Suzko lilia
Suzko lilia
2008, poesia
104 orrialde
978-84-92468-02-7
azala: Xabier Gantzarain
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
 

 

HAMASEI

 

(eraztunak hartuko gaitu

minutu bete barru

Hermannen kaleraino

baina norbait eseri edo ez eseri

erabakitzen duen uneak

nahiago du zutik begiratu)

 

luzaroan itxaron zaitut

eta orain azaltzean

ezpainak ireki eta ixten dituzu

soinuak eginez

baina badakit

ez zaitudala entzuten

esatea espero nuena

errepikatzen diot soilik neure buruari

 

kontzertura kantak ezagututa doana naiz

zuzenekoak grabazioan bezala

errepikatzen ditut buruan

ez ditut entzuten desafinazioak

ez naiz ohartzen hitzen tronpatzeaz

taldea ezagutu gabe kontzertura doanak

entzuten du hoberen:

aurreiritzi baikorrik ez duenak

 

nik

sarriegitan errepikatu diot neure buruari

zure ezpainetatik entzun nahi dudan hori

eta ezin naiz berriz ere birjina izan

zure hitzen aurrean

zuhaitz honek ezpal gehiegi ditu

orban haziegiak

eta sagarrak puntaren puntan daude

ez naiz iristen neure eskuez

eta zirkularregia da oroimena

eta haien basakeria zirkutarregia

 

zu nahi zaitut zelai umel

zu zuhaitz loredun

zu zelai loredun

zu nahi zaitut zuhaitz umel

soroak edalontziz landatzen

 

lurrean finkatutako sastraka baxuek

itzaltzen gaituzte

baina nik

zu ikusi nahi zaitut

zuhaitz loredun

irribarreak ernaltzen ari garela

 

nächste station: hermannstrasse

endstation, bitte alle aufsteigen

 

eraztunak estoldaratu dira

nola margo gorria

aurpegi zurira

 

nire baitan gelditu izan banintz

orain ez nuke eguzkiarengatik egingo zintz

nire baitan gelditu izan banintz

ustekabeengatik ez nuke egingo zintz

nire baitan gelditu izan banintz

geltokitik atera gabe

 

                  .

 

                          .

 

                                t

 

                                              z