Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Gonbita

 

— Amak deitu dizu.

      — Etxera?

      — Etxera, bai. Ez omen diozu mobila hartzen.

      — Mobila hartzeko moduko eguna izan dugu ba gaur!

      — Galdetu dit zer egiten dudan nik zure etxean.

      — Eta?

      — Ez dut jakin zer erantzun.

 

      Badakizu? Lantokian azaldu zitzaidan behin zure ama. Ez nintzen jabetu nor zen parez pare jarri, goitik behera aztertu eta hizketan hasi arte.

 

      — Igandean azalduko ote naizen jakin nahiko du.

      — Ez diezu oraindik ezer esan gureaz, ezta?

 

      “Zu zara orduan semea lapurtu didan autobus-gidaria”, esan zidan. Aurrez aurre ezagutu nahi ninduen. Espero zuena: neska polita, hala esan zidan, polita naizela. Bere seme ameslaria itsutzeko adinakoa. Hainbeste imajinatzen omen zuen. “Ageriko edertasunak iraupen laburra du, ordea”, gehitu zuen.

 

      — Aita suspertu bezain pronto kontatuko diet. Desiratzen nago. Pattal xamar dago oraindik.

      — Eta ez diozu beste disgusturik eman nahi.

      — Ulertzen duzu, ezta, laztana?

      — Erantzi arropak. Irten baino lehen labadora jartzea komeni zaigu.

 

      “Halako etorkizun ederra izan zezakeen mutila, eta begira! Supermerkatu ziztrin bateko almazenean konforme, aizu. Aitak hiriko bulegorik onena erosteko modua izanda. Abokatu bikaina izango zena. Baina, aizu, almazen eskas horretako gauzek ere lehentxeago edo beranduxeago topatzen omen dute beren apala. Hala esaten du gure semeak. Hark esaten badu hala izango da”.

 

      — Hemen geratzen bagara?

      — Eta antzerkirako sarrerak?

      — Nik gusturago ikusiko nuke pelikula bat, sofan. Biok bakarrik. Aukeratu zuk.

 

      “Buru argia du. Hori ez du momentuko itsutasunak aldatzen. Eta aizu, nik ere ez dut itxaropena galduko: aurkituko du berak ere apal egokia lehentxeago edo geroxeago. Bitartean, etor zaitezke etxera bazkaltzera. Hilean behin, nahikoa”.

 

      — Deitu egin beharko diot.

      — Ez zarela joango esateko?

      — Urduri egongo da gajoa.

      — Igandekoa gogoan duzu?

      — Ea zer behar duen.

      — Badakizu zer nahi duen.

      — Ez haserretu, laztana. Aita sendatutakoan esango diet eta elkarrekin joango gara. Pazientzia pixka bat besterik ez dizut eskatzen.

 

      Ez nion ezer erantzun.

      Zuri ere ez nizun esan. Hark ere ez gonbidatu ninduenik.