Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Emaila

 

Amets galduen kobazuloan, Cave of forgotten dreams ikusten ari nintzen bitartean gertatu zait. Bat-batean amesgaizto galduen kobazuloa hankapean zabaldu eta iraganera amildu banintz bezala.

 

      Denboran zehar izandako une zehatz baten flash izoztua da Chauvet leizea.

 

      Nire flash izoztuan zure ordenadorea ageri da piztuta. Egongelan jarri genuen hura. Eta buzoia pantailan. Beste hainbatetan bezala, itzali gabe alde egin berria zara. Asteburuko lantxo bat. Zehaztasun handirik gabe. Zerbait aldatu da, ordea. Begiratzeko tentazioa indartsuagoa da une honetan gure arteko konfiantza betirako urratzeko kezka baino.

      Errespetuzko harremana izan da gurea. Lehendabiziko arrakalak ez dira azaldu zaharrak. Sumatzen dut badela zerbait. Susmoa dut ez didazula esan nahi. Edo izan liteke zure kobazuloan eroso, zuk oraindik ezer ez sumatu izatea eta nire susmoa besterik ez izatea. Litekeena da. Baina azken orduko hainbeste joan-etorri. Eta etortzen zarenean ere, parte bat han nonbait utzita.

 

      Kobazulo hauetan gerta zitekeenari buruzko istorioak sortzea da gure lana.

 

      Narratzailearen ahotsa gutaz ari dela ematen du. Beti aipatzen zenizkidan haren pelikulatako narrazioak. Eta haren narratzeko modua. Zahartu zaio ahotsa, baina ez galdetzeko gogoa.

      Milaka urte dituzten marrazkiez ari dira. Aditu mota desberdinekin. Arrastoak aztertzea da egia ezagutzeko modu bakarra. Ikertzea. Ikastea. Ezagutu ezinak asmatzera eramaten gaitu. Emailak ez dira hormetan norbaitek noizbait egindako marrak. Ez dago istorioak sortu beharrik historia parean izanez gero. Pantailan irakurri nuen: “Maitea! Ez duzu sinistuko zer eskuratu dudan! Joyita bat. Bideoan eramango dizut asteburuan elkarrekin ikusteko”.

 

      Ez dugu iragana berreraikiko inoiz.

 

      Ez nuen irakurri behar. Ez nuen irakurri behar. Ez nuen irakurri behar.

      Baina irakurri egin nuen.

      Off-ak jarraitzen du orain milaka urteko gizakiari buruzko hipotesiak eraikitzen, kobazuloko zokoak erakusten dizkigun bitartean.

 

      Gu historiak harrapatuta gaude. Haiek ez.

 

      Irakurri nuen “Ez duzu sinistuko zer eskuratu dudan!”. Erraza izan zen zuretzat eskuratzea. Ez sinisteko moduan erraza.

      Telebistaz bota zuten iragarki batek izan zuen errua. Atentzioa deitu zidan: Europako hainbat film laburren emisioaren berri ematekoak zirela esateko bi polizia agertu ziren iruditan, “Egunon, zer moduz zaude?, egunon, zer moduz zaude?, egunon, zer moduz zaude?” errepikatzen. Txandaka. Behin eta berriro. Hainbestetan imitatu zenizkidan behin —ez dut gogoan non— jaialdiren batean ikusitako polizia greziar haiek! Eta hainbestetan kontatu zenidan pelikula! Segundo gutxitako irudi hura nahikoa izan nuen zure zuzendari fetitxearen film laburra ezagutzeko. Nik bakarrik dakit zenbat ahalegin egin zenituen gerora pelikula hura topatzeko. Eta eginahalak eginda ere ezin.

      Ez gara Chauvet leizean zeremoniak egiten zituzten tribuko kide, baina Youtubek izenik ere ez zuen garai hartan. Mezu elektronikoak erabiltzen hasi berriak ginen. Internet zer zen ez genuen oraindik usaindu ere egiten. Traste magiko bat zen orain hemen idatzitakoa oraintxe han jasotzea ahalbidetzen zigun hura. Eta bat-batean, zure pelikula telebistaz ematekoak zirela ikusi nuen. Ez nizun ezer esan. Bideo zahar bat bilatu, eta barruan zer zeukan begiratu ere egin gabe grabatzeko prest utzi nuen. Goizeko laurak eta zazpi minututan eman zuten: Letzte Worte. Azken hitza. 1968. urtekoa. Hamaika aldiz ikusia nuela iruditu zitzaidan. Irribarrez joan zitzaizkidan hamahiru minutuak. Fotogramaz fotograma kontatua zenidan. Banekien testigantza bati zein zetorkion segidan. Eta ze irudi.

      Gogoan dut zure irribarrea biharamunean bideoa oparitu nizunean. Ez zinen saltoka hasi oso goiz zelako.

      Gogoan dut “Ikusiko dugu?” galdetu nizula. Eta zuk, kortesiaz, “Jakina, ikusiko dugu itzultzen naizenean” erantzun zenidala. Asteburuko lantxoa tartean.

      Ezin izan zenion barruko pozari eutsi, ordea. Horixe baitu pozak: konpartitu beharra. Eta horixe zuen ordenadoreak paretari lotua zenean ere: momentuak berehalakoan konpartitzeko modua. Ordenadorea piztu eta asteburuan elkartzekoak zineten arren (hori ez nuen jakin itzali gabe alde egin zenuen arte) idatzi egin zenion: “Maitea! Ez duzu sinistuko zer eskuratu dudan! Joyita bat!”.

      Amets galduen kobazulo atarian agertzen den perfume egilearen usaimena nahi nuke, egia ezagutzeko inoren emaila irakurri beharrik ez izateko. Milaka urtetan iraungo du nire kontzientziaren hormetan gaizki egin izanaren arrastoak. Baina ez da arkeologorik hauek interpretatzen asmatuko duenik. Eta nik ez dut inoiz aitortuko. Inori ez. Ezta zure zuzendari miretsia kamera hartuta nire amets galduen kobazuloan agertuko balitz ere. Hari ere ez.

 

      Ez dut ezer esango. Ez, ez dut “ez” esango. Ezer ez dut esango. Ezer ez dut esan nahi. Ezertxo ere ez. Ezer ezer ezer ez. Hau da nire azken hitza.

 

      Azken hitzaren bideoa oparitu eta niretzat ez zen emaila irakurri nizun aste hartan bertan utzi nuen gure kobazuloa. Zure ordenadorea itzali ondoren joan nintzen. Ez zintudan gezurrak asmatzen gogoratu nahi asteburuko lantxotik bueltan. Eta batez ere ez nizun egia aitortu nahi.

      Ez dugu iragana berreraikiko inoiz.

      Historiak harrapatuta gaude.

      Werner Herzogek egiten dituen filmak ikusten jarraitzen dut nik.

      Ohitura zer den.