Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Ordubete barru kanposantuan

 

Kontua honela hasi zen. Ea etxean nengoen galdetu zuen, eta ni neu nintzela baieztatu zuenean, ehorzlea zela esan zidan, nirekin hitz egin beharra zuela, lehenbailehen elkartzea gustatuko litzaiokeela. A, esan nuen. Ez dut esango basakatua gauez bezain azkarra naizenik, baina goizeko zortzietan, zortziak baitziren, ez naiz gauza askoz gehiago esateko.

        — Barka, baina nor esan duzu zarela?

        — Lur-emailea.

        — A.

        Ezagutzen nuen edo, hobeto esanda, banekien nor zen. Auzokoa zen, hazi nintzen auzokoa, eta umetatik nengoen ikustera ohituta, ez ordea berarekin hitz egitera, ez bainintzen berarekin sekula solasean aritu egun hartako goizeko zortziak arte, nire oroimen gero eta fidagaitzagoaren arabera bederen.

        — Eta noiz gera gintezke?

        — Ordubete barru kanposantuan —ihardetsi zidan.

        Ez zuen gehitu ondo badatorkizu edo antzeko kortesiarik. Ordubete barru kanposantuan. Horrela esanda, eta are gehiago orain idatzita dakusadala, duelu baterako hitzordua dirudi edo ezkutuko lanen bat planifikatzekoa bestela. Ordubete barru kanposantuan, esan egin behar da gero, neroni azken urte mordoxka batean hiriaren beste muturrean bizi naizela jakinda, ze ziur naiz ondotxo zekiela.

        Telefono dei batek esnatzen bahau ordubete barru hilerrian zita jarriz, ez zirudik egun aspergarri bat daukaanik aurrean, nioen neure artean. Larunbata izanik eta hik dituan planak aintzat hartuta, ezin haiz kexatu; gaur beharbada zer edo zer gertatuko duk, aspaldian gertatzen ez dena, zer edo zer gertatzea alegia, ze, penagarria bada ere, gogoratzen al haiz noiz gertatu zaian zer edo zer zapatu batean? Eta ez hadi etorri baten batekin iratzarri hintzen azkeneko zapatu goizagaz, hori ezin duk-eta gogoan eduki.

        Baikor sentitzen nintzen. Ardo botila bat eramatea erabaki nuen. Ez dakit ondo zergatik, baina bordeaux bat hartu nuen ataritik hurbil daukadan eta beti zabalik egoten den delicatessen batean. Dendatik irtetearekin bat pedante samarra ere iruditu zitzaidan, baina ustekabean harrapatu nahi nuen ehorzlea, berak harrapatu ninduen bezalaxe; nor joango litzateke, bada, ardo botila batekin halako hitzordu batera? Ni neu ere ustekabean harrapatu ninduen neronen ateraldiak. Solasean lagun zezakeen zerbaitekin joatea deliberatu nuen, egoki delako solasera bazoaz solas egiteko asmoa duzula erakustea. Horrelakoetan ardoa.

        Nitxo bat adreiluz ixten aurkitu nuen lur-emailea, sasi aldamio batera igota. Ez zen ohartu han nintzela, ez zuen behintzat halakorik adierazi, bere jardunean jarraitu baitzuen. Eta hantxe nengoen ni, besoak jausi antzean, ardo botila ezkerreko eskuan, erdi makurtuta espatula nola zerabilen beha. Leuntasun handiz pasatzen zuen lanabesa porlanaren gainean, ertzak zimurrik gabe utzi arte. Buzo urdinez jantzita zegoen, aukeran behar zuena baino taila bat edo bi txikiagoa, agian garbituaren garbituaz estutzen joandakoa, koloreak berak iradokitzen zuen moduan. Atzekoz aurrera zeraman bisera beltzak harrapatzen ez zuen ilea urdindua zuen bere gehienean. Burututako lanari txukuna iritzi zionean, zutundu egin zen aldamio gainean eta ni nengoen lekurantz jiratu.

        — Egunon.

        — Baita zuri ere.

        Lurrera jaitsi zenean bere begiak nireen parean geratu ziren, garaiera bertsuan esan nahi dut.

        — Eskerrik asko etortzeagatik —bostekoa luzatu zidan.

        Patilla luze eta zabalak zituen, ondo beteak, mutikotatik gogoratzen nituenak. Baina aurpegi hark gogoan iltzatzeko moduko zerbait baldin bazeukan, hori sudurra zen: boxeolarien gisakoa, begiak bigarren mailan uzten zituena.

        — Hau ekarri dut —esan nion botila altxatuz—, ez dakidan arren ospakizun batera etorri naizen.

        — Edozein modutan, aukera ona —esan zuen botila bi eskuekin hartuz, irakurri beharrekoa begietatik urruntzen dutenen moldean—. Edan dezagun ba.

        — Edalontzirik ez, baina.

        — Hori ez da arazoa.

        Kaperara abiatu zen, hilerriaren erdi-erdian dagoena, eta segituan itzuli zen kaliza bi eskuan zituela.

        — Fernando Landaluze —esan zuen erakusleaz azpian nuena seinalatuz—, jarrai beza dagoenean sekulorun sekulotan.

        Eta alboan eseri zitzaidan, ni ordurako harrizko hilobi batean eserita bainengoen.

        Hasieran harrigarria ez ezik itsusia ere egin zitzaidan, ezezagun ninduen heinean, halako iruzkinak egitea defuntu baten gainean; hasieran diot, zeren gerora konturatu nintzen arrazoiren bat izango zuela gisa hartan hitz egiteko. Agian nire aita zenarekin loturaren bat izan zezakeen Landaluze jaunak, eta hortaz profitatuko zen bildu gintuen kontuari ekiteko. Zeharka joate horrek ere izango zituen bere zergatiak, beharbada mamira zuzen ez jotzeko ohitura hutsa edo inguruak ibiliz erdigunera iristeko molde pausatua. Zatekeena zen zuzen jokatzeko joera azaldu nahi izatea komentario harekin, zakar samar hitz eginez eta ustez errespetatu beharreko zerbaiten gainean gupidarik gabe ekinez. Nonbait, han batu gintuen kontua konfiantza maila bateko terminoetan jarri nahi zuen.

        Birabarki bat poltsikotik atera, botila zabaldu eta kalizak bete zituen.

        — Itxura ederra du.

        Eta topa gisan berea altxaturik usaindu egin zuen, begiak erdi itxita. Nik ere altxatu nuen neurea, jakina, baina begiak zabal-zabalik nituenez ez nuen ardoa usaindu. Onartu behar dut, ardoa hilerrian bertan edan behar genuela erabaki zuenean egonezin ñimiño bat sentitu nuela une batez; gero, kalizekin zetorrela ikusi nuenean, berriro igarri nuen ezinegona, baina ez hain ñimiñoa, zertxobait luzeago baizik.

        — Zaude lasai —esan zidan irribarrerik gabe baina ahots eztiz.

        — Lasai nago —erantzun nion konbentzimendu handirik gabe.

        — Pentsatu dut deseroso zeundela. Hemen, kaliza eder hauetatik ardo eder hau edaten... uste izan dut norbait azalduko den beldur zinela, gaiztakeriaren bat egiten ari denaren larruan.

        Bete-betean asmatu duzu, nik neure artean.

        — Ez didazu esango ez dela bitxia —sakatu nion— bordeaux hau kaliza banatan dastatzea Landaluze jaunaren gainean, elkarrekin lehenengoz hizketan dihardugun bitartean. Beharbada zuk sarritan izango dituzu era honetako jardunak.

        — Ez haserretu, gazte. Orain, ordu hauetan, hona ez dator inor.

        — Jendearen joan-etorri guztien jakitun zarela esan nahi duzu?

        — Ez, noski. Hori zientifikoki okerra litzateke. Baina kanposantu honetako mugimenduen sarea oso urrun dago kaosetik; beraz, auzi honetan, nire kontrol sistemaren huts egite maila oso baxua da.

        — Orduan, esate baterako —zirikatu nuen—, jakingo duzu nor etorriko den bihar edo etzi.

        — Ez ezazu harrokeriatzat hartu —ihardetsi zidan—, baina halaxe da. Badakit bihar Dionisio Martinez eta Benigno Zabalaren alargunak etorriko direla; noizean behin hurbiltzen da Zabalaren alaba ere. Eta esan diezazuket bakoitzak ekarriko duena eta nola txukunduko dituzten euren senarren nitxoak. Baina hau guztia ez da batere harrigarria eta ez zintuzke aztoratu behar; izan ere, oker ez banago, zu irakaslea zara eta zure buruan ehunka aurpegi izango dituzu, nor bere izen-abizenekin eta zirkunstantzia ugarirekin.

        Zuzen zegoen. Aste batzuen buruan ehunen bat ikasleren izen-abizenak, bakoitzaren jesarlekua eta jesarrera, amodio kontuak eta bestelako elkartzeak, nahi baino gehiagoren gurasoak edo tatuaje zenbaiten kokapenak ikasten ditugu gure langintzan. Kanposantua errazagoa da. Ehorzle on batek, liburuzain on batek bezala, badaki ale bakoitza non dagoen, eta zuzen eramango zaitu edo ekarriko dizu. Hori ehorzle on batek. Baina lerroz lerro hilerriko nitxo guztien izenak emateko gai dena, zalantzarik gabe, liburuenak errenkadan emateko gai den liburuzaina bezain arruntetik haragokoa da. Denborarekin frogatu ahal izan nuen hauetakoa zela ehorzlea.

        — Ba, pentsa ezazu hemen matrikulatzen dena luzarorako dela.

        — Eta beheko hau —nik ere erakuslea erabili nuen geure azpian zetzana seinalatzeko— ez omen zenuen oso adiskidea.

        — Ez gara elkartu honi buruz hitz egiteko, honen albokoari buruz baizik.

        Eta eskuma aldean genuen hilobi soila baino gehiago baina panteoia baino gutxiago zen zerbait hura seinalatu zuen, kokotsa eta bekainak altxatuz. Edozein modutan panteoi hitza erabiliko dugu aurrerantzean bera izendatzeko, ez baiteritzot oso egoki panteoitxo, ezta panteoi txiki.

        — Jakingo duzunez, zure aitaren hilobia da hori.

        — Baita aitaita-amamena —zehaztu nuen.

        — Halaxe da, bai —onartu zuen lur-emaileak—. Eta laugarren batentzako tokia ere badago.

        — Asko sartuko lirateke hor —neronek, umore bolada batek jota— aurretik labetik pasatuz gero.

        — Errautsak mendietan eta itsasoan barreiatzeko joera ari da nagusitzen, tamalez —esan zuen, nahiz eta ezin izan nuen asmatu umore hutsez edo ofizioaren etorkizunean suma zitzakeen laino beltzez ziharduen—. Ez al duzu udaletik ohar bat jaso panteoia dela-eta?

        — Zer da, ba, jaso behar nuena?

        — Hilerrian berrikuntzak egiten ari dira, ikus dezakezun legez, nitxo gehiago egiteko. Eta nitxoen eraikin berriari lekua egiteko, zure sendiaren panteoia zertxobait mugitu behar litzateke, atzeko hormarantz. Halakoak egiten direnean udalak jakinarazi egiten dio dagokionari, sendiari, alegia.

        — Ba, esango nuke ez dirudiela niri halakorik dagokidanik, izan ere lehen berria dut honetaz guztiaz.

        Kalizatik edan nuen, sikatea egin baitzitzaidan goiz sargorian, eta jarraitu nuen:

        — Hala ere normala iruditzen zait, norbaitek jasotzekotan udalaren ohar hori alargunak jaso behar lukeela. Nire amak hain zuzen ere. Edo bere arrebak agian.

        Ehorzleak baietz esan zuen buruarekin. Eta isilik geratu zen. Isilik geratu ginen, han, Fernando Landaluzeren gainean, eskuetan kaliza bana genuela. Astiro-astiro ardoa isuri zuen kalizetan eta edan egin genuen. Astiro-astiro, isildu egin zen haizea bera ere, isiltasun erabatekoa egin zen, hala iruditu zitzaidan bederen, nahiz eta errepidea urruti ez izan. Kanposantuetako isiltasuna nonbait. Orduan ikusi nuen isiltasun hura zela ehorzlearen marko, nolabait esateagatik, naturala: berea eta berezkoa. Esan nahi baitut, orduan, une hartantxe, pentsatu nuela, bada, honelakoa izan behar du gizon honek, gizon hau hauxe da, orain dakusadan gisakoa. Isiltasunean. Halaxe jarraitu genuen harik eta botilaren azken tanta isuri arte.

        — Amaitu da —berak.

        — Eta zergatik ez duzu nire amarengana jo esan behar didazuna esateko, zerbait esateko balego?

        — Errazena zuregana jotzea zitzaidalako —horrela erantzun zidan, labur, laburregi nire gusturako.

        Bekainekin adierazi nion ea nolatan errazagoa, bekainekin eta begiekin, edonork froga baitezake bekainak altxatzea, izatez, begiak zabaltzearen ondoriozko higidura dela.

        — Zu ikusten zaitut tarteka, eta ez dut zailtasunik izan zure helbidea jakiteko.

        — Ni baino hurbilago duzu nire ama, bizitokiz behintzat.

        — Hala izango da, baina urteak dira ez dudala ikusten eta ez dakit non bizi den, ezta norengana jo behar nukeen beragatik galdezka. Zure kasuan, ordea, erraza izan da. Aski izan dut zure adinkide batzuekin hitz egitea argibideak eskuratzeko. Auzo berean bizi eta urteak joatea elkar ikusi gabe sinesgaitza egin zitzaidan. Dena den, bi ahizpari buruz behin egunkarian irakurri nuena gogoratu nuen. Gerran banatu omen ziren: Sobiet Batasunera eraman zuten txikia eta hemen geratu zen nagusia. Orain dela urte gutxi irakurri nuen eta harrezkero beti datorkit gogora, auzokideen bideak ez gurutzatzeaz zerbait entzuten dudanean. Laurogei zituen txikienak osasun zentroko itxarongelan zegoen batean bere abizenak entzun zituenean, aurretik beste izen bat zutela. Askaon bizi zen ahizpa bat eta Sendejan bestea.

        — Konforme —esan nion—, baina bada zerbait niregana zuzentzearen balizko arrazoien aurretikoa. Alegia, zergatik deitu didazun. Ze, pentsatu behar dut, amak edo izeko Margaritak, bietako batek, udalaren jakinarazpen ofiziala jasoko zuenez, han azaltzen diren kontuez haragoko zer edo zer dela esan behar didazuna.