Belaontzia
Anneliri iruditzen zitzaion Telmok ez zuela belaontzia sekula amaituko. Egurrari eitea ematen zion bitartean, tabernatik aparte mantentzen zen, gutxienez. Bi garagardo baino ez zituen hartzen lanetik irten eta portu zaharraren ondoko estalperako joan-etorrian: bi joaneran, beste hainbat itzulerakoan. Egun argiz, garagardo argia; ilundu bazuen, beltza. Nork bere era dauka naturarekin bat izan eta harremanetan sartzeko. Batzuetan, beretzat ez ziren egurrez kargatutako kamioiak pasatzen ziren errepide ondotik, eta enbor haietarik bere ontziaren popako gilaordea, zuakerrak edo karel-errematea egiteko egokiak zeintzuk ote liratekeen hausnartzen zuen Telmok, beste zenbaitek sekula biziko ez diren etxeetan zer konponketa egin amesten duten modu berean.
Annelik jada ez zion galdetzen noizko. Telmok ere ez zion galdetzen non. Non egoten ote zen bera egur-lanean zebilen bitartean.
Txirbilaren usaina gustatzen zitzaion Anneliri, eta Telmoren zapatetako zerrautsa tabernan ez beste edozein lekutan erantsitakoa izatearekin konformatzen zen, haren izerdia lekuko. Ariketa nork bere kasa egin eta elkarren izerdia usaindu. Bikote bizitza.
Telmok aroztegitxoa moldatu zuen estalpean, zerrategikoek utzi zioten zintazerra zahar eta guzti. Bere hatzetara eginak zeuden heldulekuak zituzten erremintak zeuzkan han, horma-erloju atzeratu bat zegoen, pattar marka baten izena leku seinalatuan zuena, eta denok erretzaile ginen garaian paretan itsatsitako debeku ohar zurbilkara, Realak 1981eko liga irabazi zueneko posterraren ondoan. Gainerako horma guztiak arkatzez egindako planoz josita zeuden. Anneliri, estalpean izan zen azken aldian, gilaren gainean elkarzut jarritako zuakerrak ikustean, bale ttipi baten hezurdura begitandu zitzaion belaontziaren egitura. Ebatzi zuen, inondik ere, ontzi hura orduantxe zegoela osatuen eta ederren, ez zela sekula bukatuago egongo. Hezur haiek itsuste prozesu baten hasiera baino ezin zitezkeela izan. Ontzi baten eskeletoa ezin duela krosko amaituak eta masteria osatuaren gorputzak hobetu. Horrek zer pentsa eman zion giza gorputzaren etorkizunaz. Eta baita hil ostean bere burua errautsarazteko hartuta zeukan erabakiaz ere.
Zapal samarra geratu zitzaion, baina gozoa. Telmok ez zeukan zertan hain zakar mintzatu:
— Zer da hau?
— Gaur zerbait berria egiten saiatu naiz.
— Ba ez zaizu atera.
Ez zen errua baina bazen, Sandrorekin egon ondoren bere senarrarentzat sukaldaritza errezeta berriak egitera eramaten zuena. Itsaskiz betetako bi krepe eta hiru souffle geroago jabetu zen bere burua gutxietsi eta Telmo iraintzeko modu bat baino ez zela hura, eta harrika bota zuen ustez-errazak-ziren-errezeten liburua.
Telmok gitarra erosi zuenetik, gero eta ordu gehiago ematen zituen estalpean. Gaizki jo eta okerrago abesten zuen, baina bost axola: nazkatuta zegoen abil zen gauzak egiteaz. Izatez, komeni zen argi ibiltzea ongi egiten zenituen gauza haiekin, arriskua baitzenuen zeure bizitza osoan besterik ez egiteko. Norentzat hasi zen belaontzia eraikitzen, funtsean? Beretzat, ala Annelirentzat? Bientzat, agian? Zergatik benetako belaontzi bat, zer erakutsi nahi zion eta nori? Zergatik ez ontzien maketekin konformatu, beste asko bezala?
Sandrok guardiaren aitzakiarekin astebete telefonoari erantzun gabe daraman gau batean, rooibos bat eskaini dio Annelik Telmori.
— Nola doa belaontzia?
— Orain belaontzia interesatzen al zaizu?
Patrikako telefonoarekin ateratako argazkiak erakutsi dizkio Telmok, gogo txarrez. Harritu egin da Anneli. Kroskoa amaituta dago. Ontzi-bizkarra ere bai.
— Oso aurreratua daukazu. Badauka izenik?
— Ez oraindik.
“Denbora izan duk, bada, pentsatzeko”, otu zaio Anneliri, baina berdin otu dakioke Telmori, “Hik ere bai, galdetzeko”. Kutxa batean gordeta, altzairu herdoilezinezko hainbat hizki zeuzkan molde bezala erabiltzeko, ez alfabeto osoa, ordea. “I” hizkia ez zeukan, esate baterako, baina “N” letraren makiletako batekin aise konpon zezakeen hori. Frogak ere egiten zituen lehen tarteka letra-zopa harekin. Kontua zen, behiala pentsatutako izenak ez zuela jada balio. Usteldu egiten dira ideiak garaiz gauzatu ezean. Irauten ikasi behar, usteldutako ideien orbeletik sortzen den ore horrek ito gabe. Eta hor onik ezer izan daitekeela sinetsi. Bada onik zerbait, agian.
Aspaldi ilundu du eta Telmok ez du edalontziko infusiorik dastatu.
— Ez dauka teinarik.
— Baleuka ere. Guinnessik ez al da gelditzen?
Kalean doala Sandro eta Anneli ikusten dituenean kristalaz bestalde taberna irlandarreko argi laranjaren babesean hizketan, Telmori iruditzen zaio bikote ona osatzen dutela. Benetan pentsatzen du, herrarik gabe. Jada gazte ez izatea zer den, pentsamendu horren nobleziak harritu egiten du, eta bere buruan erne den eskuzabaltasun harekin itsasontziaren masta bataiatzea erabakitzen du: hura da, ziur dago orain horretaz, masta zut ipintzeko egun aproposa. Eskuzabaltasunak zorte ona ekartzen du, inoren aurrean hartaz harrotzeko bezain ergela ez bazara. Izan eskuzabala eta ez inori esan. Indartsuago bilakatzeko modu bat, beste edozein bezain ona.
Estalpetik kanpora atera eta masta ipini dio belaontziari.
Oihalak aspaldi erosi zituen. Lo kuluxkak ere egin ditu haien gainean etzanda tarteka, gitarrarekin betiko akorde zarpailak saiatzeaz aspertutakoan. Bikeztatzeke eta margotzeke dagoen azalera kalkulatu ondoren, Garberara igo da falta zaion materiala erostera. Nahi zuen kolorea ez dago.
— Gaur eskatuta, datorren astelehenerako edukiko genuke.
Zer da astebete belaontzia egiten urteak daramatzan gizonarentzat? Beste kolore bat erosi du, haatik. Zer axola dio. Bataiatze noblea zen garrantzitsuena. Hautatu duen kolore berriak taberna irlandarreko argi laranjen eta hizki berdeen antzik batere ez izatearekin konformatzen da.
— Non lan egiten du?
Zertan, esan nahi du. Lana inportantea da Telmorentzat.
— Medikua da. Zirujaua. Oso ezaguna bere arloan.
— Ezkonduta al dago?
— Banatze bidean.
Hasperen egin du Telmok.
— Harekin bizitzera joango zara?
Zerrautsa astindu dio Annelik izter ondotik eta magaletik, zalantzati.
— Ez.
Ez da “ez” osoa, “ez” erdia baizik, “ez dut uste” bat dena ukazio biribila baino gehiago, baina egiatia. Nahikoa, oraingoz.
Alabak Manchesterretik deitu die euria ari duela eta Gabonetan etorriko ez dela abisatzearren. Esan duen posturan, badirudi zerikusia daukala batak bestearekin. Ez dela etorriko Gabonetan, Manchesterren euria ari duelako. Aitak esan nahi lioke ongi doala dena, nobedaderik ez, baina deus esan gabe alabak ondorio berbera ateratzea espero du. Horrela izan da beti. Manchesterreko albisteei dagokienez, alferrik da luzamendutan ibiltzea: euria ari du eta zoriontsua da alaba. Bekatua litzateke ez izatea, edo krimena, hogeita bost urte bete gabe izanik. Baina gauza arraroagoak ikusi dira.
— Norbaitekin al dabil?
— Stuart. Zortzi hilabete izango dira honezkero. Esan nizula uste nuen.
— Ez zenidan esan.
Gasolindegiko Antoniori eskatu dizkio furgoneta eta gurdia, eta haren laguntzarekin nahikoa eta sobera litzatekeen arren, tristea iruditu zaio belaontzi bat biren artean bakarrik itsasoratzea. Tristea, eta ez batere eskuzabala. Adur txarrekoa behar du belaontzi batentzat ikuslerik gabeko uretaratzeak. Gainera, lotsagarri geratuko litzateke bera eta deseroso sentituko Antonio, haiek biak balira brankako erraboila uretan nola sartzen den ikusten bakarrak. Taberna irlandarraren parean, Sandro bistatu du, kanpoan erretzen.
Ezustean bostekoa eskaini diola ikusita, Sandrok urduri ipini du zigarroa ezpainetan, Telmoren eskubikoa bere erretzaile hatz horituekin estutzeko.
— Telmo naiz.
— Sandro.
Gertutik, zaharragoa iruditu zaio Sandro. Abian da dortoka lepo leizea, urteen opari. “Eta hatz horitu horiekin ebakuntzak egiten uzten ote ziotek?”. Annelik, tabernatik irten orduko, harrituta begiratu die tropak lurralde neutraletik erretiratzeko ituna sinatu berri diruditen gizonei. Telmoren hortzak horituta daude, baina ez nikotinarengatik. Sandrorenak zuriak eta karratuak dira, baina ez ditu bereak. Protesi hitzean pentsatzeak eman dio Telmori hizketan jarraitzeko kemena.
— Bukatuta dago. Etorri nahi al duzue ikustera?
Antonioren laguntzaz garabiari belaontzia uhalekin lotu eta uretan jarri dute. Eusten dio hondoratu gabe.
— Ez dugu xanpainik ekarri —dio Antoniok.
— Ezta transatlantiko bat balitz ere —Telmoren arrapostua.
Berdin esan zezakeen: “Edan beharrekoak edanda etorri nauk ni etxetik”.
— Itzuli bat eman nahi?
Sandrok duda egin du, baina Annelik lepoaz baiezkoa ebatzi duenean ontzira igo da, zer erremedio, jauzi batean.
— Hobe ontzian erretzen ez baduzu.
Kubierta, karel, branka eta soto, zura besterik ez du ababor nahiz istriborrean, ez da ausartzen zigarroa inon itzaltzen. Bestelako egoera batean inolaz ere egingo ez lukeena egin du: mutxikina uretara bota.
Kasiopea izena jarri dio ontziari, baina Anneli ez da zergatia galdetzera ausartu, istorio on bat egon daitekeen arren agian hor atzean. Istorio kontalari trebea izan ohi zen Telmo garai batean, bereziki inspiratua larrua jo ondoren. Konbinazio horrek maitemindu zuen agian. Hurrenkerak, bereziki. Aspaldiko kontuak dira horiek, edonola ere. Telmok ontzia bukatu duelarik, arratsalde libreak eta opor egunak ere amaitu ote zaizkio Anneliri? Zer txorakeria: orain gau eta egun nabigatzen ibiliko ez da, bada, haren senarra? Bakarrik nabigatzen? Ez derrigorrez. Arratsalde hartan, esate baterako, bazuen konpainia.
Hego-ekialdetik jotzen du haizeak eta aurki utzi dute atzean Tximistarri. Ubeltzen ari da zerua. Marinel kapelua jantzi du Telmok, ezaguna egin arren ez Sandrok eta ez Annelik identifikatzen ez duten melodia bat txistukatu ahala. Sandrok ez darama itsasoan ibiltzeko jantzi egokirik. Annelik, bai. Hamar urte baleramatza bezala egun haren zain. Badaramatza agian. Harrigarria badirudi ere, kalerako baino egokiagoak dira ontzirako haren arropak, gorputzera estuki itsatsiak. Uste baino itsastarragoa dela zure nortasuna, itsasontzi batera igo arte ez zara horretaz jabetzen.
— Hegazkinekin bezala gertatzen da itsasontziekin: berriak direnean dago istripuak izateko arrisku gehien.
— Ez egin kasurik, Sandro. Adarra jotzen ari zaizu.
Sandrok zeri oratu bilatu du, eta, besterik ezean, fermuki eutsi dio sotora daraman kubiertako eskotillaren heldulekuari. Pertsiana baten eran zabaldu eta ixten da, Sandro lehenaz beste aztoratuz.
— Sentitzen dut: azken erremateak egin gabe dauzka.
Olatuak baretu direnean, Telmok izotzetan ekarri dituen ostrak eta lanpernak afaldu dituzte sauvignon blanc batekin lagunduta. Telmorena da topa egiteko gonbita ere, Anneliri eta Sandrori ez litzaieke egoera hartan halakorik burutik pasatuko.
— Begietara begiratuz, alemaniarrek bezala: hamar urteko zigorra dator bestela.
Kristalaren zarata Telmok berak egin du, “txin-txin”, edalontziak plastikozkoak direnez.
Karelari gonbitoka lotu zaio handik gutxira Sandro, Annelik sorbaldatik amoroski heltzen diola. Ez al da polita irudia? Pietate moduko bat, magalaren ifrentzua den kontsolamenduzko klixea. Telmok, bien bitartean, tinko darama ontziaren lema, alboetara begiratu gabe, tarteka ardoa botila muturretik edanez.
— Ostrak loteria bat dira.
— Liseritu ere ez ditu egin oraindik, Anneli. Ontzia da. Ohitura falta.
Anneli sotoan etzan da Sandrorekin. Antzinako kerosenozko vintage esku-argien itxura duen LED lanparatxoaz gain, etxean erabiltzen ez dituzten manta zaharrak eta kuxin estanpatu japoniarrak ekarri ditu Telmok, Annelik ahaztuta zeuzkanak. Han dago gitarra ere.
Aingura bota du kapitainak eta zain geratu da, Anneli sototik noiz igoko.
— Hobeto al dago?
— Kuxin japoniarrak ekarri dituzu. Txoko goxoa geratu zaizu.
Isilik doaz senar-emazteak elkarren ondoan. Annelik besotik heldu dio Telmori.
Bokalera hurbiltzen ari direla, Sandro agertu da pertsianadun eskotilan gora. Balantzaka dator. Annelik besotik heldu dio honi ere, Telmorena askatu gabe; ez hainbeste elkartasunez, bien artean epelago egoteko baizik.
— Zenbat izar ditu Kasiopeak?
— Bost, esku bateko hatzak adina. Baina gaur ez dira ikusten.
Matxitxako, ordea, bai, ikusten da urrunean.
Sandrok ez du aurpegi onik eta Telmori iruditu zaio zerbait egin behar lukeela hori konpontzeko. Bere etxean daude, finean. Baina kafea ekartzea ahaztu zaio. Zer beste modu dago zure emaztearekin larrua jotzen duen gizonarekin senidetzeko?
— Esan gutxienez ez zarela Athleticekoa.
— Gaztetan Real Unionen jokatu nuen, baina ez naiz bereziki futbolzalea.
— Real Union. Ulertzen dut.
Hirurek ulertu dute.
— Igoko mesedez irratia, Anneli?
Annelik LED lanparatxoa piztu behar izan du sotoan irratia bilatzeko. Estalpeko arotz-lanetarako erabiltzen zuen berbera da, zerrautsa dauka zoko-moko guztietan sartuta. Lehorreko irratia, ez itsasokoa. Sakon usaindu du zerrautsa gora igo aurretik. Realaren futbol partidua harrapatzen saiatu dira, hirurak, hurrenez hurren, bata bestearen segidan dialaren gurpiltxoari tentuz eraginda, Anneli lehenbizi, Telmo gero, Sandro azkenik. Zorterik gabe.
“Hainbeste zirujau eta hainbeste kopla... eta irratiko diala harrapatzeko gai ere ez duk?”, Telmok, bere artean.
Radio Clįsica da ongi entzuten den bakarra. Marinel kapelua erantzi du kapitainak eta ozenago jarri du aparailua.
— Ez dago Bach bezalakorik.
— San Mateoren pasioa.
— Hori. Pasioa.
Galdutako gauzei buruz hitz egin gabe galdutako gauzei buruz pentsatzeak eragiten duen nekeak azpiraturik sartu dira portura. Galdutako gauzak berreskuratu ezinaren ziurtasunak eragindako aje mikatzarekin. Insomnioa bazkatzeko balio izango zuen txango hark ere, adin batetik aurrera gertatzen diren beste kontu deseroso askok bezala.
Sandrok ez daki zeri buruz ari den zehazki Anneli, esan dionean:
— Ez da hain gaizki egon, ezta?
Telmoren agindua etorri da gero.
— Heldu amarrari ontzia inguratzen dudan bitartean.
Txikota hartu du Sandrok, esaneko. Telmok gaizki kalkulatu du, ordea. Eta kareleko bikea ongi lehortu gabe dagoelako agian, edo auskalo zergatik, ezin aparta ditzake hatzak garaiz, ontziak harrizko hormaren kontra zapart egiten duenean. Eskua handik erretiratu duenean, kroskoan itsatsita geratu da Telmoren ezkerreko hatz erakuslearen erdia, erabat zanpatuta.
Oraindik Sandroren hatsa duen kuxin estanpatuari azala kendu eta harekin ahalik eta estuen lotu dute Telmoren eskua. “Torniketea egiten bazakik, behintzat”.
Sandrok nahi baino denbora gehiago behar izan du non aparkatu duen gogoratzeko. Herio batean doaz kaian barrena autorantz korrika. Ez nahi bezain azkar: Telmo herrenka doa, zorabioarengatik. Ez litzateke esku batetik odolusten den lehena izango.
Autoaren argiak itzalita gidatzen ari direla konturatzerako, ospitale atarian daude jada.
Ostrak gordetzeko erabilitako izotzetan dakar Annelik hatza larrialdietaraino. Argizariaren mintza da Telmoren azala. Bere hortzadura horituak eta Sandroren erretzaile hatzek tropikoetako ortzadarra dirudite, aurpegiaren zurbilarekin alderatuta.
— Sandro...
— Bai.
— Hatza...
— Hago lasai, Annelik zekarrek.
— Hik jostea nahi diat.
— Nola?
— Hori duk hire lana, ala?
— Bai, baina...
— Heuk josi. Mesedez eskatzen diat. Egik hire lana.
— Nahi duan bezala, baina...
— Baina zer.
— Ez zioat hire emaztea ikusteari utziko.
— Hori bazakiat.
Isilik eta adi geratu da Sandro Anneliri begira. Annelik biei begiratu die eta Telmoren esku odolduari gero. Ez du ezer esateko premiarik sentitzen. Ez da momentua.
— Egingo duk, bai ala ez?
— Ez kezkatu. Ondo aterako duk dena.
Ezagutzen dute Sandro Lafont doktorea han, ari zaizkio erizainak operazioen teatrora sartu aurretik latexezko eskularruak eskaini eta besoetan barrena bata sartzen, dena egongo da gertu segundo gutxitan, bizkarreko lokarriak lotzea baino ez du falta.
Kirofanora baino lehen sartu dioten fentanilo ziztadak anpolaitu dio Telmori masaila apur bat, eta begietako sute iraungia berpiztu.
— Mediku bitxia haiz hi, Sandro.
— Zergatik diok hori?
— Orain arte ezagutu ditudan guztiak txarrenean jartzen direlako beti. Dena beltz ipini lehenbizi, eta ostarte oro duk gero egunsenti. Beti jendea zuekin zorretan sentitzeko egiten duzue.
— Gure lanak ez dik zorrekin zerikusirik, Telmo. Ahal duguna egiten diagu jendeak ez sufritzeko.
— Ez duzue beti lortzen.
Gizon-emakumeen ordez arnasa hartzen duten makinen hotsak gain hartu die gero. Telmo, Anneli eta Sandro desagertu egin dira, aurrerantz zein atzerantz zabal daitezkeen eta Sandrok sorbaldarekin bultzatuta ireki dituen ateen bestaldean.
— Zein odol talde du?
— Zero positibo.
Zero positibo eta zero negatibo. Gauza zentzugabeak badira medikuntzan ere.
— Hemendik aurrera ezin duzu pasa.
Annelik ostra oskolen artean gordetako hatz zatia eman die erizainei. Anestesia ipini diotenean txantxetarako gogoz segitu du Telmok medikuaren aginduen aurrean.
— Zenbatu beherantz, hamarretik hasita.
— Bederatzitik, inporta ez bazaik.
Itxarongelako kafe makinaren aurrean geratu da Anneli, bere bizitzako bi gizonen artean sortu den intimitate berria ulertu nahian. Akordeoi baten teklatuaren pare sentitzen du kafe hutsa azukrearekin edo gabe eskaintzen dion gailuko botoi bakoitza. Zero negatibo eta zero positibo, saiatzen da burutazio zentzugabea baztertzen, baina, oso motel pentsatzen duen arren, Telmo gogoratu du, Kasiopeari buruz hitz egiten eta botila lepotik ardo zuria edaten, eta dena nahita egin duela iruditu zaio.
“Nahita egin du”.
Korridoreetan tirriki-tarraka, Donejakue bidean erromes doaz gaixo txabusinadunak, zundekin euren makuluetara eta euren kondenara loturik. Leihoaz bestalde, mehar eta eskas dira ospitalearen rigore sobietarra ezkutatzera heltzen ez diren arbolak.