Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ARIMA GAIZTOAK

 

Amaren amona hartu dut gogoan.

Bazuen arima errarien berri.

Bazekien, goizean suaren hausterreei erreparatuz gero

gauez arima gaiztoak ala parte onekoak ibili ziren.

 

Behin, baltseotik bueltan,

etxetik kanpo aurkitu zuten amak eta ahizpek.

Etxera ez sartzeko agindu zien,

kamisoia soinean eta argizaria eskuan,

han barruan arima gaiztoren bat zebilelako.

 

Oheko maindireei erreparatu diet goizean.

Zure usaina darie eta zure zainetako ur arrastoak dituzte.

Zure arimaren aztarnak.

 

Gaiztoa ala parte onekoa zen ez dakit.

Horregatik, erritu zaharrak artoski errepikatuz,

bart entzun genuen musika jarri dut berriro,

eta ohera sartu ezari-ezarian.

Maindireak estutu ditut nire kontra,

azala laztandu,

eta gogora ekarri ostera ere, bata bestearen atzetik,

bart gaueko mugimendu oro.

 

Izan dut zure arimaren berri.

Zalantzarik gabe, gaizto horietakoa da.

 

 

 

© Kirmen Uribe

 


www.susa-literatura.eus