Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Izotzez betea

 

Ehorzlearen etxea benetan zen etxea. Ez zeukan —gehienok daukagun bezala— pisu ziztrin bat. Inguruan bazituen beste dozena bat etxe, zertxobait handiagoak, bi familientzat pentsatuak. Baina nabarmentzen zuena ez zen besteak baino zertxobait txikiagoa izatea, ezberdina zela baizik. Izan ere, gainontzekoak —bi errenkadatan ordenatuak— 40ko hamarkadan fabrika handi bateko goi eta erdi mailako enplegatuentzat eraikiak baitziren, denak berdin-berdinak. Mutikotan inguru haietan ere sarri ibiltzen ginen, okaranak osten batzuetan, ezkutaketan besteetan.

        Ehorzleak eta biok bertan hitzordua egin genuen aurreneko aldian paseo bat eman nuen inguruetan. Aspaldian ikusi gabeko norberaren zati bati begiratzen zaion aldarteaz nindoan, pauso motelez, hara eta hona so. Enplegatuen etxeek patu ezberdinak izan zituztela bistakoa zen. Zaharberrituta zeuden batzuk; besteak haizeek, euriek eta kutsadurak erakutsi zieten begirunearen eta bizilagunen txukuntasunaren lekuko ziren. Ehorzlearena lehen lerroko ertz batean dago. Duin ikusten da, tente. Harlandua goiko leihoetan baino ez duen arren, gainontzeko harria, gorrixka, artez aukeratua eta jarria dela ezin ukatu. Maskal samar goiko leihoen markoak ditu, eskertuko lukete pintura bainu bat, edo, agian, berriak jartzea. Beheko solairua eta beste bi gehiago ditu, ganbara eran azkenekoa, bi isuriko teilapean. Beheko sarreraz gain badu beste bat lehen solairuko hegal batean, hormari itsatsitako eskailera batez lurrari lotua. Eta horregatik guztiagatik diot, ehorzlearen etxea benetan zela etxea eta ez pisu ziztrin bat.

        Espaloitik atera bitartean belar gunetxo bat dauka, hiriko txakurren txiza-leku itxurakoa. Hesitxo bat dute ilarako etxe gehienek —jabegoa irudikatzeko ere doi-doi har daitekeen horietakoa—, belauna asko altxa gabe igarotzeko modukoa. Jabegoak jabego, egingo nuke hesitxo haiek pozarren erakartzen dituztela hiriko txakurrak euren barrenak husteko tenorean. Beheko atea ala goikoa jo behar nuen erabakitzeko tartetxo bat behar izan nuen. Azkenean behekora abiatu nintzen, itxiago begitandu baitzitzaidan goikoa. Berriak dira beheko leihoak, zarata eta hotzetik babes gaitzaketen horietakoak; atea, ordea, antzinakoa da, sendoa, gaztainondoa beharbada. Harriak bezain zaharra izan daiteke eta harriek beste babes ematen du. Babes beroagoa.

        Txirrina jo eta berehala nuen ehorzlea aurrean, sartzeko keinua egiten. Oina sartu orduko gela zabal batean geunden, halabeharrez zabala hango gauza guztiak biltzeko. Eta hala eta guztiz ere txukuntasuna galdu gabe eta garbi ikusten zen ingurua. Eskuman mahai handi bat dago leiho zabal baten ondoan, erdia inguru paperez gainezka. Beste erdia jateko erabiliko zuen. Ezkerreko pareta ez da ikusten —erdian duen leihoa, bestea baino txikiagoa, izan ezik—, apalez betea baitzegoen eta apalak liburuz eta antzekoez. Nire lehen bulkada liburuak ikustera joatekoa izan zen, baina ez nuen hala egin eta gela erdian dagoen sofa chaise longue handian jesarri nintzen ehorzlearen gonbitari jaramon eginez.

        — Etxe ederra duzu gero.

        — Bai, zorte handia izan nian.

        Lehen bisita hartan aitaren desagertzeari buruz baino ez ginen mintzatu, horretarako jarri baitzidan hitzordua bere etxean.

        — Hona deitu bahaut, lasaiago hitz egiteko leku aproposagoa delako duk. Eta hiri esateko zerbait badaukadalako ere bai.

        Sofan jesarrita nengoen ni eta bera oraindik zutik, jesarri baino lehen egitekoren bat balu bezala.

        — Zer hartuko duk? Garagardoa, whiskia, beste zer edo zer?

        Larunbat arratsaldea zenez ni gosariarekin nengoen, eguerdiko ordu bietan egiten den gosari horietakoa, inolaz ere ezin dena ganorazko bazkari batekin alderatu.

        — Garagardoa, mesedez. Nik ere badaukat zuri kontatzeko zerbait.

        Edarien bila joan zenean berriro egin nuen liburutegira jotzeko imintzioa, ezdeusa; gurutzatuta nituen zangoak askatu eta bizkarra zuzendu nuen, baina hor amaitu zen guztia, ez bainion egoki iritzi inoren etxera heldu orduko bere liburutegian kuxkuxean hastea. Berehala neuzkan berriro bizkarra besaulkiaren bizkarrean eta hankak gurutzatuta. Edozein modutan inoren liburutegia begiratzeak ez du ezer txarrik, are gutxiago nabarmen bistan jarrita dagoenean. Ez da logelako altzarien kaxetan eskua sartzea bezalakoa, nahiz eta liburuen artean eskua sartzea bestearen intimitatean gehiago barneratzea den, ene ustez. Azpil bat eskuetan itzuli zen, gainean, garagardoa, gazta eta ogia zekartzala. Sofa aurrean zegoen mahai baxuan paratu zuen erretilua eta besaulkietako batean jesarri zen, whiski baso bat eskuan zuela. Keinu bat egin zidan azpila seinalatuz, ekin niezaion. Erronkariko gaztarekin hasi nintzen, ehorzleak puru bat pizten zuen bitartean.

        — Hilerrian hitz egin genuenean zer egin erabakitzeko geratu hintzen. Hire aitaren misterio hau argitzen ahalegindu edo ez, alegia.

        — Misterioan barneratzea eta —garagardoa botila muturretik edanez— argiren bat bilatzea erabaki dut.

        Esaldia horrela ezin nuela bukatutzat eman otu zitzaidanez, ordura artekoak kontatzen hasi nintzaion:

        — Aitaren desagertzea argitzea interesatzen zait, bai —halaxe esan nion: interesatzen zait—. Mintzatu naiz amarekin, nahiz eta momentuz ez dudan gauza handirik jakin, bananduta baitzeuden aita hil zenerako.

        — Bide ona hartu duala ematen dik.

        Gure buruen gainean zebilen puruaren kea, olatu ez ziren olatu motelenen antzean. Usainak ez bezala, keak ez zuen behera egiten, gure buruen txapela zirudien (sabai goxo bat). Pentsatu nuen zutitzea ere, ea goitik begiratuta behe laino trinkoa zirudien, mendi tontorretik so bailara estaltzen duen modukoa. Ehorzlea ere lainoari begira zegoen, purua hatz artean biraka.

        — Badiat susmoa hire aitaren hilkutxan sartu zutenaz.

        Sakon egin zion tira puruari, burua gori-gori jartzeraino. Keak bere denbora hartu zuen biriketatik bueltan kanpora irten arte. Itxaron egin nuen (ezer esan gabe), eta uste dut ez nuela harridurarik agertu, jarraituko zuen-eta egoki iritzitakoan. Presarik ez nuela esan ordez, mahai gainean zegoen Habanos paketetik zigarro bat hartu nuen eta, su pindar batez isioturik, lainoa areagotzeari ekin nion neuk ere.

        Iritzi zion, bada, jarraitzeko unea zela:

        — Edozein modutan, susmoa baino ez duk. Eta, gainera, baieztatuz gero ere ez likek lagunduko hire aitaren desagerpena argitzeko; hire aitak zergatik eta nora alde egin zuen argitzeko, esan nahi diat. Holakorik ez duk asko argituko. Gehienean ere hipotesiren batzuk baztertzeko balioko likek, zeharkako xehetasunak betiere.

        Niregan, ordea, beste susmo bat hasi zen gorpuzten. Tipo honek zertxobait baino gehiago jakin zezakek afera honetaz eta, dosiak neurtuz, nire eskuetan jarriko dik informazioa nik neronen aurkikuntzatzat hartuko nituzkeenak. Horixe pentsatu nuen, nahiz eta berehala ohartu ez nuela arrastorik ere jarrera horren balizko arrazoiez.

        Zigarroa amaitu nuen arte ez genuen solasik egin, eta hala ere tarte hori ez zitzaidan ez luzea ez deserosoa suertatu. Ehorzlea ere lasai asko zegoen puruari tira eta lainoari begira.

        — Aspaldikoa duzu susmo hori? —galdetu nion—. Esan nahi dut, kanposantuan elkartu ginenean bazenuen ala ondoren etorri zaizu? —eta nire baitako susmo erne berria argi utzi.

        — Duela gutxi osatu zaidak susmoa. Eta ez ezak pentsa nik honetaz ezer dakidala eta hiri ezkutatzen ari natzaiala. Hiri laguntzeko prest nagok, baina hireak dituk erabakia eta ekimena, hiregandik atera behar ditek. Niretzat hau guztia, errespetu osoz esanda, denbora pasa kitzikagarri bat duk. Denbora asko zaukaat, hori duk oraintxe soberan daukadan bakarra.

        — Jarrai dezagun, bada, zure susmoarekin.

        — Ederto. Hire aitaren desagertzea egin zen bezala egiteko, derrigorrez izan behar zitian laguntzaile batzuk...

        — Medikuren batek ziurtatuko zuen heriotza, epaileren batek ere bai beharbada, eta logistikako beste kontu batzuetarako ere bai norbait.

        — Edonola ere, zerrenda ez zuan luzeegia izango. Nik behintzat ez diat imajinatzen andariak tartean ibil zitezkeenik.

        — Ados. Andariek kutxa betea eraman zuten.

        — Bai, baina... izotzez betea.

        Irribarrez eta whiskiaren izotzekin klink eginez eragin zion basoari. Ez zen irabazle irribarrea, hori ordinarioa litzateke. Konplizea zen, umoretsua, bere sudur zapalak edertzen zuena.

        Aita ordezkatu zuen izotzaren inguruko azalpenak eman zion amaiera ehorzlearen etxera egin nuen lehen bisita hari. Hasieratik erreparatu omen zion kutxaren barruko oihalari, geratzen ziren bere zati maskalduei, alegia. Baina horrek bakarrik ez zuen oso urrun eraman, ondorioren batera ezin eraman zuen konstatazio huts batera baino ez. Hilkutxaren beheko aldekoek (oinen aldekoek) beste kolore bat zuten, ilunago eta maiztuago zeuden. Hori ikusita, kutxaren buru eta oinen alderdiek zuten beste ezberdintasunen bat bilatzea eta aurrekoarekin lotzea zen zegokiona, ehorzlearen burutazioen arabera. Eta baita aurkitu ere. Hilkutxaren posizioa ez zen erabat laua, izan ere azpian zuen harritzarraren goiko aldea aldapatsua zen doi-doi eta, jakina, burua jartzen zen goian eta oinak behean.

        Kontaketaren une honetan, ehorzleak purua berpizteari ekin zion. Konstatazio horietatik izotzaren teoriara tarte zabal samarra zegoela begitandu zitzaidan, eta halaxe jakinarazi nion, beharbada bere berpizte ariketak luzatzen ari zirela iritzita, beharbada ez.

        — Izotzaren susmoa kasualitatez etorri zitzaidaan —aitortu zidan.

        Hilkutxaren barrua eta bere inklinazioa aztertu zituen egun berean film bat ikusi omen zuen telebistan —B saileko deritzon horietakoa, zoragarria bere hitzetan—, eta bertan izotza. Atlantako gizon aberats bat omen zen protagonista, urteetan oso aurrera egina baina, bere seme-alaben atsekaberako, ez zuena hiltzeko itxura handirik. Are gehiago, bere zazpi seme-alabetatik hiru hilak ziren. Honek eta bere oinordekoen begiek adierazten omen zioten haien pazientzia agortzen ari zela. Hau da: zaharrak ez bazuen hil nahi, lagundu egin beharko zitzaion. Filmaren onena, ehorzlearen esanetan betiere, muga horren lausoa omen zen, ez zenekiela zaharraren paranoia ala seme-alaben benetako asmoa zen. Bietatik izan zitekeen. Beraz, heriotza prestatu zuen zaharrak. Deitura berri bat sortu, Sardinian etxalde bat erosi, dirurik gehienak izen asmatu berriaren kontuetan jarri Zuricheko banku batean eta gainontzeko jabegoak creek herriko emakume batentzat utzi zituen. Filmak asko argitzen ez duen arren, pentsatu behar omen da emakume hau noizbait maitale izan zuela zaharrak. Injekzio batez katalepsiak jota eta seme-alabak ikusi nahi zuten moduan utzi zuen zaharra sendagile adiskide batek. Hilkutxa azkenekoz itxi zutenean, ordea, zaharraren lekuan izotz bloke bat zegoen.

        Honenbestez, ehorzleak bazeukan behar zuen ondorio bat, posiblea bederen. Une egokian agertutako hipotesi sendoa.

        — Hitz egingo diagu kasualitateari buruz beste egun batean —esan zidan—. Baina hik ere bahuen kontatzekorik, gaizki ulertu ez badiat.

        Izeko Margaritari eginiko bisitaren berri eman nion:

        — Aitaren arreba bakarra da Margarita, Durangoko gozodenda batean lan egin zuena urte mordo batez. Trenez joan nintzaion bisitan, gaur zortzi, arratsaldean.

        Eta ehorzleak eta biok genekiena izeko Margaritari jakinarazi nionean, atzamar puntak ahora nola eraman zituen aipatu nion ehorzleari. Baina hark ez zuen Margarita ezagutzen eta ez zuen haren berri bazuenik erakutsi.

        — Hator nahi duanean, hitz egin behar diagu-eta kasualitateari buruz.