Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Izenordainak

 

“Zuek badakizue bost krisiaz” esan dit. Biok bakarrik gaude. Ni naiz “zuek”. Maleta egin dut.

      Hitzei garrantzi handiegia ematen diedala leporatzen dit. Ez dela hizkuntzalaria. Ez dituela apropos aukeratzen. Oraintxe bat etortzen zaiola eta hurrena, bestea. Nire ondorioak barregarriak direla. Batzuetan zer esan ez dakiela geratzen dela zer azterketa klase egingo ote diodan beldur. Zaila dela hitz bakoitzaren atzean intentzionalitate bat aurkitu nahi duenarekin bizitzea. Hitzak hitzak direla. Ez besterik.

      Era askotako hitzak daude. Ez diot inoiz izenordainena zehaztu. Ez nuke jakingo esaten zer kontatu zidan elkar ezagutu genuen egunean. Gogoan dut “ni” hainbestetan errepikatzen duen inor ezagutu gabea nintzela. Marratxo ikusezinak egin nituen airean esaten zuen bakoitzean. Harroxko maitagarri bat iruditu zitzaidan. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin aditzen bat geroaldian eta lehen pertsona pluralean jokatuko genuenik. Halaxe gertatu, ordea. Eta horretan ere izan zuten zerikusia izenordainek. Hurrengo hitzorduetan zu-k hartu zion gaina ni-ri. Dena izan zen zu: zu bezalakorik, zu bezain zoragarria, zure, zurekin, zuretzat, zuregana. Banekien aldi baterako izango zela. Eta hala ere.

      Gutxira bihurtu ginen gu. Ilusioak eta proiektuak gu-ka kontatzen hasi ginen, arrakastak eta porrotak gu-ka konpartitzen. Ez zuen luze iraun. Normala iritzi nion. Maitemintzeak ez du inor aldatzen. Ni handiei kosta egiten zaie ezkutuan bizitzea. Eta hala ere.

      Arazoak ez zituen ekarri izenordain bat edo beste lehenesteak. Haien erabilpenak baizik. Edozein galdera, iradokizun, irudipen, iritzi ni-tik erantzun, osatu, kontrastatu, eztabaidatu edo onetsi beharrean zu jaurtitzaileekin hasi zen. Labanak bezalako zu-ak. “Zuk beti uste izan duzu ni baino azkarragoa zarela”. Zorrotzak. “Ohituta zaude zu gauza bat pentsatu eta bestea esaten”. Mingarriak. “Erraz erabaki duzu zuk hori, nik halako bi irabazita”. Mendekuz edo gorrotoz pozoituak. “Zu sinistuta zaude zoragarria zarela, hori da zure arazoa”. Bereziki erasokorrak bihurtu ziren edozeri buruzko nire esaldia “zergatik” hasiz gero. Eta hala ere.

      “Zuek badakizue bost krisiaz” esan dit. Lagun bati deitu diot gaur gauerako tokirik ba ote duen galdetzeko. Maleta eta biontzat. Ni eta nire maletarentzat.