Beti oporretan
Beti oporretan
2015, narrazioak
208 orrialde
978-84-92468-79-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Erreka

 

Kanpin aulkietan eserita zeuden bi bikoteak, termoko kafeari azken hurrupak kendu berri, errekako ura ilunen eta geldien den gunetik gertu. Kanpotik gorriak eta barrutik zuriak ziren katiluetan, uholdeek garajeetako hormetan utzi ohi dituzten lokatz markak. Kafea azukrerik gabe hartu zuten, eta, agian horregatik, erle lehiatsuek errespetatzen zizkieten oraingoz bazkalostea eta euren janari hondarrak. Zomorroek ez dute kafea maite.

      — Kristaletik ez, Unai, heldu betaurrekoei patillatik —esan zion Edurnek semeari.

      Kermanek kontu handiz sartu zituen meloi azalak ongi korapilatutako plastikozko poltsara. Ramonek gaitzespen txiki baten eran sentitu zuen keinua, aurreko igandean azalak jaso gabe kanpoan utzi baitzituen berak, inurri gudaroste aski ongi antolatua erakarriz azken burukoetan. Txantxa baterako balio izan zion: “Efecto llamada, esaten dio horri Barne ministroak”, baina konturatu zen Kermani ez ziola inurriak barrandan izateak batere graziarik egin. Txukundadea eta diziplina garrantzitsuak ziren harentzat, geratzen zitzaion ile apurra arretaz orraztu edo bizarra egunero errotik egiteko zeukan ohituratik beretik hasita. Kermanenak baino nahasiagoak beti Ramonen txima luzeak, zaindu gabea behiala hippie izandako bizarra.

      Kerman eta Ramon, elkarrekin zerikusirik ez zuten bi gizonezko, kanpin aulkietan jarrita, aulkiok duten bi egokieren artean bana aukeratuta (deseroso/etzanik), horretan ere hain ezberdin: luze etzanik Ramon, deseroso eserita Kerman. Interesgarria zatekeen alde bateko zein besteko bizitzako gertaerek euren itxuran eta jarreran zenbat eta nola eragin ote zieten haiek hausnartzen entzutea, baina ez zuten sekula horri buruz hitz egingo.

      — Garbitu dizkizut, baina aurrerantzean saiatu patillatik heltzen.

      Edurnek semearen betaurrekoetatik hatz markak ezabatu bezain pronto, txotxez eta adarrez egindako etxeari teilatua jartzen ari zitzaion lehengusuarengana itzuli zen Unai lasterka, eraikitzen ari ziren etxola bertan behera ez erortzeko gakoa bera handik sobera ez urruntzean zetzala uste balu bezala. Gutxitan ikusi zuen amak Unai ardura bati hain lotuta.

      — Pozik dirudi.

      — Ez du inoiz poz faltarik izan, jainkoari eskerrak. Poza ez. Hori ez zaio falta izan, ezta Edurne?

      — Ikerrekin gustura ibiltzen da.

      Lehengusuen gurasoak ezin izan zitezkeen bata bestearengandik diferenteago. Izatez, bikote bakoitzeko kideak berak ere ezberdinak ziren elkarrekiko; ez zen han, urte luzez elkarbiziagatik, bikoteak senidetzen dituen mimetizaziorik gertatu. Elkarrena adostetik baino, norberarena ezabatzetik etorri ohi da sarri konpartitutako zorua, simetria goxoarekin nahasi arren, kamuste mikatzarekin zerikusi gehiago daukana. Ez bikote bien artean, ez bikote bakoitzeko kideen artean gertatu zen halakorik, ordea.

      Edurne musika irakaslea zen, anglosaxoniarra janzkeran, luteranoa ez esateagatik; aurpegi zurbil orinez betea, Eskozian egindako ikasturte hark zurrupatu izan balu bezala betirako eta molde zurrun eta iraunkor bat hari ezarri, bere bizitzan bizi izandako atzerriko abentura bakarrak zizelkatua berau, duela ia hogeita hamar urte. Kermanek, senarrak, aurrezki kutxako sukurtsal buru ohia, berrogeita hamabost urterekin lortu zuen erretiroa eta Behar Berezidun Haurren Gurasoen Elkarteari ematen zizkion geroztik bere onenak. Ikerren gurasoak medikuak ziren biak: ginekologoa Ramon eta psikiatra Belen. Osasun publikoan lan egiten zuen Belenek, bere kontsulta pribatuan Ramonek.

      — Iker ere gustura ibiltzen da zuenarekin.

      Profesionala ala ez, deformazio bat bazen, behintzat. Belenek ezin saihestu izan zuen azken hitzen analisia. Beti egiten zuen, etengabe: esaten zuena aztertu, kinkan jarri, bere buruari errieta egin. Bazekien ez zela osasungarria, jakina, baina urte gehiegi zeramatzan bere buruarekiko mesfidati eta alerta egoeran. Hain sentitzen zuen nortasunari atxikia portaera masokista hura, ezaugarri hori erauziz gero mamirik intimoena arantza harekin batera kenduko lukeela uste baitzuen.

      “Zergatik esan duzu hori, Belen?”.

      Lehenik eta behin, Unairi izena ukatu eta “zuena” atributo posesibo bilakatzeak zekarren deserosotasun inplizitua zegoen. Eta bigarrenik, eta okerrago, beharrik ez zegoen lekuan gezur bat esatekoa: Ikerri Unairekin ateratzeak kasketak eragiten zizkion garaia aspaldi igaro bazen ere —ahaidetasunak laguntzen zuen horretan—, “gustura ibiltzea” ez zen egiari zehatzen lerratzen zitzaiona. “Ume bat bezala portatzen da”, kexatzen zen Iker, eta barregarri bezain samur suertatzen zen iruzkina, Unaik zortzi eta Ikerrek zazpi urte baino ez zituzten garaian. Edurne eta Belen ahizpak ez izatera, joango ote ziren igandero elkarrekin txangoan bikote biak eta bi mutikoak? Ez, alajaina.

      — Ez sartu uretara hortik. Sartu hemendik, ura ez dago hain sakon. Eta kasu egin zure lehengusuari, ez putzurantz urrundu.

      Sasoia izatera, norbait ibil zitekeen izterrerainoko botak jarrita arrantzan, baina ez zen amuarrainetarako garaia. Errekako urak soilik duen tintaren izaera lodi, eta aldi berean berdea nagusitzen zen putzuan. Tintaren kualitatea nagusitzen zitzaiola, alegia, koloreari. Ortzadarrean dauden kolore ahul horiez erabat bestaldera, egiazkoa zen hura, benetakotasuna zerion. Egia zahar bat zen putzuaren infusio sasia, nolabait, itsasoko olatuez oso bestelako murmurio bat: ez errepikapenarena, emariarena baizik, joan bai, eta, behin eta berriro berritu arren, itzultzen ez zen zerbait. Lasaigarria, baina aldi berean larria, erantzunik eta bai-bainarik ametitzen ez zuen egia bat. Erdibiderik gabeko isuri bat. Hala esatea gustatzen zitzaion Ramoni:

      — Errekako seme gara gu. Ez al da hala, Kerman? Utikan hondartzak eta hondartzaondoak.

      Ura jostorratzek legez ziztatu arren, putzuaren leuna astintzen ez zuten eltxo finen egia zegoen. Hegan egiten zuen zomorroaren tamaina eta pisua ezin hobeto adierazten zuen liztorren bibrazio gizenaren egia. Zaldirik egon ezean gizakiaren odolarekin konformatzen diren ezparen egia. Asfaltoari geure arima aspaldi salduagatik bihotzeko taupadak moteltzen dizkigun adarren kulunka lasaiaren egia. Euli bakarlariak basoaren sinfonia urratzen.

      Purua atera zuen Ramonek eta Kermani beste bat eskaini, hartuko ez ziola aurrez jakinda ere.

      — Badakizu ezkontzetan bakarrik erretzen dudala.

      Kermanek azken ezkontza noiz izan ote zuen galdetu zion orduan Ramonek bere buruari, puru merkeari sua ematen zion ahala. Eta hurrengoa? Hurrengo ezkontza? Izango ote zen beste ezkontzarik Kermanen bizitzan?

      Belenek, bere zigarroetako bat piztu zuen.

      — Inporta zaizue?

      Non eta naturaren erdian erretzeko ohitura hura. Ramonena bost, baina Edurneren ahizpak erretzea ez zitzaion Kermani batere gustatzen.

      — Medikuen gremioa, beti eredugarri —bota zuen.

      — Kasko-petrikiloa nauzu, Kerman: tabakoak prozesu mentalak, kontzentrazioa eta erreflexuak handitzen dituela diote zenbait ikerketak.

      — Ikerketak, jakina. Denerako badira.

      Iker eta Unairi zeharka begiratzeari utzi gabe, sagardo botilari tantarik ba ote zerion ziurtatu nahi izan zuen Ramonek. Bat bera ere ez. Belenek, nola ez, ongi baino hobeto zekien senarraren deserosotasun keinu hura interpretatzen. Umeak gustura zebiltzan, ordea, sagardo botilako beira baino ilunagoak ziren uretan murgil, eta gustura ibiltze hark orekatu eta desegin egiten zuen bi bikoteen arteko asperkeria, ezinegona. Indar oreka hartan, haiek eta haien lasaitasuna ez ziren inportanteena.

      — Ez urrundu hainbeste putzurantz, Unai!

      — Utz iezaiezu, Kerman. Urak bare daude gaur.

      — Urak bai, umeak, ordea...

      — Ume barea ez da ume...

      — Esan zuen psikiatrak.

      Kanpingasa desmuntatu, mahaia eta aulkiak tolestu eta etxerako itzuleran pentsatzen hasteko tenore zen arren, orduantxe eskaintzen zituen beherantz zetorren eguzkiak kilimarik txinpartatsuenak hurritzek eta haltzek osatutako adar-sarearen korapiloetan dir-dir, edozein zume negarti alaitzeko moduan kasik. Balego zume negartirik inguruan. Baina ez zegoen.

      — Kontatu dizuet zer gertatu zen Unairen ikastolan joan zen astean?

      — Zer?

      — Enararen aitona-amonak etorri ziren umearen bila. Txinatik ekarri berria duten ume bat da Enara.

      — Eta?

      — Enara ez, beste bat hartu zutela etxerako haren ordez, deskuidoan. Susmatu behar zutela zerbait haren kasketa ikusita, baina biak oso antzekoak zirela.

      — Aitona-amona gaixoak. Nahikoa egiten dute.

      Unai eta Iker elkarren sorbaldetan eskuak jarrita zebiltzan, dantza afrikar bat itxuratzen. Batak bestea hondoratzen zuen, baina ez indarrean, erritmikoki baizik. Bost segundo urpean bata, bost segundo bestea, antzinako film mutuetako trenetan palankarena egiten aurrez aurre jarritako bikote batek beso-indarrarekin mugiarazten zituen bagoi solte haien eran. Unairen bizkarrera igo eta jauzi egin zuen Ikerrek uretara buruz behera. Paperak trukatzeko asmoa zutela igarririk, Kermanek deiadar egin zion, ozen:

      — Ez, Unai. Zuk ezin duzu gainean jarri. Mina egingo diozu.

      — Ez dit minik egingo! —kexatu zen Iker.

      — Egin kasu Kermani, Iker —Belenek, zer gerta ere—. Eta zuk ere ez berriro hori egin, harriak egon litezke-eta ikusten ez den lekuan.

      Ramonek eta Belenek hitz egin izan dute pribatuan: debeku gehiegi ezartzen dizkiote Unairi gurasoek, larregi babesten dute. Haren kezkak eta nortasuna askeago garatzen utzi beharko liokete, gabeziak gabezia.

      Uretatik irten, lehortu, eta adarrekin egindako etxolara itzuli dira mutikoak. Garoa biltzen hasi dira, egitura hobeto estaltzeko.

      — Otsoak putz eginda ere ez luke gure etxea botako! —dio Unaik, eta gero putz egin du bere indar guztiarekin.

      Labana suitzarrarekin zuritu eta zorroztu dizkie Ramonek adarren puntak lurrean iltzatu aurretik. Sendoa da egitura, dardara txikienik ere ez du egin.

      — Biok elkarrekin orain, ea —Ikerrek ere putz egin dio etxolari, putz eta putz.

      Baina etxola atera da garaile. Ikerrek ezin izan du lehengusuaren poza bere sentitzea saihestu. Txokala egin eta adar kraskatuaren hotsa atera du bostekoen talkak. Onartu beharra dauka ongi pasatzen dutela batzuetan.

      Garoa biltzen segitu dute, lurrarekin sokatiran.

      — Ez garo berdea sobera atera, min hartuko duzue eskuetan tira eta tira. Gainera, garoa ere izaki biziduna da.

      — Utzi egiezu, Kerman.

      — Jakina, zuk zer esango duzu ba...

      — Nola nik zer esango dudan?

      Garoa besterik ez da, ez du pentsatzeko ahalmenik, ez da hori?

      — Kerman, laztana...

      — Egia da-eta, Edurne. Ingurunearekiko errespetuaz ari naiz. Hori besterik ez.

      Baina ez zen hori bakarrik. Eguzkia behera etorri ahala, argi etzanak beste geruza batzuk egiten ditu ikusgarri, esanez bezala: “gorostia, hire txanda”. Badira hostoak nagusi diren eguneko uneak, eta badira adarrak nagusi diren uneak. Arantzen puntak landareetatik bereiz daitezkeela dirudien unea da hura.

      — Hasten zara garoarekin, euli bat hurrena, eta jarraitzen duzu zakur bat hiltzen, gaixorik dagoen aitzakian. Eta, gero, batek daki non amaituko duzun.

      — Arren, Kerman... zertara dator hau orain?

      — Bagatoz betikora.

      — Gaur goizean ere egunkarietan zetorren: Madrilen gutxienez, itxi egiten dituzte klinika horiek.

      — Hara, askotan hitz egin dugu horri buruz, eta ez gara ados jarriko.

      — Txinatarrak ez aipatzearren, horretan ere legez kanpo aritzen omen dira. Jaio eta ezjaio. Biak legez kanpo. Auskalo zenbatgarren astean, gainera.

      Belenek miresten zuen ahizpa bere garaian hartu zuen erabakiarengatik. Arrisku taldean egon arren, frogarik ez egitea hautatu, eta, gero, ondorio guztiekin hazi eta hezi zuten Unai. Haren adin mentala eta haren itxura bat ez etorri arren, haur zoriontsu eta sasoikoa zen, gurasoen babesa eta zurruntasuna gorabehera.

      — Erabaki oso pertsonalak dira horiek.

      — Pertsonari dagozkionak, esan nahi duzu?

      — Bikoteari, bai. Eta batez ere amari.

      Basoak saretutako zeru urdina ari da apurka-apurka akitu eta zurirantz itzaltzen. Goroldioak auskalo noiz xukatutako ihintza kanporatzen du, zeukanik ez genekien geruza baten distira.

      — Erabaki pertsonal hori hartu izan bagenu, zure semeak ez luke gaur hemen ez etxola egiteko laguntzailerik, ez igeri egiteko kiderik.

      — Gauza batek ez dauka zerikusirik bestearekin.

      — A, ez? Nik baietz uste dut ba.

      Ramonek berriro irauli du sagardo botila, sare izaera porotsua galdu eta bere basatia berreskuratzen ari den oihanpea bezain ilun. Lehen ere ez bazerion tantarik botilari, hain gutxi orain. Elkarri begiratu diote Belenek eta Edurnek, aurrehistoriatik datozen bi hari mutur korapilatzeko gaitasunaren jabe.

      — Etxeratzea izango da onena.

      — Non daude umeak?

      Elkarrizketaren beroan, utzi egin zioten begi ertzarekin errondatxoa egiteari.

      — Garo bila urrunduko ziren.

      Iker mutiko azkarra dela pentsatu zuen Belenek, eta, agian, eztabaida ez entzuteko propio aldenduaraziko zuela handik lehengusua. Maleterora bildu zituzten aulki tolesgarriak, mahaiak, kanpingasa, esterillak eta ontziak. Platerak garbitu. Freskerako ur izoztua errekara isuri. Zabor arrasto ttipienik ere lagatzen ez zutela ziurtatu.

      — Kezkatzen hasi behar ote genuke?

      — Urrutira ez ziren joango. Basoan begiratuko dut.

      Dugu. Kermanek ez du Ramon bakarrik utzi nahi.

      — Zurekin noa.

      Apalik doaz elkarren ondoan, deus esan gabe. Minutu gutxiren buruan, gehiago ezin eutsi eta deiadarka hasi da Kerman. “Unai!”. Badira fruitu samurrak nagusi diren uneak, eta badira pinaburu gordinek beren burua aldarrikatzen duten uneak. Orbelaren unea da basoan. “Iker!”, oihukatu du Ramonek. “Unai!”, Kermanek, ozenago. Nork-maite-hau-gehiago lehia, eztarriaren helmenera ekarria. Ramon zeken sentitu da. Nork bere semearen izena besterik oihukatzen ez duela jabetu denean, ezin izan dio bere buruari halako elkartasun falta zikoitza barkatu: “Iker!”. Hirugarren aldiz deiadar egitera doanean, jasanezina egin zaio berekoikeria hori, eta ilobaren izena oihukatu du bere semearenaren ordez, urduritasuna igar dakion axola gabe: “Unai!”. Isilune luze eta trinko samar bat etorri da gero, orbel zapalduaren txistu sigi-sagatsua. “Iker!”, oihukatu du Kermanek segidan. Aldaera horrek balio izan du aurreko eztabaida jada ahaztuta dagoela berresteko. Familia bat direla eta hori dela garrantzitsuena.

      Umeen arrastorik ez da, ordea.

      — Ez ziren ba piszifaktoriako ubidera igoko?

      — Badakite debekatuta daukatela.

      Handik ez oso urrun, zentral hidroelektriko bat zegoen: argindarra sortzeko erabilitako ura ubide estu batera isurtzen zen gero. Tarteka mailakatu eta baretzen zen ubide hartara askatzen zituzten arrain-haztegiko amuarrainak, korronteari segika errekan amaitzen zutenak. Ubideak porlanezko pasabidea zeukan, metro erdi inguruko zabalerakoa, ibilguarekiko paralelo. Pasabide horren ondoan, mendi pendiza, eta, tartean-tartean, amildegi ttipi batzuk.

      Urrunetik ikusi dituztenean, ezetz dio batek eta baietz besteak, makila batekin hildako suge baten azala astindu eta barruan sugerik ba ote den eztabaidan ari dira Iker eta Unai. Ikerrek, makila eta guzti, ekilibrista bat itxuratu du ubide ondoko pasabidean, eta postura bera imitatzen saiatu da Unai makilarik gabe. “Oreka galduz gero, uretara egin, badaezpada, ez amildegirantz”, esana zion Ramonek semeari, elkarrekin arrantzara joan ziren batean. Horretaz gogoratu zen une hartan, eta nola erantzun zion Ikerrek beste hainbatetan bezala, “ez naiz tontoa”. Ergela ez izatea eta lezioa ongi ikasi izana espero zuen.

      Basoa beste bat zen orain, soinuetatik hasita. Soinuetatik hasten zelako zen, hain zuzen, beste bat basoa. Zomorroek hegaztiei egin zieten leku. Ikusi ez, baina entzun zitezkeen haien hegadak, dardara leuna egiten zuten adarrek luma astinduen hersturak dantzaturik. Kontua ez zen txorien kantuak bereiztea soilik, baizik eta hauen txistua txistu ote zen benetan edo adarren kontra hegoak astintzean egindako purrustadaren hotsa. Kontua zen igartzea noiz nahasten ziren bata eta bestea, haizearen higadura igarrezina eta hegoen purrustada mesfidatia; bereiztea hostoen firfirari zerk eragiten zion aldiro. Ez zegoen deiadarra norena izan zen jakiteko modurik, baina Unai nola izutu zen ikusita, Ramon ia ziur zegoen “Unai, jaitsi hortik!” oihukatu zuena Kerman izan zela. Ramonek beste zerbait esan nahi lioke. Badaki, ordea, buruan daukana luzeegia dela ujuka adierazteko. “Oreka galduz gero, uretara egin, badaezpada, ez amildegirantz”.

      Deiadarrak berak eragin dion asaldurarengatik edo aita suminduarengandik letorkiokeen haserrearen beldur, zergatik galdu duen Unaik oina, zaila da esaten, eta ez hain garrantzitsua horrezkero. Aitortu beharra dago, gainera, oreka ez dela sekula bere bertute nagusia izan. Jantzita eta mendiko botak soinean, bere besoen txapladak eragindako aparra alferrikakoa da hondoratzen ari den gorputza ur azalean mantentzeko.

      Belarririk ere ez zaio jada ikusten kanpora nahi lukeen aurpegiari. Ukondoa izan da urak irentsi dion azkena.

      Ikerrek, “Aita!” baino ezin izan du oihu egin, aita hitzak, hainbestetan bezala, egin zerbait esan nahi duen arren, argi eta garbi.

      Lasterka bizian abiatu da Ramon ubiderantz, estratari uko egin eta zuhaitz txikiz betetako malda pikoan gora, enborretan eskuak bermatuz gora azkarrago iristeko, estropezu egin eta lauoinka ubiderantz jarraituz, pendizari eta pendizean makulutzat har ditzakeen urki gazteen enborrei esker fiteago zutituz erortzen den aldiro. Orbela orkatilekin eta orpoekin trakets goldatzean beltz eta heze ageri da lurra, inoiz baino arnasgarriago birikei dena eskatzen dien Ramonen sudur-mintzetan. Amaigabea begitantzen zaio goraino iritsi, zapatak erantzi eta arrapataka uretan murgildu arteko tartea.

      Hatsa galduta eta betzuloak izerditan heldu da Kerman Ikerrengana, kostata, eta iloba estutu du, arnasestuka, bularraren kontra.

      Ramonek tarte bat eman du urpean, baina ezin du gehiago. Airea hartzera atera behar izan du, estu eta larri. Birikak guztiz bete gabe murgildu da ostera, eta atzera berriro atera da handik lasterrera. “Ez da ezer ikusten”, zezeldu du, “ez da ezer ikusten”, murmurikatu du bigarrengoz arnasa sakonago hartzeko.

      Kermanek pentsatu nahi luke ilobak besarkada estuarekin eragozten diolako dagoela paralisiak jota, eta horregatik ez duela berak ere uretara jauzi egiteko adinako adorerik izan.

      Hirugarrengoan bai: besapeetatik helduta dakar Ramonek Unai, eta Kermanek askatu egin du Iker, semea uretatik ateratzen laguntzeko. Ilea aitak bezala albo batera orraztuta eraman ohi du, baina bustitzen zaionean erabat aldatzen zaio aurpegia, noizbait izango den gizon heldu burusoilera hurbildu. Ikerrek sekula ito bat ikusi ez badu ere, iruditzen zaio ito baten bisajea daukala lehengusuak.

      — Jainkoarren!

      Altzairuzko eskailera herdoilduta dago, hodi baten bidea baliatuz bertan jarria, eta hara hurbildu da Ramon, Unai nekez tiraka dakarrela.

      Kermanek lagundu dio eskaileran gora umea ateratzen: indar gehiago dauka Unairen aitak besoetan jasoaldirako, zangoetan pendizean gora lasterka egiteko zeukana baino.

      — Utzi niri.

      Ubideko pasabidean alboka jarri eta kolpe lehor batekin irentsi duen ur guztia okarazi dio Ramonek. Doi-doi zabaldu du betazala, baina bortitza eta luzea izan da eztularen ondorengo ur korroskada.

      Hatsanka egiten du, begiak itxita. Dena aho. Dena sudurzulo.

      — Jainkoari eskerrak, Unai! —esan du Kermanek.

      — Ondo zaude, aita? —galdetu dio Ikerrek.

      — Bai, zer ba? —erantzun dio Ramonek.

      — Odola daukazu kopetan.

      Ramonek eskailera herdoilduan gora hodiarekin hartutako kolpea besterik ez da. Ez dirudi larria. Errekari txikiprezioan ordaindutako zerga ezdeusa. “Gaurkoz hori da dena. Joan zaitezkete”.

      Argindarraren kableak teink, eraikin karratuak basotik bereizten. Korrontearen marmarra. Urkien zilarra errepide ertzean dir-dir. Piszifaktoriako argiak atzean utzi eta etxera bidean, Belen doa gidari, eta atzean, kotxe banatan joateari uko egin dioten bi lehengusuak.

      — Erreka begietan sartu zait.

      — Betaurrekoak galdu dituzulako diozu hori, Unai.

      — Ez. Erreka da. Begietan sartu zait.

      Belenek eta Ramonek ez dakite horri zer erantzun. Usaina behintzat han dago, auto barruan. Errekaren usaina.

      Kerman eta Edurne bakarrik doaz beste autoan. Ez diote elkarri hitzik esan, emazteak, semaforo batean, autoko leihoa ireki eta Beleni kendutako zigarroa piztu duen arte.

      — Serio ari zara, Edurne? Nor zigortu nahi duzu orain?

      Basoko egun hartatik, denborak apurka-apurka bibrazio mingarriak motelduko zizkien oroitzapen begi bistakoez aparte, garoaren sustraiak lurrari heltzeko daukan indarra eta seta geratuko ziren. Zurtoin berdeekin sokatiran aritze hark eskuak nola gorritu zizkien. Eta etxe bat adarrekin eta txotxekin eraikitzeko abilezia gauzatuaren oroitzapena ere geratuko zen, jakina. Sekula berriro egingo ez duzun zerbait egiteko gaitasuna daukazula jakiteak eman diezazukeen abantaila.

      Hori edozer delarik ere.