Danubio mekanikoa
Angela Merkelek azken ordubetean berrehun metro eskas aurreratu duela egin du kontu. Martxa honetan ez da sekula ailegatuko. Esku-frenoan ahurra, izerdia galtzarbeetan; norbait balu ondoan aringarri, hizketarako. Bolantea atxikitzean, besapeak freskoago, baina sorbalda gainak heze sumatu ditu, hatzak likatsu. Bularretakoaren gomak urratu egiten dio bizkarra.
Irratia piztu du, krisi ekonomikoaren kalakarekin aspertu den arte. Fidagarria bezain zaharra da Mercedes autoa, irrati-kasetea ere bai. Bob Dylanen zinta maiztuari aukera laburra eman dio, baina leihatilak zabalik utzi behar bertan urtuko ez bada, eta kanpoko zaratari sartzen utziz gero, ez da musika ondo entzuten (“I used to care, but... things have changed”). Brigitte Reimannen liburu bat darama gidalagunaren eserlekuan. Irakurle porrokatua den arren, ez dauka hura leitzeko gogorik. Idien parekoa gaur, jendearen eramana. Egonarri handiz portatzen ari da Biriatuko xagu-tranpan harrapatuta dagoen gidari saldoa. Klaxon hots alerik ez. Motorra itzalita berrogei minutu daramatzala jabetu orduko, bi kamioilari ikusi ditu, elkarri keinu egin eta kabinatik salto batean jaisten, tabernara bidean animoso; kasu profesionalei, haiek badakite zertan den hau.
Kontua ez da hobetuko.
Ama bat, txadorra soinean, haur besoetakoari sehaska kanta dirudiena abesten. Zangoak luzatzera atera dira bizpahiru gazte. Mahukarik gabeko kotoizko kamisetaz jantzitako jubilatuak petankan jolasten. Gasoil usaina sakonagotu egin da, behin betikoa dirudien argazki baten eran finkatu arte. Udan berandu iluntzen badu ere, Angela Merkelek badaki ilunabarrak errepidean harrapatuko duela. Etxera deitu behar luke; kopilotuaren eskularru-kaxan laga du, ordea, telefonoa, eta hura eskuratze hutsa energia gastu eskerga iruditu zaio. Kanpora doa bera ere, arraio beltza. Lau antxume pauso aski Biriatuko souvenir dendara txango egiteko: Osborne zezenak marraztuta dituzten hondartzako toallak, zezenketetako kartelak, buztinezko harrijasotzaile kitschak, pizgailu ikurrindunak. Deus ez etxerako modukorik. Hegoalde madarikatua. Hurrengo astean Greziara joan behar du, gainera. Euli bat jarri zaio betileen puntaren puntan: akabatuko luke horrelakoetan, eta ez eulia bakarrik. Kopeta xukatu eta hatzekin orraztu ditu bere kazola-adatsak, halamoduz. Ezer erosi gabe itzuli da autora. Ikusten dueino, ibilgailuetako ateak irekita dago jendea; ezin jakin zertan eta non datzan istripua, kontrola, zernahi dela ere ilararen arrazoia.
Honda Civic bat du Angela Merkelek parean, karabana familiar bat aurreraxeago, eta hari itsatsita, ardiz betetako trailer bat: manex burubeltzak. Bat-bateko burutazio zoroa izan da, birritan pentsatuz gero sekula egingo ez zenukeen zerbait. Honda Civic autoaren kapotara igo eta, handik eskaileretan gora, Civicaren aurreko autokarabanako sabaian paratu da. Biraoa bota dio gidariak Angela Merkelek ulertu ez duen hizkuntza batean. Ez du asko iraun autokarabanako sabaian. Handik, beste jauzi batez, ilarako hurrengo ibilgailua den trailerraren ateko maratilan oina jarri eta gurdira igotzekoa egin du, eguzki izpiak datozen lekurantz begiak eramateko bezain zentzugabe diren gidari bakanen harridurarako. Gustura sentitu da Angela Merkel han goian, ardiz betetako trailerraren sabaian artzain zakur; western batean bezala, tren baten asaltorako prestatzen. Baikortasun suerte bat erne zaio. Ederki egoten da hor, libre eta arin: behean nabaritzen ez den haize leuna dabil.
Txapazko terraza estuan tarte bat igaro ondotik, laster bere Mercedesera itzuliko dela ebatzi du. Baina ez oraindik. Trailerraren kabinara pasatuko da lehenbizi. Hozkailu-kamioi txikixeago bat ikusi du aurrean. Hain daude kamioiak elkarrengandik gertu, nahikoa litzatekeela jauzi ttipi bat batetik bestera igarotzeko. Nola eutsi tentazioari? Birritan pentsatu gabe egin du salto. Himalaia izoztuaz akordatu da, mendizaleek aipatu ohi dituzten pitzadura horiez, eta pitzadura horien gainetik jauzi egitean sentitzen duten amildegiaren erakarmen indarraz. Bereak, derrepente, dema baten itxura hartu du; bere buruari apustu egin dio noraino helduko ote litzatekeen hartara jarriz gero, kamioi batetik bestera, auto batetik bestera, errepidea ukitu gabe sekula, ibilgailuen errenkada hari segika, sabairik sabai.
Segitzea erabaki du. Ez dauka deus galtzekorik.
Ilarak bere horretan jarraitzen du. Jendea burua jertsean bildu eta leihatilaren kontra jarrita gaua eserlekuetan kukututa pasatzeko prestatzen ari da. Jada ez du bere autoa ikusten, urrun geratu zaio eskularru-kaxa, patrikako telefonoa. Ia egurtu dute marseillar batzuek, haien BMW Serie 4 Coupé zilarreztatuaren sabaia maspildu duenean. Baina onik atera da. Zalantza dauka, hala ere, alde egiten utzi izanaren arrazoiaz: ezagutu dutelako utzi diote joaten, edo, alderantziz, ezagutu ez dutelako? Madarikatutako lore-sorta bat oparitzen duenak bezala, adineko emakume batek arrosa zuri zimelduak diruditen kleenex painelu zimurtuz gainezka dagoen autora sartzera gonbidatu du, baina esker onez errefusatu du gonbita Angela Merkelek.
Gauarekin freskura iritsi den arren, sukar gisako bat sentitzen du; gaixotasunarena ez, nekearen ondorio behar duela erabaki du, gauza horiek norberak erabakitzerik balu bezala. Prentsa alemaniarrak atera zuen zurrumurruaz akordatu da: lehen senarra utzi zuenean hozkailu eta guzti alde egin zuela etxetik. Ezin horren kontra txintik esan. Hala izan zen, egiaz.
Sinapsi larregi. Trumilka datozkio eta trumilka doazkio pentsamenduak, modu erabat desinhibituan, neuronek zoratu eta koordinazio oro galdu izan balute legez. Bururatu zaio itzelezkoa eta amaiezina dela ibilgailuen suge hura, ibai berri bat sortu dela Europaren bihotzean, kolore anitzeko zain nabigagarria, Danubio mekaniko bat. Otu zaio, halaber, Frantzia osoa zeharka lezakeela akaso handik hasita, autorik auto, trailerrik trailer, karabanarik karabana, zuhaitzez populatuago zegoen garaian tximinoek adar batetik bestera, arboletatik jaitsi gabe Pirinioetatik Gibraltarreraino penintsula iberiarra zeharkatzen zuten ber gisan. Eta zer topatuko ote luke Frantzian barrena? Bordelen Victor Hugok hitzaldi ospetsua bota zuen plaza hura, esate baterako (“Eraiki ditzagun Europako Estatu Batuak. Osa dezagun konfederazio kontinentala elkarrekin, i-zan-gai-te-zen-as-ka-ta-su-na!”); zilborrak bezalako biribilguneak, frantziar txobinismoaren metafora, berrehun gazta diferente eta gerezi marmelada eskainiko zizkioten etxekoandre musugorriak, Napoleonen sindromearen peko ministro eroxkak, cherchez la femme, kamioien gurdietan Gallimard argitaletxeko liburuak utziko zizkioten irakurleak, La possibilité d’une île, trailerren gainean festak antolatuko zituzten rapero aljeriarrak. Komeniko ote zen handik Suitzako elefante hiltegira txangoa egitea, euren suizidio-turismo instalazio zoragarriak ezagutzeko? Gero helduko zen Belgika, Frantziari ezarritako asterisko izateko bokazioarekin sortu zen herrialde hori, Tintin alkoholikoen antzeko pederasta erretiratuekin, Utrechteko eraztuneko ostiral gauetako auto pilaketak, zuk jakin gabe azpi-aseguratzen zaituzten Holandako aseguru konpainiak, Black Widow erretzeko coffee-shop zoragarriak Amsterdamen, bizikleta sendoak tranbia errail hondoratuen gainetik ziztuan pasatzen Rotterdamen; bere Alemania kuttuna, Berlingo lau Operak, horietako bat bufoa izaki, Bavariako bihotzean errezel eta pertsianarik gabeko etxeetan bizitza pribatua agerian eta siesta arriskua urrun; Poloniako gaztedi berria, haien gurasoei mendeku hartzeko katoliko bihurtzen zena orain; golf makilekin hortzak ateratzen dizkizuten austriar jatorrak, akaso; Hungariako errege zaharren oinordekoak, zarpail jantzita dabiltzanak eskaleekin nahastuta eta haiekin lehian; Elvis Presleyren lilurak eta Dirty Dancing filmeko musikak kolonizatutako gazte kroaziarrak Rijekako portuan rockabillyen modura orraztuta. Hori dena ikusiko zuen ibilgailuen sabaietatik jaitsi ere egin gabe. Eta oinez-oinez Moskuraino ailegatuko balitz Danubio mekanikoa? Eta tintontzia buru gainean erori zitzaion Gorbatxov handia topatuko balu Lada Niva auto baten sabaian vodka edaten; edo egun agintean zegoen samurai ilehoria, tanke baten gainean xakera jolasten eta galtzen bazuen arerioari shashka batekin zintzurra mozten? Ikus ditzake Volvo autoak eta Scania kamioiak, limusinak, Renault Meganeak eta Xsara Picassoak, surfa egiten ari da guztien gainetik, olatuak hartzen ari da; kasu Merkeli, ez dio bakar batek ere ihes egiten. Eta berriro hegoalderantz jo eta Abkhazia harrapatuko balu, bere hondartza harritsuetan egunkari orrien gainean kartetan jolasten duten turistaz betea? Zenbat elkarrizketa eta zenbat barre, zenbat eztabaida eta zenbat besarkada, orduan bai jarriko ziotela komunikabideek merezi zuen arreta, “Angela Merkel! Lurra ukitu gabe dabilen Europako erromes bakezalea, Danubio mekanikoko aingeru urdina!”.
Geldi hor, stop.
Zerbait mugitzen ari da errepide ertzean. Zuhaitzen artean, hamaka zuri bat dirudiena daramate oihuka lau gaztek, barre ozarren artean. Erratuta dago Angela Merkel: bai zera, hamaka, neskatila bat da oihuka. Angela Merkelek ez du ongi ikusten. Trailerraren gurdi ertzeraino inguratu da. Bai: emakumea da, ez dago dudarik horretaz, orban zuri hura iluntzen ikusi du, haragiaren edo azalaren ilunera belzten gauaren erdian. Lagun kuadrilla jolasean ariko da ziurrenik, jende gazteak halako jolas bizarroak egiten ditu sarri, otu zaio, espainiarrak izango dira, zibilizatu gabeak edo erdi zibilizatuak, hoteletako balkoietatik igerilekuetara jauzi egiten duten Liverpoolgo grunge garungeak bestela, edo tixertak bandana gisara buruan jarrita pektoral bistan ibiltzen diren turista amerikarrak, sanferminetatik bueltan. Aspertu egingo ziren eta elkarren ezagutza egingo zuten gazteek auto buxaduraren erdian, disko-festa eta gero basorantz, lagun artera sartuta, ardo tantekin poztuta. Merkelek ere egin zituen halako erokeriak unibertsitatean —bere erara— Leipzigen Fisika ikasten zuen garaian.
Tupustean eten dira neskaren oihuak.
Ondo pasatzen ariko direla ondorioztatu nahi luke Angela Merkelek, nahiz eta, adi-adi so eginez gero, trapu bat ere izan daitekeen emakumeak ahoan daukan hori. Ala ez? Begiluze ez izaten, inoren kontuetan muturra ez sartzen erakutsi diote umetatik. Angela Merkelek zer egin dezake ba, han goitik? Ezer gutxi. Jarria dio araua bere buruari Danubio mekanikotik ez jaistekoa, eta arauak betetzeko dira, ala? Urrunegi dago, bestalde. Eta haiek lau dira eta bera bat bakarra. Ez dago fisikaria izan beharrik galtzeko guztiak dauzkala ulertzeko. Nahikoa izan du jada BMWko marseillarrekin. Uju egitea pentsatu du, badaezpada ere. Ez du egin. Neskak ere ez: ahoa lotuta du, nonbait, nahiz eta entzun duen gizon gazteetarik bat esaten: “kendu hori, nola oihu egiten duen entzutea gustatzen zaidak”.
Hankazpi xuriak ikus ditzake gauaren erdian, mugitzen eta astintzen hasieran, tinkatzen eta etsitzen gero. Newtonen hirugarren legearen arabera, gorputz batean eragiten duen indar bakoitzeko, gorputz honek indar hori sorrarazi duen gorputzean indar berdina egingo du, aurkako zentzuan.
Zuhaitz baten kontra bakarrik intzirika geratu da emakumea. Negarrez ari da, tu egiten du, izterra amorruz igurzten du hatz lodiarekin, gurinezkoa balu bezala, puska kendu nahi balio bezala bere gorputzari. Begiak ohitu zaizkio iluntasunera eta orain argi eta garbi ikusten du dena Angela Merkelek. Zikin eta zeken sentitu da. Ez da lau mutilen arrastorik, irentsi egin ditu basoak. Putakume dohakabeak. Emakumearengana jaitsi behar luke, hari laguntzeko jada beranduegi den arren. Horren ordez, trailerrik trailer, karabanarik karabana, autorik auto, ardiz betetako trailerraren gurdiraino heldu da. Amaitu da jolasa. Ardietako batek burua gurdi-kaiolatik aterea du eta adi-adi begiratu dio Merkeli.
Angela Merkel bere autoraino irristatu da, umil eta isilik. Gidariaren leihotik sartu da ostera barrura, gimnasta errumaniar baten zalutasunarekin, egunean zehar pilatutako sargoriaren uhin estatikoa emeki-emeki egozten duen asfaltoa ukitzera ausartu gabe.
Telefonoa hartu du kopilotuaren eskularru-kaxatik. Etxean kezkatuta egongo dira. Deitu behar luke esateko dena ondo doala, egoteko lasai, berandutu egin zaiola eta hasteko afaltzen bera gabe.