eta kanpora begira jarri da. Aulkitik jaitsi eta eskuineko leihora joan da. Aulkira igo eta kanpora begira jarri da. Aulkitik jaitsi eta aulkia mahaiaren aurrean kokatu du. Betaurreko beltzak erantzi ditu. Koadernoa zabaldu, boligrafoa hartu eta idazten hasi da: “Gela honetan sartu naiz naizena ateratzeko”. Idazteari utzi, betaurreko ilunak jantzi, aulkia hartu eta ezkerreko leihora hurbildu da. Aulkira igota esan du: “Gela honetan sartu naiz naizena ateratzeko”. Eskuineko leihora joan da ber gauza egitera: “Gela honetan sartu naiz nire onena ateratzeko”. Errepikatu egin du. Mahaira itzuli da, betaurrekoak erantzi ditu, boligrafoa hartu eta koadernoan idatzi du: “Gela itxi batean sartu naiz naizena libre ateratzeko”. Hirutan esan du.)

 

panpina: Zer duzu, zertan ari zara, esnatu egin nauzu.

 

luis: Idazten ari nintzen.

 

panpina: Eta ez dakizu isilean idazten? Ahots gora egin behar duzu?

 

luis: Neure ahotsa aurkitzen laguntzen dit neure ahotsa entzuteak.

 

panpina: Ba nik ez dut batere maite nire ahotsa entzutea.

 

luis: Ez dakit, horren zantarra ere ez da.

 

panpina: Zuk entzuten duzuna eta nik entzuten dudana ez dira ahots bera, ezberdin entzuten dugu, nik zure aldean beste doinu bat entzuten dut eta ez dut gustuko.

 

luis: Ba nik maite dut neure ahotsa, nor naizen ulertzen laguntzen dit.

 

panpina: Bai, hori lehen ere esan duzu. Beti izan zara harro samarra.

 

luis: Nire ahotsa maite dudalako naiz harroa?

 

panpina: Zure ahotsa maite duzu besteena ez duzulako entzun nahi.

 

luis: Beste inor maite aurretik nork bere burua maite behar duela diote jakitunek.

 

panpina: Kakazaharra! Inork maite ez duen beldurrez bizi denak baino ezin du horrelakorik esan. Begira zertan ari den mundu guztia Facebook, Instagram, Tik-Tok eta enparauetan, egunero-egunero selfieak argitaratzen, edozein lerdokeriatan edo familiakoekin Txorroko puntan oporretan.

 

luis: Horretarako dira sare sozialak, lagunak egiteko, adiskidetasuna indartzeko, komunitateak sortzeko, informazioa partekatzeko…

 

panpina: Zakurraren biolina! Begira, hemen nago, ikusi, ikusi zeinen ederra naizen, hemen nago, ei, ei, begira, begira, hemen nago, ni naiz, ikusten nauzue? Zilborkerian etengabe, nabarmenkerian etengabe… Ze ostia ardura digu besteoi jaten ari zaren kroketa zein gozoa den?! Zein ekarpen egiten dio munduari zure lagunekin mendi punta batean zaudela jakiteak?

 

luis: Ez da hori, ez nago ados. Denok izan nahi dugu norbait, denok sentitu nahi dugu zerbaiten parte eta bizirik gaudela erakutsi. Ez zait horren larria iruditzen.

 

panpina: A, ez? Eta orduan zer egiten duzu zuk hemen, ospitale psikiatriko batean, zeure borondatez ingresatuta? Munduak abandonatu egin zaitu? Ez duzu maiteko zaituen inor?

 

luis: Ez da hori, idatzi gura dudana idazteko leku aproposa delako etorri naiz.

 

panpina: Ospitale psikiatriko bat? Hi, adarra jotzera Kolitzara, nahi baduk. Euskal Idazleen Elkarteak ez ditu idazleentzako egonaldiak Hendaian? Edo Pasaian? Edo Sunsunkordan? Edo ezin duzu Ondarroako ostatu hartara joan lehenengo poema liburua amaitzeko egin zenuenean bezala?

 

luis: Bai, bai, baina halakoetan aukera duzu kanpora irteteko eta badakizu nolakoa naizen, zeinen dispertsoa, zenbat kostatzen zaidan lan bati luzaroan ekitea. Presioa behar dut, epeak, mugak, debekuak, bestela despistatu egiten naiz.

 

panpina: Despistatu, bai, eufemismoa galanta.

 

luis: Zer esan nahi duzu?

 

panpina: Beldurra, izua, koldarkeria, iheskeria, aurre egiteko gaitasunik eza.

 

luis: Ez da hori, ez nago ados.

 

panpina: Zer da ba?

 

luis: Ez dakit, horrexegatik babestu naiz hemen…

 

panpina: Zerbaiten bila.

 

luis: Bai, hori da.

 

panpina: Ba erraz aurkituko duzula ematen du. Hemen ez dago gauza askorik.

 

luis: Behar dudan guztia dago.

 

panpina: Nola dakizu? Ez duzu ba esan, zerbaiten bila etorri zarela? Bila etorri bazara ezin duzu jakin aurkituko duzunik.

 

luis: Nire barruan dago bilatzen dudana, hori badakit, hori senak esaten dit, sentitzen dut.

 

panpina: Yoga egiten hasi zara, ala? Hori etxean geratuta ere sentituko zenuen.

 

luis: Kanpoan zarata lar dago, zarata zikin gehiegi.

 

(Kanpotik datorren zarata eta berbotsa entzuten dira.)