Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Laguna

 

Lagun batekin afaltzen izan nintzen denbora asko ez dela. Beti bezalakoxea zegoela esanda besarkatu nuen. Ez garela gazterik hilko onartzen dugun adin horretatik aurrera horixe da lagunok elkarri esan geniezaiokeen gezurrik xamurrena. Beti bezalakoxea. Izenondorik gabe. Arriskutsuegiak bihurtzen dira denak. Edozeinek honda dezake mezua. Eta ondorioz, afaria.

      Gezurra ere ez zen. Beti bezalakoxea zegoen, itxura gorabehera.

      Gaiztakeriatan hustu genuen ardo botila, ez genuela gehiago egingo hitz emanarazten nion arren aldiro. Aje handia uzten du gaiztakeriak.

      — Zerotik hasterik balego... —bota zuen azkenean.

      Ez zen lehendabiziko aldia. Esaldi haren ondoren etortzen zen azken abenturaren amaiera patetikoaren kontakizuna. Negarrez bukatzen zuen eta nik barrez. Gero eskura zeukan edozer botatzen zidan harrika, “Zurekin ez dago serio hitz egiterik”, eta “Zer?, gintonica?”, galdetzen zuen serbilletarekin malkoak lehortu ondoren.

      — Zerotik hasterik balego...

      Ez zuen segi, ordea.

      Ez zen zotinik izan, ez aldiro harritzen nauen negar-jario ikusgarririk, ez “rimela korritu zait?”rik. Isilik geratu zen. Eta ni, tuntun halakoa, bikiak unibertsitatean matrikulatzeko pasatutako tripako minei buruzko amaierarik gabeko bakarrizketa batean murgildu nintzen.

      — Asko akordatzen naiz zure esaldi famatu hartaz —erantsi zuen, ura behar nuela-eta isildu nintzenean.

      Ez nekien ze esaldiz ari zen.

      — Zure gidoia ondo interpretatuko duen protagonista topatzeari deitzen diozu zuk maitasuna, akordatzen?

      Une hartan ez nuen gogoan. Baina hala uste dut oraindik.

      Ez genuen gintonic-ik eskatu.

 

 

Haren anaiak idatzi dit goizean bihotzekoak eman diola jakinarazteko. Ez dakitela aterako ote den. Eta ateraz gero ere.

      Inguratu egin behar nuke, esaldiak bigarren zatia duela argitzera: “Horregatik uste duzu gehiegitan maitemindu zarela eta gutxiegi maite izan zaituztela. Juxtu aldrebes denean”. Baina ez da momentua.

      Hurrengo afarian.