Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Profanazioa

 

Isilik egin dute etxerako bidea. Polizia-etxera joan da senarraren bila auzoko autorik goiztiarrenak esnatzen hasterako. Handik jaso zuen mezua gehienak lotan zeudela. Senarrak kalabozoan pasatuko du gaua. Profanazio delitua leporatuko diote.

      Blai eginda itzuli dira. Ez dira konturatu ere egin euria gogotik ari duenik.

      — Zer? Ez duzu ezer esateko asmorik?

      — Zer esatea nahi duzu?

      Esatea nahi luke zer arraio egiten zuen kanposantuan hilobi bateko lurra iraultzen. Zer zuen buruan. Zer pentsatzen ari ote zen belar txarrez jositako hilobia zulatzen hasi zenean. Ezer pentsatzen ari ote zen. Pentsatzen ote duen zerbait. Zer.

      Senarrak ere mutu jarraitzen du. Haren barruko ahotsak ez.

      “Profanazioa zer den badakizu? Delitua dela bai. Hori badakizu, noski...”. Gertakizunak irakurri dizkidate. Eguna, ordua, tokia, zertan ari nintzen. Hor altoa eman diet. “E! Ez dut sinatuko profanatzen ari nintzela esaten duen deklaraziorik. Belar txarrak kentzen hasi naiz, eta gero, ba, horixe”. Ea zerbait erantsi nahi al dudan. Arrazoiren bat, edo aitzakiaren bat? Zertan ari nintzen argitzeko bidea emango lukeena, epai bidean jarri aurretik. Hori ere gehitu dute. Ezetz nik. Eta ez dudala sinatuko profanazioarena. Hilobi bat zabaltzen saiatzea profanazioa dela. Ez duela beste izenik, beraz, hala geratuko dela deklarazioan. “Lehendabiziko aldia da?” galdetu didate gero. Eta erantsi dute: “Psikologoaren txostena lagungarri izango zenuke epaiketan”.

      Emazteak ez du ezer entzun.

      — Gaur? Juxtu gaur?

      Emaztearen gurasoek bazkaltzera gonbidatu dituzte astebururako. Berrogeita hamar urte ezkonduta. Senarra geratu da argazkiak ateratzekotan. Esku ona du horretarako.

      — Zer esango diegu? Esan! Zer esango diegu nire gurasoei? Ze, guk nahi edo ez, honezkero zabaldu da kontua.

      “Isilpean gordetzerik balego. Beste gauza batzuk bezala. Bolada txarrak, esate baterako. Zergatik egiten dugun larrutan. Noiz. Nola. Egin, ez bageunde bezala. Edo ez. Egin baino egon. Bizirik dauden bi lagunen arteko desioa gauzatzetik baino nekrofiliatik gertuago daude gure sexu-jardunak. Ez diogu inori esango. Inork ez du jakin behar”.

      Senarrak askotan pentsatu izan du gorpu batekin aritzearekin ez duela alde handirik izango. Ez du esango. Ez du nahi emazteak gaizki hartzerik. Hainbeste urte elkarrekin eta oraindik ez du lortu minaren esklusibitatea ez dela berea ulertaraztea.

      Bi ahotsek elkar entzungo balute sikiera. Baina errazago entzuten dira bizilagunenak. Sesioan ari dira.

      — Ez dakizu zer galdetu didaten.

      — Zer?

      — Nekrofilia zer den ba ote dakidan.

      — Eta?

      Gogoz ari du erauntsia. Bizilagunen eztabaida, berriz, baretu da. Barre ttikiak entzuten dira orain. Emazteak hitz egin du.

      — Badakit zer pentsatzen ari zaren...

      — Zer?

      — Txortaldi on batek konponduko duen ezer ez dagoela munduan.

      — Horrelako zerbait...

      — Izutu egiten nauzu.

      — Ondoko horiek lasaitu direla ematen du.

      — Kanposantukoa... ez zenuen... ez zenuen egingo... zuk... ez esan zuk...

      — Zer?

      — Ez dut pentsatu ere egin nahi! Gorpu baten bila ari zinen?

      Bozgorazko erantzunik merezi ez duten galderak. “Mesedez!. Ez dut gorpu batekin larrutan egin nahi! Ez zait halakorik inoiz burutik pasatu! Bizirik dagoen norbaitekin aritu nahi nuke”.

      Galderei ez erantzuteagatik egiten diren galderak.

      — Afaldu nahi zerbait?

      — Ez.

      — Seguru?

      — Pentsatu al duzu zer jantzi bazkaritarako?

      — Ez.

      — Txaketa bat erostea okerrago ez. Bihar bertan igual?

      — Igual.

      — Amak soinekoa eginarazi du. Gorri-gorria. Ondo ematen dio gorriak. Pozik dago argazkiak zuk atera behar dituzulako.

      Badaki. Ez dute halako argazkilari merkerik beste inon topatuko.

      — Zer? Ez duzu ezer esateko asmorik?

      — Zer entzun nahi duzu?

      — Egia.

      — Zer da egia?

      — Ez jarri filosofo orain! Ez ihes egin!

      — Ez, benetan. Zer da egia?

      — Euria ari du. Hori egia da.

      — Euria ari duela uste duzu. Hori da egia.

      — Entzun egiten dut.

      — Egia hori da.

      Emazteak barruko ahotsaren bolumena igo du, senarrak entzuteko moduan.

      — Egia. Ez dut besterik nahi. Lekukorik gabe. Aurreiritzirik gabe. Epairik gabe. Lerro artekorik gabe. Bigarren zentzurik gabe. Susmorik gabe. Gaizki ulerturik gabe. Interpretaziorik gabe. Uste okerrik gabe. Egia. Zergatik. Zertara.

      — Eta zergatik gaur, noski.

      — Baita hori ere.

      — Baita hori ere? Edo hori lehendabizi?

      — Ordena ez zait axola. Erantzungo didazu bazkaritatik bueltan. Ez diet gurasoei minik egin nahi. Bi egun dauzkazu erantzuna pentsatzeko. Ondo pentsatu. Edo ez da gehiago beste bazkaririk izango.

      Atertu duela ematen du. Senarrak argazki kamera hartu du. Euria egin berritan lapurtzen zaizkio gauari itzalik ederrenak.