Arkanbele kantak
Arkanbele kantak
2021, poesia
120 orrialde
978-84-17051-59-4
Azala: Ignacio Larra
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
2001, narrazioak
 

 

IZOKINAK

 

 

Taberna Irazoki

ez amurri ta ez izoki

(Herri kopla)

 

 

Marixkone ondoko kanaberadian problemarik gabe uzten ziguten hartzera arrantzarako behar genuen haga luzea, geronek bereizita gustukoena genuen huraxe. Esparatrapuz txertatuko genizkion uztaittoak, handienetik ttikienera. Pita-hari berdearen metro sail bat biribilkatuko genuen tomate edo piper poto hustuaren gerrian, dendaren erakusleihoko txirrikarik xumeena erosteko xoxa pilatu arte. Berun puska bat ere beharko genuen, baina uharri koxkor batzuekin moldatuko ginen behar bezalakorik anaia zaharragoei kentzen ez bagenien. Iskilinba okertu bat izan zen gure lehenbiziko amua; gero Agararenean fundamentu gehixeagokoak erosiko genituen, biluziak edo ile koloredunez apainduak, luma erraten genienak.

      Ez ginen arrantzale izugarriak izan sekula, baina makina bat espedizio egin genituen ibaiertz salbaian barna. Fantasia. Ur azpiko erresuman ezkutatzen ziren izaki haiek nolakoak ote ziren jakin nahia. Emozioa sentitzen genuen haietako bat harrapatzean. Ez zuten aienerik egiten airez itotzen zirenean, edo gure beharriek ez jakin haiena aditzen; gorputz irristakorrak desesperaziozko inarrosaldi batzuk baino ez zuen egiten gure eskutik ihes egiteko. Begietara begira hiltzen zitzaizkigun, baina gu soraio, haien sufrikarioaz ohartu gabetanik: xarboak, hain inuxenteak non inork ez zizun dominarik paparrean paratuko haietako dozena batengatik ere; amuarrainak, eskuratzen ahal genuen trofeo desiratuena, txiripaz harrapatuagatik ere halako ospe bat eman izanen zigutenak inoiz arrantzatu izatera (“ez amurri”); aingirak, heriosuhar borrokatzen zirenak, deskuidatuz gero ausiki markarekin ordainduko zizutenak atrebentzia, lepoa nabala kamutsez mozteko tenorean huts egiten bazenuen.

      Eta izokinak...

      Elegante ikusi usteko zenituen ura bitan ebakitzen denek lekua uzten zietela pasa zitezen.

      Halakorik egundaino ez guk (“ez izoki”), baina ezta saiatu ere: zaharrenak, behinik behin, bakean utzi; errespetu osoa haiei, bizialdia erbestean egin ondotik sorlekura hiltzera itzultzen zirenei.

 

Noizbait ere guri etorriko zaiguna ordukoz bageneki bezala.