Suzko lilia
Suzko lilia
2008, poesia
104 orrialde
978-84-92468-02-7
azala: Xabier Gantzarain
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
 

 

AMUA ERAZTUNA DA

 

hamalau burudun errimak

txapa darama gonazpikoan

mugimenduan ez dena hilik da

eta eraildako min-uhinaren platerean

den idazkariak begiak biraka darrai

malkoak hodei eginda biraka

bizirik den eulitxo zuria bezala

te egin berriaren edalontzian

karruseleko zaldiak begi urdinak ditu

eta zure bizi-ibilbidea baino randomagoa du

 

eraztunen erdigunean

hirukian eginiko bilaketak zorabiatu gaitu

ezintasuna da gure lagun handiena

agurra guztiaren hasiera

eta errealitaterik balego bezala

gau eta egunaren artean

plazera badela uste izatea bezala

bi minen artean

ez

ez

orain badakit mina bat dela

bakarra eta eraztuna bezala

borobil eta itxia

eta hatzez hatz badoa ere

beti dela eraztun

odoletan ere hotz geratzen dela

kanabera eskuari lotuta

eta amuak dira

ahoa eta begia bat egin dezaketen

eraztun hautsiak

 

amuak:

eraztun hautsiak

harrizko eskulturen oinetan

eskuen bukaeran begirada etsiak

 

eta zu prakako zulo berri

hariek askatu duten gune

iletsu tximinietako pintada

argirik gabeko argiontzi

 

zuregana lotu nauen amua

zure titiburu arroztua da