Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

SAGARRAK

 

Homerok hitz bakarra zerabilen

gorputza eta azala izendatzeko.

Safok lagunen bularretan hartzen zuen lo.

Etxeparek emazte biluzgorriekin egiten zuen amets.

 

Aspaldi isildu ziren denak.

 

Gaur badirudi perfektuak izan behar dugula ohean ere,

supermerkatuko sagar gorri horiek bezala,

perfektuegiak.

Larregi eskatzen diogu geure buruari

eta norberaz, ondokoaz

espero duguna ez da ia sekula gertatzen.

Legeak bestelakoak dira gorputzak korapilatzean.

 

Homerok hitz bakarra zerabilen

gorputza eta azala izendatzeko.

Safok lagunen bularretan hartzen zuen lo.

Etxeparek emazte biluzgorriekin egiten zuen amets.

 

Gogoan dut oraindik

elkarri besarkatuta lo egiten genuen garaia,

tigrekume ikaratiak gu, gaubeilan.

 

 

 

© Kirmen Uribe

 


www.susa-literatura.eus