Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Bitxigile damutua

 

Bolatokin sartzearekin batera, pilotak frontisa jotzen duen istant efimero eta bortitz batean bezala, pentsatu nuen, agian hara ninderamana ez zela soilik Martinekin egoteko xedeak, honek Jose Mari Rubiorengana bidera nintzan. Horixe pentsatu nuen, atea zeharkatu eta Elenaren begiekin topo egin nuenean. Hurbiltzeko keinua egin zidan irriño polisemiko batez. Mostradoreko taburete batean jesarri nintzen eta txakolin bat eskatu. Berehala damutu nintzen. Edozein tabernariri zuzentzen zaion moldean zuzendu bainintzaion. Litekeena da aurpegiak, begiek edo tonuak zerbait gehiago adieraztea. Baina hala zuzendu nintzaion:

        — Txakolin bat, mesedez.

        Damuarekin batera, nire gorputzak zerbait gehiago adierazi izango zion esperantza nuen. Ez dut gogoratzen arratsalde on esan nion edo ez.

        — Aitarekin egotera zatoz? —galdetu zidan, hasierako irriñoa batere aldatu gabe, zertxobait areagotuz beharbada.

        — Hori uste nuen tabernako atera iritsi arte, baina, sartu bezain laster, konturatu naiz ez dela horrela. Ez dela guztiz horrela.

        Eta Martin agertu zen. Abiadura eta norabidea taxuz hartuak nituenean doi-doi. Atzetik hurbildu eta aupada bat eman zidan bizkarrean.

        — Hara!, Gezeta gaztea dugu-eta hemen.

        Eta zu ez bazintugu, mesede galanta, pentsatu nuen. Elenak mostradorean edalontziak lerrokatzeari ekin zion. Ez zuen galdetu beharrik bere aitarekin sartu ziren lagunei zerbitzatzeko. Martinek bizkarretik hartuta metro apur batzuk apartatu ninduen.

        — Egon zara Setienekin?

        — Herenegun izan nintzen bere etxean.

        — Eta?

        Ez neraman pentsatuta aurreikus zitekeen galdera horri zer erantzun. Seinalea, Martinekin egotea ez zela hara ninderaman kontu bakarra. Ahaztura honek adieraz zezakeen ez zela ezta kontu nagusia ere. Setienen osasunaz has nintekeen, baina susmoa nuen hori, hori jakitea, ez zela Martinen galderaren xede nagusia.

        — Bolatokiko jokalari haien gainean hitz egin dit.

        Martin zain nuen, jarrai nezan. Isilunea ahal bezainbeste luzatu nuen. Berak nekez eutsi ziolakoan nago, «kontaidak ba» ari baitzitzaidan esaten aurpegiko muskulu guztiekin. Eta hori, ez zekiela Cosme Gezeta ez zetzala bere izeneko hilobian.

        Gozatzen ari nintzen. Laster konturatu nintzen, ordea, Martinek ez zidala galdera zehatzik egingo, ez behintzat nik hartarako beta ematen ez banion. Handituko zitzaion odoluzkia izugarrizko azkura eragin arte, lehenengo, eta mina gero, baina eutsiko zion.

        — Jose Mari Rubiorekin hitz egitea erabaki dut.

        Ez zitzaion gustatu, aurpegiko muskuluek, unetxo batez, argi adierazi zutenez. Ez neukan aurreikusia Martini zer kontatu eta zer ez. Ez nion ezer aipatu Setienekin hitz egindakoaz eta, are gutxiago, aitaren desagerpenaz. Nahiz eta, Setienek esandakoagatik, Martinek zerbait jakin zezakeela susmatu. Horrexegatik agian. Batek daki, menturaz Elenarekin hasitako solas esperantzagarria eteteagatik ere bai.

        Galdetzera nindoakion non edo noiz harrapa nezakeen Rubio. Bera zain nuen, Clint Eastwooden aurpegi ohikoenarekin. Robert Mitchumena jartzen ahalegindu nintzen ni, ezkerreko bekaina pittin bat jasoz eta, ezpainak banatu gabe, irritxo bat eginez. Ez nion ezer galdetu.

        — Eskerrik asko, Martin, egongo gara —mostradorera itzuli nintzen, Martinek etendako hariaren bila.

        Ile motots belzdun mutil gaztea moskatel bat zerbitzatzen ari zitzaion igeltsero antzean jantzitako gizonezko bati. Bere lagun gazteak ogitarteko bat jaten ziharduen, aurrean garagardo pitxer handi bat zuela. Elenaren arrastorik ez zegoen.

        Zuzen abiatu nintzen elizaz eliza bira bat egitera, mezen ordutegien peskizan. Andra Marin ohartu nintzen, egunkariren batean begiratzea neukala, hemen baditugu-eta egunkari katolikoak. Hiru meza zeuden arratsalde hartan, zorionez ordu ezberdinetan. Norbaitek bat baino gehiagora joan nahi badu, bidea erraztearren. Hori zen nire kasua. Egia esan, Jose Mari Rubiok ez zuen traba handirik egiten nire buruan. Elenarekin hasitako elkarrizketak, onartuta trakets hasi nuela, kurioski indarberritu ninduela zirudien; kementsu nindoan nire ikerketan, edo dena delako hartan, aurrera egiteko asmoz. Elenarekin zetorkeenak, horrek okupatzen zuen nire gogoa. Martinek etendako solasa ezin okerrago hasi nuen, baina, nire kontsolamendurako baino ez bazen, zuzentzen hasia nintzen tabernariak hain desegokiro moztu zuenean. Elenaren irria ez zen desagertu bere aitak eraman ninduenean. Nik, behintzat, solas interruptus hura irriño harekin gogoratzen nuen. Kontu hauek hartzen zuten osorik nire burmuina.

        Hala ere, banuen oinarrizko estrategia bat. Ez nuenez Rubio ezagutzen, meza irteeran adin bertsuko gizonen batengana zuzenduko nintzen «Jose Mari Rubio?» esanez. Ziurrena huts egitea izango zen, baina, hura bazen Rubio joaten zen eliza, hurreratutakoak esan ziezadakeen nor zen. Estrategiak ez zuen huts egin. Halaxe aurkitu nuen. Bigarrenean, Santa Anan. Zuzendu nintzaion aurreneko gizonak erantzun zidan baietz, hango huraxe zela.

        Alaitasun gutxiko gizona iruditu zitzaidan lehen begiratuan. Beharbada, albo batera utzi gabe Rubioren konbertsioaz Setienek eta Martinek iradokitakoa, testuinguruak eraginda izan zitekeen, eliza parean baikeunden, hura liturgiatik irten berritan. Jainkoa jan berri zetorren, eta horrek digestio astuna ekarri behar du ezinbestean.

        Rubio bakarrik zegoen. Agurtu zituen mezetatik irtendako batzuk eta bere bideari ekin zion. Orduantxe hurbildu nintzaion.

        — Cosme Gezetaren semea naiz.

        Ez zuen harridurarik erakutsi. Bere aurpegiak, niri behintzat ezertxo ere esaten ez zidanak, ez zuen aldaketa printzarik txikiena izan. Aurpegiak ez zuela ezer esaten, esateko modu bat da, noski. Ez zen hotza, ezta beroa, epela ere ez. Emoziorik gabea. Hori da, emoziorik gabea.

        — Unetxo bat baduzu, zurekin hitz egin nahi nuke.

        Betondoa zimurtu zuen, begietara so geratu zitzaidan. Nire eskariari baietza ematea erabaki zuen. Elizatik hurbil dagoen arboladi batera eraman ninduen eta banku batean eseri ginen, Mañaria errekari begira. Esan nahi baita, ez geniola elkarri begiratzen. Tira, nik agian begiratu nion noiz edo behin, betertzez gehienetan. Berak, aldiz, ez zidan begiratu, hori ziurta dezaket. Ez da pentsatu behar, ordea, iheskor zebilkidalako ez zidala sorik egiten. Hori ematen zuten aditzera jesartzera gonbidatu aurreko begiratu zorrotzak eta, batik bat, ahots sendoz hitzak ebakitzeko moldeak.

        — Zeuk esango duzu.

        — Kontua da, Rubio jauna, Cosme Gezeta ez zela hil. Duela gutxi jakin dut.

        Hau entzunda ere, ez zuen begirada errekatik aldendu. Isiltasuna. Banekien neronek jarraitu behar nuela. Ezin nuela esandakoa bere horretan utzi, azken batean, neu joan nintzaion eta zerbaiten bila joango nintzaion. Baina isiltasunari eustea aukeratu nuen. Gizon elekoiztu hark, zebilen penitentzia eternaletik, zekiena berez kontatuko zidan esperantzarekin, menturaz. Ez zirudien horretarako aldartean.

        — Pozten nau ez zela hil jakiteak.

        Kristau tonua jarri zien hitzei. Esango nuke hasperen ere egin zuela. Okaztagarria iruditu zitzaidan. Jainkoari eskerrak ematea falta izan zitzaion. Banekien alboan nuena jokalaria zela, damutua, baina jokalaria. Nolabait esateko, autoa konpontzera daramadanean moduan sentitzen nintzen, dentistarenera noanean bezalaxe, joko zelai arrotzean, zeinean esaten dizkidaten erdiak ere ez ditudan ulertzen, arerioak, ez dut modu hoberik aurkitzen izendatzeko, dena dakielako eta nik ezer ez.

        — Alluitzekoa, hileta, dena muntaia hutsa izan zen. Aitak alde egin zuen, ez dakit nora. Beste nortasun batekin, ihes egin zuen. Eta Bolatokiko mahai hartan aurkitu zuen laguntza muntaia gauzatzeko. Gerardo Setienekin eta Martin Bolatokikoarekin mintzatu naiz dagoeneko.

        Begiratu egin zidan. Uste dut bigarrenez begiratzen zidala begietara. Lehenengoan bezala betondoa zimurtuta.

        — Eta nola dakit nik Cosme Gezetaren semea zarela?

        Nortasun agiria eman nion. Ez zuen atzera egin, betaurrekoak atera zituen jaka poltsikotik, irakurri egin zuen. Nik zantzu esperantzagarritzat hartu nuen. Aurrean jarri nion gaiaz mintzatzeko asmorik izan ez balu, aukera zitzakeen bestelako hitzak. «Ziurtatzen badidazu Cosme Gezetaren semea zarela, hitz egingo dugu», esan balit bezala entzun nuen bere galdera. Txartela itzuli zidan eta betaurrekoak gorde zituen. Errekaren doinua baino ez zen entzuten.

        — Ez dakit zertan lagun diezazukedan —lehen baino astiroago mintzatu zitzaidan, hitzak nabarmen luzatuz, burua beste nonbait zuela, zertan lagun ziezadakeen pentsatzen ariko bailitz bezala.

        Sasoi bateko bekatuez damu, haiek kitatzen ibil zedin desiratu nuen, horrek bultza zezan lagun hurkoa laguntzera, une hartan ni neu. Niri laguntzeak eta Bolatokiko mahai hartako bekatuak garbitzeak bat egin zezaketen ustea nuen. Rubiok uste hori izan zezakeen ustea, hobe esanda. Aukera ona zuen bere jainkoaren aurrean espedientea txukuntzeko.

        — Aita desagertu zen garaiaz gogoratzen duzunak lagun dezake.

        Hori esan nionerako, orduko oroimenetan barna zebilela iruditu zitzaidan. Errekako uren hotsa gailendu zen berriro. Nerabe nintzela gustuko, gustukoen, nuen neska batekin Mesedeetako zubi ondoan jesarrita Ibaizabali begira egon nintzen iluntzea neukan gomutan. Ibaizabala isilik joan ohi da han, ez da Mañaria erreka bezain zalapartatsua. Ibaizabalek erreka gaztearen zalaparta izan balu, agian, asmatu egin izango nuen orduko hartan. Egin ez nuena. Urteak geroago neska hark esan zidan, taxuzko zer edo zer esango nion zain egon zela Ibaizabali begira izan ginen hartan. Taberna zalapartatsu batean esan zidan, kasualitatez topo eginda Aste Nagusiko gau batean. Ez dut uste dozena erdi esaldi gurutzatu genuenik, baina horixe esan zidan. «Taxuzko zerbait noiz esango zenuen zain ninduzun». Ninduzun esan zuen. Mostradorean egin genuen topo, tragoak eskatzen. Bere mutilarekin joan aurretik ulertu ez nuen irri bat utzi zidan. Hau guztia gomutan, Rubiorekin, neu nintzen zain zegoena. Gure aurrean beherantz zihoan urak laster egingo zuen bat Ibaizabalekoarekin. Hori baino lehen zer edo zer esan ziezadan espero nuen. Taxuzko zerbait.

        — Zure aita desagertu baino gutxi lehenago joko zor bat ordaindu nion. Sei hilabeterako hartu zuen Hondarribian dudan apartamentu bat.

        — Desagertu baino zenbat lehenago? Barkatu, Rubio jauna, ez dut zakarra izan nahi, baina oso lagungarria izan liteke datu hori.

        Pentsatzekoa da ez zitzaiola erraza egingo zehatz gogoratzea. Edo agian bai. Saltsa hartan sartuta ibili bazen, hau da, desagerpenaren logistika arloan parte hartu bazuen, kontzienteki parte hartu, ba, orduan ez zuen arazo handirik izango apartamentuko giltzak noiz eman zizkion gogoratzeko. Zitekeena zen, ordea, tramaren jakitun izan gabe parte hartu izana eta, gerora, hel ziezazkiokeen informazioak lotuz, edo hori gabe, besterik gabe, Hondarribiko apartamentuaren kontuak zalantzak sortzea nire aitaren benetako paraderoaz. Ezertxo ere ez jakitea, ez susmatzea, ez usaintzea, zen beste hipotesia. Sinesgarritasun gutxien zuena, nire irudikoz.

        — 72ko maiatzean desagertu zen.

        Buruarekin baietz egin zuen Rubiok. Horrexetan nengoen, esango balu bezala. Laguntza eskertzen zuela ere adierazi nahian beharbada. Edo, galbahea astinduz, zer esan eta zer ez hausnartzen bailebilen. Ez zegoen jakiteko modurik. Gizon haren aurpegia irakurtezina zen niretzat.

        — Hilabete lehenago, gutxi gorabehera, gogoan dut Aste Santuko egun batean joan ginela biok Hondarribira apartamentua ikustera. Hantxe eman nizkion giltzak.

        Ez zegoen zalantzarik. Hondarribira alde egin zuen, ziurrenik beste nortasun batekin. Agiriak ere, hemen agiririk gabe bizitzea ez baita kontu erraza, aurretik prestatuak izango ziren. Hainbatean ez joko mahai hartatik oso urruti. Baina kontu honetaz ez zidan ezer argitu Rubiok. Ez zekielako agian. Edo egindako aitorpenekin nahikoa txukundu zuelako bere curriculuma jainkoaren aurrean.

        — Eta noiz itzuli zinen Hondarribiko zure apartamentura? —galdetu nion.

        Aspaldian halako galdera lerdorik entzun ez balu bezala begiratu zidan.

        — Sei hilabeteak igarota itzuli nintzen, noski.

        Cosme Gezetaren heriotza, beraz, ez omen zen nahikoa arrazoi sei hilabeteak bete aurretik apartamentura joateko. Azken batean Rubiok ez zekien zertarako nahi zuen aitak apartamentua. Zitekeena zen heriotzak ez eragoztea apartamentuaren erabilera asmoak. Hau guztia neronek pentsatu nuen. Gizon haien kodean epea baino lehen apartamentuan agertzea zorra ez ordaintzea beste izan zitekeen. Edo zorra gaizki ordaintzea. Zorrak, ordea, ezin dira gaizki ordaindu, ez dauka zentzurik. Oximoron hutsa, esango luke Aitorrek. Zorrak ordain daitezke zatika, baina ez txarto. Beraz, Rubiok zorra ordaintzea hobetsi zuen eta ez zen ez apartamentuan ez Hondarribian azaldu sei hilabeteak igaro arte.

        — Cosmeren desagertzea argi dezakeen beste ezer ez dakit —esan zidan—. Izan ezazu zorte ona zure bilaketan.

        Nik, neure aldetik, zeren bila ote nenbilen pentsatu nuen. Eta gauza bera pentsatzen dut lerro hauek idazten ditudan bitartean.

        — Hondarribian, non zenuen apartamentua?

        — Bidasoa kalean daukat.

        Atariko zenbakia eman zidan. Eskerrak eman nizkion nik.