Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

4. agerraldia

 

 

(Argiak ilunetik zurira egiten du. Ospitaleko psikiatrikoko gelan daude panpina eta luis.)

 

panpina: Ikusten? Zure inguruan gaixotasunak eta heriotza besterik ez daude.

 

luis: Errefuxiatuen kanpamentu batean geunden, zer uste duzu direla?

 

panpina: Ez dakit, zer uste zenuen zuk zirela?

 

luis: Ez dakit, ez nuen horrelakorik espero.

 

panpina: Kartoiz eta oihal mehez egindako etxolak, ezta? Eta heriotza nonahi, ezta?

 

luis: Bai.

 

panpina: Eta gauetako biolentzia, bortxaketak, lapurretak… udalekuak, txo!

 

luis: Ez da hori, ez dakit. Gobernuek eta gkeek hobeto zainduko zituztela uste nuen.

 

panpina: Gobernuz kanpoko erakunde batzuk zintzo ari dira baina ez dute zentimorik ere. Diruz ondo hornituta daudenak dira lokatzetan sartzen ez direnak, diplomazian herdoiltzen direnak.

 

luis: Borondate oneko jende asko dago han.

 

panpina: Eta bizkarroi eta apaizkume eta gupidagabeko odol-zurrupatzaile gehiegi.

 

luis: Nik lagundu baino ez nuen egin nahi.

 

panpina: Zuk zeure kontzientzia lasaitu besterik ez zenuen egin nahi.

 

luis: Ez da hori, oker zaude. Ezin izan nion gehiago lagundu, gaixo zegoen.

 

panpina: Egin zenezakeen, gehiago egin zenezakeen.

 

luis: Adibidez.

 

panpina: Zeurekin ekarri Euskal Herrira.

 

luis: Ez zen nire semea, gurasoak zituen sorterrian.

 

panpina: Gurasoek abandonatu egin zuten.

 

luis: Ez zuten abandonatu, etorkizun bat eskaini nahi izan zioten.

 

panpina: Ezagutzen ez zituzten gizon batzuen esku utzi zuten.

 

luis: Asmo onekoak direlako.

 

panpina: Inuzente galantak, zu bezala.

 

luis: Ez da hori, ez nago ados.

 

panpina: Arduragabezia da, zurea bezalakoa.

 

luis: Gaixo zegoen, hemen ere ez zen sendatuko.

 

panpina: Nola dakizu hori? Ez zinen ahalegindu ere egin.

 

luis: Bere alboan egon nintzen behar zuen guztietan.

 

panpina: Bai, poemak idazten eta irakurtzen.

 

luis: Berak eskatzen zizkidalako.

 

panpina: Hiltzen lagundu zenion bizitzen lagundu beharrean.

 

luis: Ez da hori, ez nago ados.