Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

7. agerraldia

 

 

(Artekale auzoko plaza. auzokideak jarlekuak plazara eroaten hasi dira.)

 

auzokide 1: Ez nuen gogoan jarleku hauek horrenbeste pisatzen zutenik.

 

auzokide 2: Zenbat urte dituzte?

 

auzokide 3: Zer ardura dio ba?

 

auzokide 2: Gure amamari entzun nion behinola, jarlekuak gero eta zaharragoak izan, gero eta astunagoak direla.

 

auzokide 3: Bai, urteen zamagatik, ezta?

 

auzokide 2: Gure ezintasunen zamagatik dela zioen berak. Jesartzen garen bakoitzean jarlekuek gure etsipenaren zama jasaten dutela.

 

auzokide 3: Eta pozik jesarriz gero?

 

auzokide 2: Horixe ez dakit. Ni, pozik nagoenean, ez naiz jesartzen, zutik egoten naiz.

 

auzokide 3: Ba ni besaulkian nagoenean egoten naiz pozik, orduan bai! Badakizu zer den hori? Munduan gertatzen dena gertatzen dela, telebistan edozer ikusten, ezelango ardura barik… niretzat hori da plazerik handiena!

 

auzokide 2: Klaro, zure besaulkia hankak luzatzeko hori duenetakoa da, ezta?

 

auzokide 1: Zureak ez, ala? Zer besaulki klase da, ba?!

 

auzokide 2: Gure amari oparitutakoa.

 

auzokide 3: xx. mendekoa, seguru! Horrelakoekin ez dago erabat bizitzerik, neska! Ganoraz bizitzeko, hanka luzatzeko besaulkia behar da, hankak luzatzekoa!

 

auzokide 2: Ez inori esan, baina uste dut, gaur egun, oraindik, ezberdintasun sozial handia dagoela besaulki bat edo beste ditugunon artean.

 

auzokide 1: Zoaz Errebalera, zoaz eta galdetu gizajo haiei non jesartzen diren! Larri-larri, beso bako aulkietan!

 

auzokide 3: Ezta? Neuk ere horixe pentsatzen dut, zer esanik ez Gorengokalekoak ezagututa. Gauetan, loak hartzeko, Gorengokalen bizi naizela imajinatzen dut. Etxera sartu orduko, mugikorretik pizten dudala besaulkia eta bertan etzaten naizenean hogeita bi graduko tenperatura duela eta beste botoi bati emanda ezkerrean bandeja bete hanburgesa eta patata frijitu agertzen zaizkidala eta eskuinean bi litro Coca-Cola. Buaaa!

 

auzokide 1: Eta zelangoa da besaulkia? Larruzkoa izango da, ez?

 

auzokide 3: Bai, gehienetan larru beltz distirant horietakoa da… baina inoiz imajinatu dut flanelazkoa ere.

 

auzokide 1: Flanelazkoa Gorengokalen?

 

auzokide 3: Baina estanpatua, eta, gainera, negurako, hotz handi-handiak dagozenerako.

 

auzokide 2: Besaulkiak berak berogailua duela ez duzu esan ba?!

 

auzokide 3: Bai, baina gure amari ezkondu zenean oparitu zizkioten flanelazko izarekin akordatzen naiz eta…

 

auzokide 1: Noizko sineskeriak dira horiek baina! Jarlekuak baino ez dira, ipurdiak lo-kuluxka egiteko sehaskak! Emango dizkiguten berriek ere horrexetarako baino ez dute balioko.

 

auzokide 2: Eman? Oparitu egingo dizkigute?

 

auzokide 3: Hori esan zuen pregoilariak, ezta?

 

auzokide 2 (amalia): Nork oparitu, udalak? Pitzatuta zaudete, ala? Udalak ez digu ezer oparituko.

 

auzokide 3 (nagore): Zaude isilik!

 

(Orduan alarma baten zaratotsa entzuten da. mozkin, aguazila eta bi polizia agertzen dira. auzokide 2ren gainera salto egin, lurrera bota eta atxilotu egingo dute.)