Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
5. agerraldia
(Argia zuritik ilunera dator. aylan eta luis errefuxiatuen kanpamentuan daude. Sua piztu da. Ez beraiek dauden lekuan, kilometro batera baino: oihuak, negarrak entzuten dituzte, anabasa sortzen da. Eurengandik urruti. luis eta aylan ohe azpian ezkutatzen dira. Sirena hotsa entzuten da.)
aylan: Zer da?
luis: Oraintxe begiratuko dut. (Begiratzera doa. Ikaratuta itzultzen da) Sua piztu dela dirudi, ez nago ziur baina esango nuke sua piztu dela.
aylan: Eta zer egingo dugu?
luis: Ez dakit.
aylan: Zergatik ari da jendea oihuka?
luis: Ez dakit, ez dut ulertzen zer dioten.
aylan: Ez dago ulertu beharrik, oihuka ari dira, izututa daude, zer egingo dugu?
luis: Etxola itxiko dut, sar zaitez ohe azpian.
aylan: Ohe azpian zertarako?
luis: Ez dakit, badaezpada.
aylan: Badaezpada zer?
luis: Ez dakit, baten bat sartzen bada ikus ez gaitzan. Sartu ohe azpian. (Biak sartzen dira ohe azpian eta luzaroan dagoz isilik) Badirudi baretu dela giroa.
aylan: “Sua harantz doa, sua harantz doa!” diote.
luis: Sua harantz doa? Zer esan nahi du horrek?
aylan: Ba sua ez datorrela honantz.
luis: Bai, bai, baina zer esan nahi du horrek?
aylan: Ba sua beste alde baterantz doala.
luis: Bai, hori izango da. Agian atera egin beharko nuke zer gertatzen den ikustera.
aylan: Ez, mesedez, itxaron.
luis: Zeri itxaron?
aylan: Oihuak guztiz desagertzeari.
luis: Beldurra diezu oihuei?
(Isilunea.)
aylan: Gizon haiek ez zuten hitz egiten, oihu egiten zuten etengabe.
luis: Zein gizonek?
aylan: Amari eta aitari gezurra esan zieten gizon haiek.
luis: Zein gizonek, zein gezur?
aylan: Umeak zaintzen dituen erakunde batekoak ezagutzen zituztela esan zieten amari eta aitari eta eurekin salbu egongo nintzela, ondo zainduko nindutela. (Isilunea) Gezurra zen. Dena zen gezurra. Ama eta aita diru barik utzi zituzten eta ni…
luis: Zu zer? Zer gertatu zitzaizun?