Poesia kaiera
Poesia kaiera
Chuya Nakahara
itzulpena: Hiromi Yoshida
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-03-7
Chuya Nakahara
1907-1937
 
 

 

Bizitzaren ahotsa

 

 

                                          Lan oro zurbil ageri da eguzkiaren pean.

                                                                                          Salomon

 

 

 

                           I

 

Bachekin eta Mozartekin gogaituta nago jada.

Jazz zoriontsu kaskarinaz ere aspertuta nago.

Ortzi atertu berri, lainotuaren peko treneko zubi bat bezala bizi naiz,

nigana jotzen duena bakardadea da beti.

 

Ez nago hala ere bakardade horretan murgilduta erabat.

Gauza baten bila nabil, etengabe nabil gauza baten bila,

zirkinik egin gabe, baina eroapena galduta zeharo.

Horregatik, nahiz jateko eta sexu gose izan, ezin dut ase gogo hori.

 

Eta hori zergatik den ere ez dakit garbi. Inoiz ez dut aski argi izan kontu hori.

Ez dut uste bi gauza direnik bakarra baizik.

Eta hori zergatik den ere ez dakit garbi. Inoiz ez dut aski argi izan kontu hori.

Hori jakiteko ausazko erarik ez dut asmatu oraino.

 

Noizbehinka neure buruari galdetzen diot iseka egin nahirik bezala:

“Emakumea ote da hori? Gozo-gauza ote da? Ospea ote da?”

Orduan nire bihotza oihuka hasten zait: “Ez bata eta ez bestea! Ez bata eta ez bestea!”

Hortaz, zeruko kanta bat ote da ba?

Goizez ortzian gora entzuten den zeruko kanta bat ote da?

 

 

                           II

 

Ez, ez, ezin da edozein modutara egin!

Inoiz izaten dut azalpen labur batez jo eta pasa egiteko gogoa, baina

nire bizitzak azaltzen zaila izan arren, hainbeste merezi duelakoan nago.

Hori da errealitatea! Hori da zoriona! Gauzak diren bezala agertzea!

 

Jakinaren gainean edo jakiteke, gauza berbera nahi dugu denok,

eta hori ezin lortu da elkarren lehia nagusi den artean;

gauza berbera desio dugu denok,

baina hori osorik inork ezin du lortu mundu honetan gauden artean:

kezkarik gabe bizitzea esaterako.

 

Beraz zoriona irabazirik gabeko kontuen eremuan badago,

eta merkatari azkarrek “ergel izatea” irizten badiote horri,

oso bidegabea da bizi ahal izateko jan egin behar delako kontua ere.

 

Baina horrelakoa da mundua, eta munduan gu;

bidegabe hori ez da funts gabea, hala ere, gu geu ere ekai horretatik osatuak baikaude

eta, beraz, mundukoon artean muturreko alderik ez denez,

on genuke kera egin eta hartzea atseden.

 

 

                           III

 

Beraz garrantzitsuena pasioaren gorabehera hori da.

Hi, benetan haserre bahago

sumindu hadi!

 

Hala ere haserretzea

ez da helburua,

ez da egoki hori ahaztea!

 

Pasioa jaitsi egingo da denborarekin,

baina ez da guztiz galduko gizartearengan haren indarra,

eta hurrena beste bide bat hartu nahi bada, gerta daiteke eragozgarri.

 

 

                           IV

 

Ilunabarrean, zeruaren azpian, gorputza besterik ez naizela sentitzen badut ezin naiz ezertaz kexu izan.