Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Aterkia

 

—Ez dakit laguntzeko modurik izango ote zenukeen.

      — Zertan?

      — Galdutako gauzen bulegoan egiten dut lan. Gutun hau ekarri digute eta pentsatu dut beharbada zuek errazago bideratuko duzuela guk baino.

      “Probatu al duzu seilua jarri eta bidaltzea?” galdetzekotan egon zen postaria. Baina ume baten letra zuen gutunazalak. Emakumea umezalea izango zela pentsatu zuen. Gustatu egin zitzaion. Eta gutunazala beregana hurbiltzeko aitzakia izan zitekeela iruditu zitzaion. Hori ere bai. Begiratzeko moduagatik.

      — Nire kontu.

      — Bat zor. Galdutako gauzen bulegoan aurkituko nauzu.

      — Ahaztutako gauzen bulegoa behar luke.

      Irribarre egin zion emakumeak. Norberarena uste den pentsamendua ezezagun baten ahotan entzuteak sortzen duen konplizitatez.

      — Azaldu nahi duzunean!

      — Galtzen banaiz azalduko naiz beharbada.

      Azaldu zen denbora batera.

      — Aterki honek aste pare bat darama posta bulegoan, eta ez da inor azaldu galdezka. Badaezpada zuen bulegora ekartzea erabaki dut.

      — Aitzakia polita topatu duzu.

      — Ez da aitzakia: aterkia da!

      Beste behin azaldu zen emakumea posta bulegoan, ea gutun galduaren berririk izan ote zuten galdetzera.

      — Ez dute behintzat itzuli. Ez da seinale txarra.

      Galdutako gauzen bulegoan xamurtasunez begiratu zion emakumeak ehunka aterkiren artean postariak ekarritakoari. Ez zen inor agertu haren bila.

      Postaria ere ez galdezka.

      Denborarekin emakumeak ahaztu egingo du nork ekarritakoa den.