Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Telefonoa

 

Telefonoak jotzen duenean inor ez da sofatik mugitzen etxe gehienetan. Denek dakite bestaldean nahastutako jubilaturen bat, saltzaileren bat edo inkesta-egileren bat izango dela. Horregatik behar izan zuen denboratxo bat goizean goiz txirrin hots arrotz hura entzundakoan etxeko telefonoa zela jabetzeko. Bere etxekoa. Noiztik ote zegoen mutu gogoratu ezin zuen hura bera. Hartu zuenerako ez zen inor: ez nahastutako jubilatua, ez saltzailea, ez inkesta-egilea. Zapuztuta geratu zen aspaldiko partez bainordaka.

      Minutu parera deitu zioten berriro ere eta bigarrenez geratu zen hariaren bestaldeko erantzunik gabe, baina ez garaiz iritsi ez zelako, baizik eta deitzaileak ez zuelako hitzik esan han egon arren. Hitza ez da beti ezinbestekoa.

      Biharamunean ordu bertsuan esnatu zuen telefonoak. Eta bezperan bezalaxe ez zuen ezer esan bestaldekoak. Arnas hots arin batek salatzen zuen: han zegoen.

      — Berriz ere nahastu zara! —esan zion—. Nigatik ez kezkatu. Oraintxe jaikitzekoa nintzen. Faborea egin didazu.

      Haserretu zitekeen. Edo kezkatu. Edo biak aldi berean. Baina telefono dei batek ez duela berez kalterik egiten sinistuta, umoretsu erantzun zion handik aurrera goizeroko ezezagunari.

      Ohitura batzuek bizialdi bat baino gehiago behar dituzte errotzeko. Beste batzuek, aldiz, nahikoa dute behin errepikatzea ohitura bihurtzeko. Hala gertatu zitzaion deiarekin. Aste batzuetara iruditzen zitzaion betidanik esnatu izan zela ezezagunaren telefono deiari esker. Minutuak gorabehera, ordu berean jotzen zuen telefonoak. On egiten zion. Hori zen harrigarriena. Pozik jaikitzen zen norbait hura egunero berarekin akordatzen zela pentsatuta. Eta poza baino garrantzitsuagoa, itxaropena piztu zion. Egunen batean hitz egingo zion, eta argituko dena. Egun haren zain animoso joaten zitzaizkion egunak. Besteak urratsa eman bitartean, berak kontatu egiten zion. Hasieran, labur. Bezperakoaz, zehaztasun gehiegi eman gabe, badaezpada —ilusionatzea gauza bat da, burua galtzea bestea—, egunerako zituen asmoez edo baita goiko bizilagunarekin izandako azken tirabiraz —ezin zuten elkar ikusi igogailua jartzerakoan izandako gudaren ondoren— edo gosaltzen ematen zion tabernariaren azken berriez ere. Iruditzen zitzaion lagun ezezagunak barre txikia egiten zuela tarteka. Berak ez zion galderarik egiten. Asko frustratzen zuten airean geratutako galderek.

      Ezinbestean etortzen zitzaion tarteka ahotsik gabeko hura imajinatzeko tentazioa. Baztertzen saiatzen zen. Eskarmentuz zekien errealitateak antz gutxi izan ohi duela guk irudikatutakoarekin. Beraz, nahiago aurreiritzirik gabe.

      Deiaren arrazoiak asmatzen ere harrapatu izan zuen bere burua noiz edo noiz. Argi zeukan lehendabiziko deia nahastuta egingo zuela. Baina gero, zergatik jarraitu zuen? Grazia egin ote zion? Zerk? Eta ez bazebilen nahastuta? Norekin ari zen jakinaren gainean deitzen bazion? Ez zuen merezi galderetan katramilatzea.

      Bazekien etxekoengandik zer entzun beharko zuen: Zu seko jota zaude! Zure bizitza kontatzen diozu ezezagun bati? Ba al dakizu zenbat zoro dagoen bazterretan? Lasaiago zeuden haiek ezjakinean eta bera, zer esanik ez, deiena isilpean gordeta.

      Halako batean, gutxien espero zuenean —gauza gehienak gertatzen dira gutxien espero duzunean— hizketan hasi zitzaion. Hipotesi guztien artean huraxe zen ordura arte tokirik gabea: izutu egin zuen ahotsak. Ez zirudien pertsona batena.

      Moztu eta telefono konpainiara deitu zuen zenbakia aldatu nahi zuela esateko. Norbaitekin hitz egiteko hirugarren saiakera antzuan, kableari tira eta linea indargabetu zuen.

      Ez zuen etxeko telefonoaren beharrik. Total: nahastutako jubilatuek, saltzaileek edo inkesta-egileek bakarrik deitzen dute etxera.