Suzko lilia
Suzko lilia
2008, poesia
104 orrialde
978-84-92468-02-7
azala: Xabier Gantzarain
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
 

 

IREKI DITUT BESAPEAK

 

 

                        Axolagabe, ironiko eta bortitz nahi gaitu jakituriak ­

                        emakumea da bera,

                        gerlari bakarra maite du beti...

                                                  Zur Genealogie der Moral

                                                  Friedrich Nietzsche

 

 

orain badakidala ez zarela izango nire eskuen luzapen

ez zarela izango galdera preziatuen gogoeta-leku

zure hitzen oihartzunak kafe orbanak jango dituela

 

luzaroan zelatari

luzaroan ohatze galdu

 

baina orain ilargi beteak

moral berri soilik esan nahi duen honetan

nahiko nuke zuloa egin harean

eta itsasoak jan dezala

malkoek baino lehen

nahiko nuke zebrek nire eztarriak

baino ozenago abestea

fotokopiagailuetara harilkatu diren

usain sainduen gailetak

legamiaz eginak izatea

 

jakinaren gainean ileak

aspiragailuek asmatu zituztela

asfaltoak marmelada egin ez dezan

 

ireki ditut besapeak

bizkarrak erretzeko

urtaroen ohorean

 

orain badakidala bi alboen ostean

ez zarela jada nire zazpigarren ezpainen jabe izango

margotuko dut begizuria arrez eta ninia haziz

ikusten ditut zure oinak

azteken izaretan / argiari jamaika

 

hiztegiak=harresiak