Aurkibidea
Surik ezin erantzi.
Harkaitz Cano
Agoniak hil egin dezake edo...
Hermannstrasseko Spätkauf berria
Tanta edo mundua sinpleki aztertua
Rudolf Werthen Eugéne Ysaye-ren seigarren sonata zorrozten
Egongo ez naizen egunak hatzez zenbatu ditzakezu esan zenidan eta gutxiago bazenitu nahiago nuke
Ohea agindutako lur denean eta ohea agindutako lur huste denean
Aurkibidea
Surik ezin erantzi.
Harkaitz Cano
Agoniak hil egin dezake edo...
Hermannstrasseko Spätkauf berria
Tanta edo mundua sinpleki aztertua
Rudolf Werthen Eugéne Ysaye-ren seigarren sonata zorrozten
Egongo ez naizen egunak hatzez zenbatu ditzakezu esan zenidan eta gutxiago bazenitu nahiago nuke
Ohea agindutako lur denean eta ohea agindutako lur huste denean
SURIK EZIN ERANTZI
Poema liburu bat, idazle baten lehena. Horrek esan nahi duen guztiarekin: poeta den otso lisergiko gosetia bere lurrak —aire eremua, zehatzago?— zedarritzen, suzko liliz mugatzen ari da. Allen Ginsberg bezala, uluka sumatzen dugu otsoa, gramatika harresitzen (barresitzen) eta gramatikalariak haserrarazten. Lehen liburuak duen botere alkimiko hori ez da sekula errepikatuko. Tonuak eta tresnak hautatu ditu poetak: maitasunez, baina distantziarekin; ironiaz, baina zinismorik gabe; surrealismoz, baina xalotasunik gabe (edo bai, egunotan prentsa onik ez duen arren, jar dezagun xalotasun apur bat gure bizitzan... Xalotasunik gabe giza espeziea iraungi egingo litzateke eta: «Ni naïf / zu zarëfnean». Hiriko oihanean dago poeta: kiskaltzen duen pasio hori ekarri du letretara, hizkiak ogi papurrak besterik ez diren jakitun. Baina papurrak, zeren ondoren sortu dira? Desastrea edo oturuntza, zer izan da papurren aurrekari?
Zerk gidatzen du poeta? Hizkuntzen anabasa babelikoak gidatzen du, hitz bakoitzaren sukaldera txango egin eta hitzaren ifrentzua —infernua— bilatzeko ahaleginak, hitzek malgutik dutena ertzeraino eramateko irrika inbidiagarriak, kausa-ondorio harreman ezkutuen bila egindako indusketak, desaktibatuta aktibatzen diren esamoldeek... Ez dago errazkeriarik, ez dago preziosismorik poemotan —eta baldin badago, egilea bera arduratu da irakurlearen aurretik hura saboteatzeaz—. Bila dabilenaren bulkadak eta aldizkako tximistek argitutako neurtitzak dira, dituzten argi uneek adina astintzen gaituzten arren tximistatik tximistarako tarteetan dauden inoren lur eremu trumoitsu eta ilunek. T.S. Elioten The Waste Land, ez ote da, DJen eta homo sampler-en garaiotan, The Waist Land bilakatu, eremu sentsual eta dantzagarri, alegia?
Ez dira hauek poema politikoak. Ez dira amodiozko poemak. Ez dira poema urbanoak. Baina badira («ta peau lisse est ma police»): bezperako egunkari zimurtuek osatu ohatzean larrutan ari den bikote bat da poema bilduma hau («Gortinetako loreak leiho egin dira / eta zure begi eztiek / hemen behar lukete / nireen zain / eta ez Italiako zentro-ezkerreko / koalizioaren irudian»). Ohea agindutako lur da, agindutako lur huste. Lozorro zelulez mintzo da poeta, izara arteko batailez eta ausentziaz, ustekabeko leherketez. Horixe dira, izatez, poemetako asko: liliz eta ezustez minatutako zelaiak. Tonu eta istorio nagusitik kanpoko elementuek tupustean zipriztindutako hari solteak aurkituko ditu irakurleak: auto batek putzu bat erdiz erdi harrapatu eta errepide ertzean gaudenok blai uzten gaituen legez, Jackson Pollocken dripping eta splashing teknikez baliatu izan balitz bezala Hedoi Etxarte geruza ezberdinez osatutako piezak sortzeko, kemenez, amodiozko trazo amorratuz edo amorruzko trazo amodiozkoen bidez, poemategia aurrera joan ahala gero eta minimalago, gero eta zelularrago bilakatzen diren piezak.
Esaldi berean sartzen dira aspaldion publizitatearen diktadura eta geure alokairuko gelako desio zoroak, barne taupada eta metroko bagoien karranka, bulebarretako errepresioa eta laztan intimoa, familia erretratua eta gerra katastrofearen argazki digitala, dutxatik atera berri den neskaren ile bustia eta —«fadoak gela altuetan nola»— airean geratzeko ahalmena duten film kubatarrak. Desesperazioa globalizatu da: ez ote dugu modu estandarregi bat desesperatzeko ere?
Esloganez eta graffitiz beterik dago Hedoi Etxarteren poesia: 68ko maiatzaren muinak klonatu eta han eta hemen ereiten ditu, XXI. mendeko zokoetan, probetxuz irakurri dituen surrealisten iragazki mutantetik pasa ostean. Esango dute surrealismoa hogeigarren mendeko kontua zela, baina, noizean behin, hizkuntza purgatu eta harengan dugun fedea berriztatzen du. André Bretonek ohartarazi gintuen: irudimenak ez dio deusi barkatzen. Ez barkatzeagatik, errealitateari ere ez dio barkatzen.
Lili bat. Joseba Sarrionandiaren poema daukagu denok buruan, Mikel Laboaren ahotsari esker hostoz hosto erantzi duguna, hainbeste aldiz. Kantu hori. Eros-aren ereserki pagaezin hori. Lili bat. Lilietan liliena. Bat eta bakarra. Eta nola liteke, hainbeste aldiz, hostoz hosto, erantzi?
Baina esku artean duzun hau bestelakoa da. Lili hau suzko lilia da: nahita ere atzeman, gorde, erantzi ezin daitekeena. Saiatu bestela sugarrari hostoak kentzen. Ahalegindu, benetan ari naiz: saiatu ez denak ez daki zer den hori. Umea sukaldeko su lama tximeleta den ustean hura hatzen artean harrapatu nahian. Nerabea txiskeroa hatz umelez itzaltzen: fakir txiki, jainko gura. Lehoia urrunetik kanpamenduko suari so, lezio zaharberri baten gomutaz.
Saiatu eta frakasatu egingo duzu. Eta berriro saiatuko zara berriro frakasatzeko. Baina hurrena, Samuel Beckettek erranak gogoan, hobeto frakasatuko duzu akaso, nahiz eta, zenbaiten aburuz, baikorregia zen Beckett aukera hori aipatzean.
Nahiz eta... saiatu.
Saiatu.
Beharbada lortuko duzue «biren artean liburua haustea: / irribarre erdian / poztasuna bikoiztea».
Beharbada, suzko lilia eranzten duzularik, harritu egingo zaitu zerorren burua ikusteak, han, erantzitako lili ezinezko horren zurrunbiloaren erdian, erretratu kubista, biluzi, gordinaren barruan, asfaltozko azalaren lurpeko erotikari katigatuta, utopiak modu ulertezinean txundituta. Poema batzuk irakurtzean gertatzen da: ezagutzen ez duzun hizkuntza batean mintzo zarela ohartzen zara.
Saiatu eranzten, suzko lilia.
Harkaitz Cano