Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
10. agerraldia
(Argi iluna. Errefuxiatuen kanpamentua. Oihalezko etxolan.)
luis: Aylan, Aylan, bukatu dut poema.
aylan: Zorionak.
luis: Tira, altxa zaitez ohetik, barruko oihu horiek desagerraraziko dizkizu poemak honek.
aylan: Hori ezinezkoa da.
luis: Altxa zaitez, ikusiko duzu.
aylan: Oso nekatuta nago, lo egin nahi dut.
luis: Mesedez, hau oso garrantzitsua da niretzat.
aylan: Oso nekatuta nago, lo egin nahi dut.
luis: Ondo da, ez altxa, berdin irakurriko dizut.
(luisek poema irakurtzen dio. aylan berari begira dago.)
Iritsiko balitzaizu belarraren azpitik,
zure gorputza bezain gazte,
heriotza baino deserriago,
lagunen ahots iheskor eta argia,
agian pentsatuko duzu herrimin ilunez,
zure bizitza ahazteko modukoa dela.
Agian oroituko dituzu elkarrekin
bizitako egunak,
lan eta oinaze soraioetan,
astiro-astiro itzaltzen, malenkoniaz,
antzinako zure baserriko sutondoko sugarren antzera,
euria teilatuetan legez.
Akaso zure herriko landak gogoratuko dituzu,
moxalak galapan,
eguzkiaren argia harresietan,
alde bat itzaletan duen dorre grisa,
gaueko estrata galduetan
eskutik oratuta bidea erakusten dizuna.
Igual gogoratuko duzu horren azkar joan zaizun gaztaroan,
lagunekin, loretan, gerratik urrun,
itsasoa zeharkatu zenuen eguna.
Orduan larrialdiak laprast egiten zizuen
eta itsaso goibelak barre, ahantziz
heriotzara ekarriko zintuela,
deserri labur baten ondoren.
Nik zurekin emango nituzkeen
kanpamentuko ordu gogor haiek.
Zure begi bakartiak
heriotzaren irudi bortitzaren aurrean.
Ez zenuen Jainkoaren amets hori onartu.
Zure gorputza hauskorra bazen ere,
zure arima kementsua zen.
Trago luze bakarrean edan zenuen
egokitu zizuten heriotza,
egundo atzera begiratu barik,
borrokan ari denaren antzera.
Axolagabetasun itzelak estaltzen zintuen
belarrak estali zintuenerako.
Neuk egingo dut negar zure ordez.
Ez nuen nahi zure heriotza
ostikoz bidaltzen den txakurra legez baztertu.
Eta, era berean, alferrik imajinatuko dut
zure gorputza hazten, aratz eta heldugabe,
aurrean ditudan zure lagunenak legez,
hemen, bizi-bizi, Greziako landa hauetako
aire zurian zehar.
Burua jiratu zenuen etxolako oihalerantz,
desio duena erakusteko lotsatzen den
haurraren keinua eginez,
eta betiko itzal luzeak estali zintuen.
Lo sakon-sakonean zauden arren, entzuidazu:
Zurekin egon nahi dut; ez zaude bakarrik.
(aylanek luisi atzea ematen dio eta hil egiten da.)