Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Belarria

 

Mutilak ez zuen musikari hitza aipatu. Jakintzat jo zuen neskak, esan zionean belarri fina izateak ahalbidetzen ziola hileroko soldata. Ez zion musikaz hitz egin. Beti gauez egiten zuela lan erantsi zuenean, ordea, bere ustea berretsita oheratu zen. Pozik. Musikari bat ezagutu zuen. Ilusionatuta etzan zen. Egunen batean espreski beretzat kantu bat (edo gehiago) sortuko zuen musikariarekin zuen hitzordua.

      Astebururako geratu baitziren.

      Belarri finaren aipamena ez zen ezerezetik sortu. Komunean egin zuten topo lehendabizikoz.

      — Inoiz entzun dudan oin hotsik erakargarriena da zurea —esan zion musikariak.

      Halakorik entzun gabea zen neska.

      — Axola zaizu niretzat beste joan-etorri bat egitea?

      — Axola zaizu komunetik bueltan bada? —pixaguraz akabatzen baitzegoen.

      Presaka sartu zen komunean. Zalantza sortu zitzaion presak bihurtu ote zion oin hotsa hain erakargarri.

      Ezetz argitu zion gero musikariak. Ez zela erritmoa haren arreta erakarri zuena. Ibilarazi egin zuen.

      — Ez da ba izango oinetakoengatik?

      Erantzarazi egin zizkion mutilak. Oinutsik ez zuen halako hotsik ateratzen. Eta hala ere:

      — Ez nenbilen oker. Gutxitan huts egiten dit belarriak.

      Paseatzen igaro zuten gaua. Espaloietan eta hondartzan. Belarretan eta harri-txintxarretan.

      — Harritu egingo zinateke oin hotsek pertsonari buruz zenbat esaten duten.

      Hormigoizko eskaileretan gora, harrizkoetan behera.

      — Nireek zer esaten dizute ba?

      — Suertekoa naizela zu ezagututa.

      Orduan kontatu zion belarri fina ezinbestekoa zuela bere lanbidean eta beti gauez lan egiten zuela.

      Biharamunean ispilu aurrean atzera eta aurrera ibili zen neska. Oinetako desberdinekin. Oraintxe pausaje geldoan, oraintxe pausaje sendoz. Baita saltoka ere.

      — Lurzorua zulatuko duzu, umea! —izutu zen ama, alabari ibiltzeko sartu zitzaion furia hark harrituta.

 

 

Ordua baino lehen iritsi ziren hitzordura. Urrutitik ikusi zuen. Musikari aulkian eserita zeukan zain. Begiak itxita. Arrimatu zenerako zabaldu zituen irribarrez.

      — Seguru nengoen zu zinela. Ez dut batere zalantzarik izan.

      Bata bestearen ondoan, belarria bihotzaren gainean jarrita pasatu zuten ia arratsalde osoa. Elkarrena entzuten.

      — Soinu zoragarriak egiten ditu zureak.

      — Zertan dira zoragarriak?

      — Ez da erraza esplikatzen.

      — Ez diot ba nik zureari musikarik topatzen. Tap-tap txiki bat besterik ez.

      — Desioaren musika ulertzen ez dakizun seinale. Jarriko zara.

      Halako gauzak esaten zizkion. Eta bai. Musika hitza agertu zen bien arteko solasetan. Ez espero bezala, baina denbora kontua zen.

      Ezpaina ezpainaren kontra ezin izan zuten muxuen musikaz hitz egin. Baina adi egon zen neska, inoiz ez bezala, zaratatxoak aztertzen. Ez zitzaizkion oso atseginak iruditu, baina bere musikariak merezi zuen hainbesteko ahalegina.

      Lagunei jakinarazi zien ezagutu berri zuen musikari batekin txoratzen hasita zegoela. Mezu zaparrada jaso zuen bueltan: denek jakin nahi zuten nor zen, ze taldetakoa, gitarra jotzailea edo abeslaria ote zen, eta batez ere, ezaguna al zen. Oraindik ezetz erantzun zien. Baina zerbaitek esaten zion urrutira iritsiko zela. Izar handiek bezala hitz egiten zuen. Inoiz entzundako gauzarik ederrenak esaten zizkion. Eta benetako izarrak bezain umila zen. Sortzen zuen musika ere ez zion aipatu. Ez eta taldearen izena ere. Nahiago zuen belarria bere oin hotsetara, bihotzera, sabelera jarri, handikeriatan hasi baino. Artistak halakoa behar zuen. Bere mundu propioaren babesle. Seguru zegoen ez ziola ezer esango beretzat kantu aproposa egin arte. Orduan kontatuko zion dena. Une harekin amets egiten zuen neskak.

      Nolanahi ere ez zuen presarik. Ez du erraza behar kantu bat egiteak. Lagunak zain zeuden, ordea, eta berantetsita galdera bera errepikatzen zioten momenturo: eta zure kantua? Eskaini al dizu? Zure izena jarri al dio? Zintzilikatuko duzu youtuben, ezta?

      Berriro ezetz ez erantzuteagatik egin zion hitzerdi musikariari.

      Elkarrizketa honako hau izan zen hitzez hitz.

      — Lagun guztiak jakinminez dauzkat zure lanbide misteriotsu horrekin...

      — Misteriotsua? Ez da ohikoena, baina misteriotsua denik ere ez nuke esango —(Ze diskretoa!).

      — Eta zergatik ez nauzu egun batean gonbidatzen? Gauak libre ditut nik. Hartara neuk erabakiko dut misteriotsua den ala ez.

      — Gonbidatu lanera? Lanera etorri nahi al duzu nirekin? —(Ze apala!).

      — Gustura joango nintzateke, bai.

      — Ez dakizu zer esaten ari zaren. Aspertu egingo zara —(Ze ulerkorra!).

      — Ez dut uste.

      — Nahi duzun bezala. Klaustrofobiarik ez daukazu, noski... —(Ze atentoa!).

      — Nik dakidala ez.

      — Arazorik ez orduan. Hiriko zulo guztiak korritzen ditugu. Hori esan beharra daukat —(Ze lotsatia!).

      — Ezagutzeko irrikan nago. Ze paper jokatzen duzu zuk taldean?

      — Arduradun bat daukagu. Baina denok gara beharrezkoak. Bakoitzak egiten du bere ibilbidea —(Ze sintzeroa!).

      — Baina elkarrekin.

      — Hori da. Emaitza onak lortzeko elkarrekin jardun behar —(Ze zentzuduna!).

      — Zein da zure instrumentua?

      — Belarria nagusiki. Ez da sekretua, ezta? —(Ze zoragarria!).

      — Ez, baina belarriaz gain?

      — Kaxa bat ere erabiltzen dut. Bibrazioak jasotzen ditu. Erakutsiko dizut nola funtzionatzen duen —(Ze begiak!).

      — Denen aurrean?

      — Bai, jakina —(Ze ezpainak!).

      Elkarrizketa hau izan ondorengo egunetan bere burua irudikatu zuen zulo haietako batean, fokupean. Argiaren kolorea aldatuko zioten bere musikariari, zaleei mesedez isiltzeko eskatu eta kantu berri bat aurkeztu nahi ziela esaterakoan. Kantu berria eta berezia, munduko oin hotsik erakargarriena zuen neskarentzat espreski egina. Eta bateria astintzen hasiko zen. Bere kaxa bibratzailea. Begira. Ez zuen espero bateria izatea. Ustekabean harrapatu zuen aitorpenak. Gitarra jotzaile ikusten zuen. Baina ondo pentsatuz gero hobeto zetorkion bateria. Irudikatze hutsarekin hunkitzen zen. Ensaiatu beharko zuen ze aurpegi jarri momentua iristen zenerako. Edo beharbada ez. Gertatzen utzi.

      Jantzi egokia aukeratzeko ere egunak behar izan zituen. Ezin erabaki. Ez zen nabarmenkerien zale, baina jarraitzaileen aurrean ez zuen pertsona korriente bat bezala agertu nahi. Eta batez ere, musikaria harro egotea desio zuen. Kantu berria egiten pasatako denborak merezi izan zuela sentitzea. Ezin zion hutsik egin.

      — Ze dotore! —txistu egin zion elkartu zirenean—. Dotoreegi ez ote zaren jarri estolda zuloetarako.

      — Talde ospetsuak ere zuloetan hasitakoak dira. Ez kezkatu horregatik.

      — Txantxa zen, izango dugu zuretzako moduko buzoren bat.

      Buzoaren aipamena ez zuen ulertu, musikaria taldekideekin elkartu eta buzoak partitu zituzten arte. Handi xamarra geratzen zitzaion aukeratu ziotena, baina galtza barrenak jiratuta balekoa zen. Uniforme originala iritzi zion. Musikaren langileak ziren haiek. Arrakasta lantzen hasi berriak.

      Estolda-zulotik behera jaitsi zirenean ere, estolda-zulotik behera jaisten ari zirela jakitun, ez zuen baztertu bide hura musika lokalen baten atzeko aldera azaltzeko izango zen ustea. Hain zen zirraragarria.

      Hiriaren azpira iritsitakoan eman zizkion musikariak ordura arteko argibiderik zehatzenak.

      — Adi hemendik aurrera. Adi, eta isilik. Isiltasuna beharrezkoa da ur-hodietako isuriak entzuteko. Hoditerian matxura larriak gertatu baino lehen antzematea da gure ardura, eta triskantzaren bat gertatu baino lehen konpontzeko modukoak diren bitartean hautematea. Entzuten? Zurrumurru hori urak egiten du. Hodi guztiek ur-soinu bera dutela irudituko zaizu gaur, baina denborarekin ikasiko zenuke zuk ere bereizten. Eta gure belarrietarako ia entzunezinak direnak bibrazio kaxa honek erakutsi egiten dizkigu. Guretzat entzunezina dena pantailan agertzen da. Ikusten? Ez da hain misteriotsua, konturatuko zarenez, baina gustatzen zait zuri hala iruditzea. Inork ez zidan orain arte zurea adinako interesik agertu. Zatoz. Jarri belarria hemen. Ea zer entzuten duzun!