Poesia kaiera
Poesia kaiera
Chuya Nakahara
itzulpena: Hiromi Yoshida
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-03-7
Chuya Nakahara
1907-1937
 
 
Hitzaurrea
Beñat Sarasola

 

      Bilduma honen borondatea hasieratik izan da munduko poeta apartekoenen euskaratzea, mundua zentzu zabalenean ulertuta. Eginahal horretan beste urrats bat dugu honakoa, Asiako poeta baten lehen itzulpena egin baitu Hiromi Yoshida irakasle eta itzultzaileak.

      Yamaguchin jaioa 1907an, ez zen poeta loriatua izan bizirik zela, baina gaur egun bere garaiko poeta japoniar handienetakoa dugu. Garaiko onarpen faltagatik eta gazte hil izateagatik —30 urte zituela meningitis baten ondorioz—, poeta malditoen kategorian sartu izan dute batzuek. Malditismo horrekin lotu daiteke halaber Nakahararen poemetan zehar aski presente dagoen alkoholaren eta parrandaren gaia, Udako gaua hirian alean ikus dezakegun moduan. Bohemiarekiko halako jaidura sumatzen da momentu horietan, ahots poetikoak “beti-kontra hutsa” izatea aitortzen duenean esaterako. Ez da harritzekoa, beraz, Nakaharak poeta sinbolista eta surrealistak miretsi izana, ezagun denez, haiek ere ez baitziren berehalakoan onartuak izan garaiko akademian. Charles Baudelaire eta Paul Verlaine agertzen dira aipatuak poemetan, Kobayashi Hideo kritikariaren bidez ezagutu zituenak Rimbaud eta beste zenbaiten artean. Sinbolismoaren lerro hori agerikoa da Nakaharak sarri erabiltzen duen hizkuntza poetikoan, termino urrunen arteko elkartze eta irudi harrigarriekin (“aingeruak saskibaloian jostari”). Horietaz landa, azpimarratzekoa da halaber Takahashi Shinkichi poeta dadaistarengandik jasotako eragina. Hari jarraiki utzi omen zion tanka poesia mota idazteari eta hasi zen bertso librean eskribitzen. Nolanahi den, poesia japoniar tradizionalaren arrastoa ere nabari da bere poemetan. Alde batetik, poema batzuetan (Gerraren Kaleko erosta-kanta poemako IV zatia, Elurpeko arratsean) 5-7 silabako lerroak erabiltzen ditu, hala tanka nola haikuan erabiltzen den neurria alegia. Bestetik, haren poemetarik hainbat (Choomonkyooko arroila neguan) postal modukoak ditugu, istant baten erretratu poetiko labur-zehatzak, eta nahiz eta ez egon emanak neurri klasikoetan, poesia tradizional horren usaina aditzen da berehala. Deigarria da halaber poemetan azaltzen den denboraren kontzientzia; gauzen ahitzea eta denboraren igarotzea gai nagusietakoa da, eta esaterako, sarri erabiltzen ditu urtaroei egindako erreferentziak.

      Arestian aipatutako tradizio mendebaldarraren arrastoa, bestetik, poema askoren tonu eta giro poetiko malenkoniatsuan ikusten ahal da halaber. “Aspermena”, “ganora-eza”, “tristezia lohitua”, denak ere bizitza modernoaren hutsalaz edo existentziaren absurduaz ohartutako poeta europar batek idazten ahal zituen terminoak dira. Gaur egunera arte iristen den nagikeriaren esperientzia ezin hobeki adierazi zuen Akidura poeman, eta oro har, ez zuen esperantzarako eta festa-bozkariorako tarte askorik utzi bere poesian: “Norbere buruari eustea, horrekin da aski!”. Haatik, edertasunarentzako tarterik ere bada Nakahararen poesiagintzan; ez alferrik, ilargia da haren irudi kuttunetarik. Lerro borobilez (“Ilargia, bere borreroen eskuen zain dago”) gainera, aski baliotsuak dira haren maitasun poemak (Michiko esaterako), nahiz eta poema batean ni poetikoak aitortu zuen genero horretako poemak “zaborraren pareko” zirela iruditzen zitzaiola behiala.

      Bi liburu argitaratu zituen Nakaharak, Ahuntzaren kanta, eta hil-hurren plazaratutako Bizi izandako egunen kanta, zeina bi urterekin hil zitzaien seme Fumiyari dedikatua baitago. Antologia honetan Herabetasuna poema artekoak dira lehen liburukoak, eta hortik aurrerakoak bigarrenekoak.