Poesia kaiera
Poesia kaiera
Chuya Nakahara
itzulpena: Hiromi Yoshida
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-03-7
Chuya Nakahara
1907-1937
 
 

 

Udazkena

 

 

                           1

 

Atzo arte sutan zen zelaia,

gaur mugagabe hedatzen da ortzi lainotsuaren pean.

Udazkena sakonagoa dela diote euria egin arau.

Jada kantari ari dira udazken-txitxarrak,

belardiko zuhaitz batean.

 

Pipatzeari ekin diot, kea

sigi-saga doa aire geldian gora.

Ortzimugari so jarri nahi, baina ezin,

eseri eta zutitu baitabiltza ganduaren mamuak.

Ni nahigabe, kukubilkatu egiten naiz.

 

Ortzia, urre ilunaren koloreko, lainotuta dago, —ez da gauza berria—.

Sobera garai denez, nik, nahigabe, makurtu egiten dut burua.

Asperrez etsirik bizi naiz,

tabakoari hiru bat zapore hartu dizkiot...,

heriotzarena ez legoke urrun…

 

 

                           2

 

“ ‘Tira ba, agur!’ esanda,

letoi distiradun irribarrea ezpainetan,

alde egin zuen ate hartatik.

Irribarre hark ez zirudien bizirik dagoen batena.

 

Urmael gardenen kolorea zuten haren begiek.

Hitz egiten zuenean, beste mundu batetik ari zela ematen zuen.

Buztan motzeko perpausez esan ohi zituen gauzak.

Garrantzirik gabekoak gogoan gordeta”.

 

“Bai, halakoxea zen. Jakingo zuen heriotza gertu zuena, beharbada?

Duela gutxi, izarrei begira barre egiten zuen, ‘Izar hori ni bihurtuko da’ esanez.

 

………………………………………………

 

Duela gutxi, bere geta-eskalapoiez hizketan, zioen ez zirela bereak inondik ere”.

 

 

                           3

 

Belarrak ez zuen zirkinik egiten,

Pinpilinpauxa bat hegan zebilen gainean.

Yukata kimonoa jantzita, ataurreko oholtzatik begira ari zitzaion.

Ni, honantzago nengoen hari so.

Hark, berriz, ez zeukan begirik pinpilinpauxa horiarentzat baino.

Tofu-saltzaileen txistua entzuten zen han-hemen,

Argindar-zutabe hura nabari zen arratseko ortzian,

“Nik”, jiratu zen nigana, eta, esan zuen,

“Nik atzo 110 bat kiloko harri etzana zutika jarri nuen”.

Eta galdetu nion, “Hara! Nolatan baina? Eta hori non?”

Orduan, begietara bekoz beko so egin zidan,

Haserre balitz bezala… eta, ai! beldurra izan nuen!

 

Hil-hurren denaren jokabideak bitxiak izaten dira, ezta …?