Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Sauna

 

 

ATZO

 

      — Beste segundo bat eta bertan ziplo eroriko naiz! Botilan eraman beharko nauzu etxera!

      — Ze esajeratua zaren, mattea!

      — Esajeratua? Esango didazu zuk ez daukazula berorik!

      — Eduki gabe!

      — Zer egingo duzu zuk hementxe bertan hiltzen banaiz?

      — Aurrena jantzi, behintzat. Ez duzu nahiko biluzik lurperatzea.

      — Inportako zait bost!

      — Ba, niri bai. Aurrena jantzi, eta gero hileta antolatu. A, eta zure amari abixatu. Urte pare batera.

      — Ze graziosoa. Ez. Benetan. Zer egingo duzu?

 

 

GAUR

 

      — Beste segundo bat eta bertan ziplo eroriko naiz! Botilan eraman beharko nauzu etxera!

      — Zerbait esan al duzu?

      — Ez. Bero egiten duela.

      — Ze esajeratua zaren! Ez dakit zer espero zenuen. Saunan gaude! Nik esanda etorri izan bagina epelak entzuteko nengoen.

      — Bero egiten duela. Besterik ez dut esan.

      — Ez. Hil egingo zarela esan duzu.

      — Eta hiltzen banaiz? Zer egingo duzu zuk?

      — Ez dakit zergatik tematzen zaren txorakeria horrekin.

 

 

BIHAR

 

      — Beste segundo bat eta bertan ziplo eroriko naiz! Botilan eraman beharko nauzu etxera!

      — ...

      — Nora zoaz?

 

 

ETZI

 

      Neskak esan dio hitz egiteko modu bat dela. Hitz egiteko bere modua. Beti hitz egin izan duela horrela.

      Mutilak aldaketez hitz egin dio. Gauzak aldatu egiten direla. Jendea aldatu egiten dela. Egoerak aldatu egiten direla. Iraganean jarraitzen duela leporatu dio. Izandakoan iltzatuta. Aldaketei beldurra balie bezala.

      Neskak ezin du ulertu. Maite ote duen galdetu dio. Erantzunik ezean, bigarrenez, beste era batera: bereganako sentimendua aldatu ote den.

      Mutilak esan dio: kontua ez da hori.

 

 

ETZIDAMU

 

      Ez dira saunara elkarrekin joango.

      Ez dira gehiago inora joango elkarrekin.

      Hori da kontua.