Aurkibidea
Aurkibidea
Marlon Brandorekin solasean
Duela lau hamarkada Bolatokiko joko-mahai haren inguruan jesartzen zirenetatik bik jarraitzen zuten bizirik. Urruti gabe biak, Martin Lopez Aginakoren esanetan:
— Durangon bertan bizi da Jose Mari Rubio, emaztearekin. Hamarren bat urte dela galdu zuten seme bakarra. Harrezkero erabat elizkoi dago, etxetik elizara eta elizatik etxera. Eta Gerardo Setien, aldiz, Galdakaora ezkondu zitzaion alaba batekin bizi da. Pare bat bihotzeko eta beste hainbat ebakuntza izan eta gero eraman zuen alabak. Entzuna dut ez dela etxetik irteten, baina ezin dizut ziurtatu.
Errazena Rubiorengana jotzea zen. Martinek berak esan ziezadakeen non bizi zen eta non harrapa nezakeen mezaren batetik irten ostean. Setienez, ordea, Galdakaon bizi zela baino ez zekien. Hala ere, neukan informazioa urria izan arren, barrenak esaten zidan hobe zela Setienekin hitz egitea aurrena. Etxetik irten gabe bizi denak, hala bazen behintzat, ez duenez aukera handirik mintzakide berriren bat izateko, izan dezake entzule berriren bat izateko gogoa. Ordurako ez baldin bazen bere baitara erabat bildu eta, ondorioz, kanpoko doinu txikiena hari bost axola. Topa nezakeen, topatzekotan, entzule arretatsuarekiko esker onez, luze hitz egin nahi zuena. Beste kontu bat litzateke bere buruaren egoera, memoria eta koherentzia barne.
Rubio elizkoia, etxetik elizara eta elizatik etxera Martinen hitzetan, ez zitzaidan fidagarria iruditzen. Iragana garbitzen buru-belarri dabilena, zeruan tokitxoa izateko mundutik kanporago egon daiteke etxetik irteten ez dena baino. Oroimena zimurrik eta arrakalarik gabe izanda ere, oroimenetik bertatik oroitzapenera, oroitzen den moldera, bidea luzea da. Oroitzapenak, erabat eraldatuz, egungo norbere izaerara egokitzea arrunta da. Erlijioa tartean dabilela, desitxuraketa izugarria izan daiteke. Beraz, elizkoiarengana barik, bestearengana jotzea hobetsi nuen.
Martinek neke handirik gabe jakin zituen Gerardo Setienen helbidea eta telefonoa. Ez zidan galdetu ea zertarako egon nahi nuen berarekin. Baina Setien jaunak jakin nahi izango zuen, noski. Esan niezaiokeen aita zenaren bizitza ezagutu nahian nenbilela, ezagutu zuen jendearekin mintzaturik. Zer dela-eta, pentsa zezakeen; pentsatuko zuen. Zer dela-eta, galde zezakeen. Esan niezaiokeen idazlea nintzela, edo zinemagilea, eta handik eta hemendik bizitzari zuzen hartutakoekin josten nituela istorioak. Primerako materiala izan zitekeela Bolatokiko mahai hartako jokoa. Edo antropologoa nintzela eta jokoaren inguruko tesia egiten niharduela. Primerako materiala horretarako ere.
Gizalegeak hala agintzen duela susmatuta, telefonoz deitu nuen. Gizonezko batek hartu zuen, Gerardo Setienen suhia, pentsatu nuen. Esan nion zaharraren aspaldiko lagun baten semea nintzela eta berarekin hitz egin nahi nuela, ahal balitz.
— Alaba jarriko da, hitz egin ezazu berarekin.
Atsegina iruditu zitzaidan emakumearen ahotsa, gizonarenaren aldean presentzia handikoa.
Aurkeztu nituen neure burua eta nahia:
— Cosme Gezetaren semea naiz, zure aitaren aspaldiko lagun bat. Eragozpenik ez balego, zure aitarekin egon nahi nuke.
— Orain lotan dago, baina bihar emango diot zure berri. Deitu ezazu bihar eguerdian.
Erlojuari begiratu nion. Bederatziak ziren. Agian erlojuari begiratzeko hartu nuen denbora galdera tankerako isilunetzat hartu zuelako, edo besterik gabe, xehetasun batzuk eman zizkidan.
— Ahul dauka bihotza. Arnasa arazoak direla-eta, egunean hainbat ordu ematen ditu oxigeno botilari lotuta.
— Ez dut trabarik egin nahi. Bakarrik, ondo baderitzozue —honela esan nuen: baderitzozue—, zure aitarekin solasalditxo bat izan nahi nuke.
— Deitu bihar eguerdian.
Eta halaxe egin nuen. Alabak hartu zuen telefonoa:
— Egun on, Gezeta jauna.
Ez zitzaidan ohikoa jaunakako trataera hori. Zitekeena zen setiendarrenean eta euren inguruan ohikoa izatea. Gauza jakina da lur eremu berberean mundu arrunt diferenteak daudela, elkar ukitu ere egin gabe batzuk.
— Aita bera jarriko da oraintxe.
Gerardo Setieni entzun nion lehenengoa arnasa hartzeko ahalegina izan zen, birikak betetzeko saio erdi antzua.
— Cosme Gezetaren semea, orduan.
Ez zuen egun onik esan. Horregatik eta ahotsaren doinuagatik, agintzera ohitutakoaren antza hartu nion. Agintzen segitzen duena ziurrenik.
— Bai, jauna. Eta ondo irizten badiozu, zurekin egon nahi nuke tartetxo batez.
Zertarako edo zergatik azaltzea egokitzen zitzaidan, eta unetxo bat igaro zen neronek ere arnasa hartzen nuen bitartean. Arnasa hartzeko etenek ez zioten indarra erabat lausotzen zaharraren ahotsari. Ez nuen nire nahiaren zergatiez azalpenik eman behar izan.
— Zatoz bihar bertan, eguerdian.
Telefonoa hartutakoan egun onik eman ez zidan bezala, ez zuen gehitu ondo badatorkizu edo antzekorik. Agintzen jarraitzen zuela berretsi behar. Ez nekien noraino iristen zen bere aginte hori, eguna ematen eta geratzen zitzaion bizitza emango zuen etxeko hormetatik harago zabaltzen zen ezin jakin. Aginteaz, gainera, kontua ez da soilik eremua, botere eremua, boterearen sakonera baizik, zenbaterainoko den agintariaren eskuduntza pertsona eta ogasunen gainean.
Eguerdia zer ordu izan zitekeen, ez nekien oso seguru. Hamabietan balitz, bi eskola ordu galdu beharko nituen. Ez nintzen horregatik atsekabetu.
— Hor izango naiz hamabietan.
Alabak ireki zidan atea. Irri neurtuz eman zidan bostekoa, besoa osorik luzaturik, dena esan behar bada.
— Alejandra naiz, Gerardoren alaba. Aita zain daukazu.
Besaulki oparo batean zegoen Gerardo Setien. Lehen begiratuan ehun eta berrogei kilo inguruko gorputzarra iruditu zitzaidan. Ez zeukan mantarik belaunetan, ezta etxe-jantzirik ere. Kaleko jantzita zegoen: alkandora urdina, traje beixa, larruzko zapata distiratsuak. Etxean egotera derrigortuak egin lezake kalerako bidea etxetik irten gabe. Esaterako, kalerako jantziz. Etxeko arropak erantzi, garbitu, bizarra egin eta, prestakuntza luzatuz, bulegora joateko gisan jantzi, larruzko zapata distiratsuak barne. Orraztu, gizonentzako lurrin tanta batzuk egin ilean eta sorbaldetan, eta prest.
— Beraz, Cosme Gezetaren semea.
— Halaxe da, bai. Duela gutxi Bolatokin izan nintzen lehen aldiz. Martin ezagutu, argazki zaharrak ikusi...
— Eta Cosmeren lagun zaharra ezagutu behar zenuela bururatu zitzaizun.
Galderaren eta baieztapenaren arteko tonua eman zion esaldiari. Ez zen baieztapen hutsa izan, hori argi zegoen. Galdera hutsa ere ez, nahiz eta gehiago izan honetatik. Ukitu lauso horrek ironiari ere egin ziezaiokeen tartea. Eta orain aitaren bila hastea bururatu zaizu? Zer dela-eta? Hau guztia eta gehiago izan zezakeen buruan aurrean nuen gorputzarrak. Ez nekien zer jakin zezakeen aitaren bizitzaz, ezta nirekin izan zuen, izan ez zuen, harremanaz. Horiek jakin izan banitu, agian, bere osotasunean ulertuko nion-eta Cosmeren lagun zaharra ezagutu behar zenuela bururatu zitzaizun hori. Ez nion, baina, ulertu.
The score filmeko Marlon Brando nuen aurrean, itxurari zegokionez bederen ze, bere izaeraz, Gerardo Setienez ari naiz, une hartan ez neukan arrastorik ere. Lasaitasuna zeriola esango nuke, nahiz eta arnasketak, konpasatua izanda ere, nabarmenki mugitzen zizkion aurpegia, lepoa, paparra eta sabela. Ordena horretan. Gerritik gora, alegia, nolabaiteko uhinek hartzen zuten gorputzar hura. Baina, tipo hau beti janzten da honela edo bisita duenetan bakarrik edo nire bisitagatik da?
Zinemagilea nintzela, edo antropologoa, esateko unea zen. Harrigarria bada ere, ez nerabilen halakorik buruan, nire bisitaren zergatia azaltzea ez zen nerabilena. Buruan neukana, orain gogoratzen dudan moduan behintzat, Marlon Brandotzar hura zen, aurpegitik sabeleraino barrenean egiten zitzaizkion uhin konpasatu haiek, janzkera hura zenbateraino zen ohikoa. Eta horrelakoak. Kontu ugari, baina bat ere ez egoerak eska zezakeenik. Arreta ez da nire dohainik behinenetakoa. Ez da inoiz izan. Izan nintzen eskola umea gaur eskolan balebil, irakasleak aspaldi esango zion amari eskola ume horren arazo ugarietatik behinena arreta eza dela.
— Eta?, zer moduz zaude, Setien jauna?
Bekainak jaso zituen pittin bat. Ezpainak samurtu doi-doi. Uhinen frekuentziak bere horretan jarraitzen zuen. Dotore konpasatua. Ergel galanta etorri zait, pentsatu behar zuen. Baina, aldi berean, aukeratxo bat ematea ere bai ergel galant hari. Beharbada ez da erabat idiota, menturaz motela baino ez da, ez daki elkarrizketari nondik ekin.
— Ni ondo, eta zu? Alejandra, ekar itzazu kopa bi ardo.
Bigarren esaldia beste doinu batez ebaki zuen, lehena baino zertxobait lehorrago. Aukeratxoa ematen zidala ere adieraz zezaketen bigarren esaldi hark eta doinu aldaketak. Galdera erantzutea ere eragozten zuenez, ez zitzaiola axola deliberatu nuen, niri jakinarazten zidala ez zitzaiola axola ni nola nengoen, ezta ere bera zelan zegoen niri kontatzea. Galdera ergela zela jakinarazi nahi zidan. Normala, horrenbestez, galdera idiota egiten duenari ez galdetzea zer hartu nahi duen. Alejandra agindua betetzera joan zen.
— Nire aita ez zen hil —esan nion.
Alejandra etorri zen, erretilu batean bi kopa ardo zekartzala. Lehenengo niregana luzatu zuen erretilua, kopa har nezan. Bere aitak berea hartu zuenean alde egin zuen, «Behar banauzu, deitu» esanez Gerardo Setieni. Honek ez zion ezer esan, begiratu ere ez, uste dut, erretilua bere kasa hegan etorri eta hegan joan bailitzan. Kopa altxatu zuen.
— Cosme Gezetaren alde, topa.
Kopa altxatu nuen. Ardoak merezi zuen goraipatzea, baina, elkarrizketari eman nion hasiera aintzakotzat hartuta, ergelago geratzeko aukerak oro ekidin nahi nituen. Setien jaunaren arnasketak konpasa galdu zuen unetxo sumagaitz batez, berehala lehengo uhin frekuentziara itzultzeko; aurpegiak, ordea, lehengo lasaitasunean jarraitzen zuen. Oxigenoa gogoratu nuen. Gogoratu nuen Agustinek esan zidala behin, badirela oxigeno tabernak hiri askotan, zeinetan O2 txute bat har zenezakeen lasai asko. Batzuen esanetan, edertotxo igotzen zaizula ganbarara eta, gainera, deskantsatua sentiarazten zaituela. Edozein egunetan jarriko zituela halako pitxer batzuk. Litekeena da, pentsatu nuen, tipo honek, bisitaria etorriko zitzaiola-eta, ohikoa baino zertxobait gehiago hartzea bere pitxerretik.
— Orduan, behintzat, ez zen hil —esan nion—. Gerora, ez dakit.
Bekainak doi-doi altxa eta buruarekin baietz egin zuen, astiro-astiro, bere arnasketa nekezak eragiten zizkion uhinen erritmo geldoan. Bestelakoan, lehengo lasaitasunean zeutzan.
— Gu, Bolatokin jokoan batzen ginenak, ez ginen adiskideak.
Baina, jokoa bera tarteko, adiskideek batak besteaz jakin dezaketena beste edo gehiago jakin zenezaketen zuek albokoaren zenbait kontu intimoez, nioen neure baitarako, apaizek sasoi batean, sasoi hartan esaterako, jakin zezaketena beste edo gehiago, BBKk dakiena baino gehiago. Gainera, ez nuen irudikatzen Setien Garraioak enpresaren sortzaile eta buruak adiskideak izan zitzakeenik. Ez lehen, ez orain. Pertsona maitagarri eta maitekorrenak ere, zenbat adiskide izan ditzake bizitza osoan? Pertsona molde horretatik urrun nekusan Marlon Brando hura. Beharbada ez neukan motiborik, daturik, behintzat, ez neukan batere, alabaina pertsona agintari gisa irudikatzen nuen. Bizi zen eremuetan, negozioak eta familia batik bat, eguna agintzen ematen zuen gizona iruditzen zitzaidan. Harremanetan, harremanak botere harreman ere badiren heinean, beti goiko erpinean dagoenak nekez izan lezake adiskiderik. Esan gabe doa, ez naizela gauza adiskidea zer den azaltzeko. Seguru aski Gerardo Setienek bere bizitza osoan izandako harremanik horizontalenak Bolatokiko mahai hartan zituenak izan ziren. Hori hala balitz, zitekeena zen samurtasun ukitu batez gogoratzea sasoi hura. Ordurako Cosme Gezetaren semea erabat idiota zenaren hipotesia baztertuta izango zuelakoan nengoen arren, ez nuen arriskatu nahi izan, badaezpada. Isilik geratu nintzen.
— Zure aita 64an jesarri zen gurekin jokoan. Egia esan, ordura arte, gehienetan Rubio, Cleto eta hirurok elkartzen baginen ere, ez zen talde bat. Ez zen gero, zure aita etorri eta lasterrera, osatu zen bezalako talde finkoa. Martinek ekarri zuen gure mahaira. Ez dakit aurretik elkar ezagutzen zuten. Nik orduantxe ezagutu nuen, Bilbotik ei zetorren.
Susmoa nuen Setienek ondo zekiela Mahatserritik joan zela; susmoa, ezjakin edo ezaxolaren plantak egiten ari zela.
— Mahatserritik —argitu nion, eta berak sorbaldak eragin zituen.
Arrazoi zuela aitortu behar zaio, zer lekutatik zetorren ez baitzuen garrantzirik.
— Kontua da, Cosme Gezeta ez zela Alluitzen hil. Hileta antzerki hutsa izan zela, bere ihesa ezkutatzeko antzezpena —zuzen bota nion, hain zuzen ezen, behin abiadura hartuta, farol bat botatzeraino iritsi nintzen—: Honen guztiaren antolakuntza, antolakuntzaren zati handi bat behintzat, Bolatokiko mahai hartan egin zen.
Sabeleraino jaisten zaizkion uhinen frekuentzia areagotu egin zitzaion Setieni. Beharbada ez zen izan nik esandakoagatik, beharbada apur bat lehentxeago hasi zitzaion, oxigeno eskasiagatik beharbada.
— Lastima Cleto gure artean ez egotea —esan zuen solemnitate aire batekin.
Oraindik ez dakit adarra jotzen zebilkidan. Normala iruditu zitzaidan forentsea aipatzea, azken batean, hildakoak zituen lantegi.
— Nire aita Gorostidi forentsearen lagun egin zela adierazi nahi didazu?
— Ez ginela adiskide esan dizut, gazte, baina egia da batzuetan zorrak kitatzen genituela dirurik erabili gabe. Beti hala ez bazen ere, norbait dirurik gabe geratzen zenean gertatzen zen hori.
— Badut mesedeen bidez zorrak kitatzeko zenuten jokabide horren berri —aitortu nion, ia-ia moztu egin niola esango nuke, jakin zezan banekiela hori eta, hori nekien bezalaxe, gehiago ere jakin nezakeela.
Ez dut uste inpresio handirik eragin zionik esan nionak. Entzun ez balit bezala jarraitu zuen, nire galderen beharrik ez balu bezala.
— Rubio eta biok geratzen garenez bizirik, edo erdi bizirik, ez dakit zergatik, baina susmoa dut nigana jotzea lehenetsi duzula. Beharbada baduzulako Rubioren bizimodu jainkojalearen berri. Zerorrek jakingo duzu. Hala eta guztiz ere, komeni zaizu pare bat kontu jakitea. Joko-kide guztiok egin genitzakeen joan-etorriak legearen marraren beste aldera, baina marraren beste aldea hobekien ezagutzen zuena Rubio zen, bitxigilea.
Azken hitza azpimarratu zuen, bitxigilea, horrek adieraziko bailuen legetik haragoko eremuetan ibiltzeko aukera. Nik ez nuen hain argi ikusten baieztapena ze, horrenbeste sinesgarri begitanduko zitzaidakeen Rubioren ordez Setien esatea eta bitxigilearen lekuan garraiolaria.
Jakitea komeni zitzaidan beste kontua aipatu zidan ondoren:
— Ez dakit zure aitaren kontu horretaz. Nolanahi ere, mahai hartako gorabeherak jakin, bertan esertzen ez zenak zekizkien inork baino hobeto.
— Martinek?
Baietz esan zidaten Marlon Brandoren begi ilunek.
— Hori da. Eta orain, gazte, amaitutzat eman behar dugu elkarrizketa hau, beste kontu batzuk ere baditut-eta. Cosmeri buruzko zerbait gomutara etortzen bazait, jakinaraziko dizut, aldez aurretik deitu eta hona berriz etortzen bazara.
Gorputzarra airos samar altxatu zen besaulkitik. Aterako bidea erakutsi zidan besoa luzatuta. Alejandra ez zen agertu.