Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Ezpainak

 

Ezpainak mugitzen ditu elkarren ondoan etzanda gaudenean.

      Soinutxoak egiten ditu batzuetan. Mmz mz edo tltlm prtlrrst. Baina oso baxu. Zentimetro batera zerbait-zerbait entzuteko moduan.

      Etengabe bere buruarekin elkarrizketan ari dela ematen du. Edo eztabaidan. Oraintxe alde, oraintxe kontra.

 

      Ezpainak irakurtzen ikastera animatu nintzen. Lehendabiziko egunean eskola kideen aurrean ikastaroan izena emateko bakoitzak bere arrazoiak aitortzeko orduan ezkutatu egin nuen nirea. Arrazoi profesionalak. Eskerrak ez zidan inork galdetu lanbideaz. Ezin nuen esan larrutan egin ondorengo hitz-aspertu hura obsesio bihurtzen ari zitzaidanik.

 

      Isildu gabe jarduten du. Egon izan naiz luzaroan begira. Eta hura berean. “Ezpainak mugitzen dituzu” entzun arte. Orduan eteten du bakarrizketa mutua. “Eta zer entzuten da?”. Soinutxoak batzuetan. Eta nik jakin egin nahi soinutxo haiek zer esaten duten. Jakin egin nahi zer pentsatzen duen larrua jo ondoren.

 

      Zer moduz galdetuz gero erantzun ederrak ematen dizkit. Ni pozteko pentsatuak. Ez nau asetzen, ordea. Badakit handia dela zurekin zoriontsu izan denak zurekin zoriontsu izan dela erakusteko ahalegina egitea bera. Baina ez dut ahaleginik nahi. Nirekin zoriontsu sentitzea nahi dut. Eta hori egiaztatzeko modu bakarra ezpainak irakurtzea dut. Inork ez du bere burua engainatzen.

 

      Uste baino zailagoa da ezpainak irakurtzea. Irakaslearenak ez direnean ia ezinezko. Saiatu zen hura ulertarazten ezpainekin ez dugula idazten. Gutxi gorabehera harrapatu behar direla mugimenduak. Asko aldatzen dela ahoaren forma tonuaren arabera. Hobea dela esaldi luzeei erreparatzea, hitz solteei baino, eta esanahiak kontestuaren arabera ulertzen saiatzea. Gehiago esango digula askotan aurpegiko keinu batek ezpain mugimendu jakin batek baino. Eta aholku orokor modura, ez lotsatzeko, eta esateko lasai hizketan ari zaigunari, mantsotzeko mesedez hizketa, guk ulertu ahal izateko. Azken aholkuak zapuztu zituen nire ametsak. Sekula ez diot halakorik eskatuko. Ez dit niri hitz egiten. Ez du nik ulertzerik nahi. Pentsamenduak iristen zaizkio ahoraino, eta hantxe geratu.

      Ikasitako apurrarekin saiatu naiz pare bat aldiz: ezin, ahaztu gabe, deituko, giltzak eta kaka zaharra, hitzok ulertu uste ditut. Ziurtasunik ez, ordea, eta batez ere, informaziorik ez. Halako zerrendekin sekula ez dut ondorio fidagarririk aterako gure jardunaz pentsatzen duenaz.

 

      Gaur kontatu egin diot beste kamioizale bati. Afal ondorengo zigarroa erretzen ari nintzen kabinara erretiratu aurretik eta su eske arrimatu zait. Nire ezpainei begira harrapatu dudalako hasi naizela uste dut hizketan. Eta ez dudalako gehiago topatuko ere bai. Kasualitate handia behar luke berriz ere atsedengune berean geratzea. Ez du nire bakarrizketa eten. Beste zigarro bat piztu dudanean, bere kamioiko kabina seinalatu dit. Bi izen ditu kristalean letra larriz alderik alde: Yevtsie i Kejan. Kamioizalea ez dago haiei begira, ordea. Ez ditu haiek gogoan ezpainak luzatuta edozein hizkuntzatan soinurik gabe ere ulertzeko moduko keinua egin didanean.