Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Bata eta bestea

 

Izeko Margaritarekin egon eta berriro amarengana joan orduko pasatuko ziren pare bat aste, oso ziur ez nagoen arren. Ondo gogoan dudana da tarte horretan Aitorrekin izan nuen elkarrizketa bat. Lankidea dut Aitor, Teknologia irakasten saiatzen da DBHko ikasle talde xelebre batzuei gure institutuan. Eta saiatu diot, saiatzen den horietakoa delako, ez baita kaosa kudeatzearekin konformatzen. Talde berberetan ematen ditugu klaseak eta, horrenbestez, hainbat bilera izaten dugu elkarrekin. Alabaina, horrek baino gehiago hurbildu gaitu antzeko zaletasunak izateak literatur kontuetan. Hona iritsita uste dut merezi duela elkarren literatur zaletasunen berri nola jakin genuen kontatzea, izan ere, gerta daiteke, ziur naiz hala izaten dela sarritan, elkarren ondoan ibili, elkarren ondoan lan egin eta, hala ere, ezer ez jakitea batak bestearen berri. Erretzaileen gelan geunden, narkogelan, eta bakarrik geratu ginen, uste dut Matiasek alde egindakoan izan zela. Aitor ez zen erretzailea, edo izatekotan esporadikoa zen, baina narkogelan ematen zituen klaserik gabeko orduak, giroagatik bere esanetan. Gure ikasleei buruz ari ginen, betiko antzean, txutxumutxuak partekatzen ziurrenik, ez baitut ezer zehatzik gogoan, honen antzeko zerbait galdetu zidan arte:

        — Nola zara gauza literaturaz jarduteko gure dizipuluekin?

        Askotan erabiltzen zuen dizipulu hitza gure ikasleak izendatzeko. Ezingo nuke azaldu zein zen haren ahoan hitz horrek hartzen zuen esanahia, baina beti begitandu zait errespetuz darabilela, ezti puntu batez ere bai agian.

        — Literatura zeharka baino ez dugu jorratzen, oso zeharka.

        Berak ez zidan xehetasun gehiago eskatu, baina erantzun hartan pixka bat sakontzea egokitzen zitzaidala pentsatu nuen, ordurako Aitorrekin nuen harremanak zertxobait gehiago eskatzen baitzuen.

        — Astebete baino ez nintzen joan eskolak ematera testu liburuarekin, baina astearen erdia sobera izan nuen konturatzeko liburu hark ez zuela zer eginik talde haietan. Harrezkero nire curriculuma Badakit kutxa bat da, Argia astekariak ateratako trivial autoktono bat.

        Halaxe zen. Ikasturte osoa neraman bigarren mailako bi taldetan trivial jokoan. Ikasturteko lehenbiziko egunean inork ere ez zuen liburua ekarri, ez liburua ez ezer. Hirugarren egunean erdiek edo ekarri zuten eta liburuaren aurrean binaka jartzeko aukera izan nuen. Binaka jartzearena osoki da egia, ez, ordea, liburuarena; esan nahi baita ez ziotela jaramonik egiten liburuari, ez bazen ilustrazioren baten gainean iruzkin kuriosoak egiteko bederen. Ez nintzen gauza kaos hartan ordena izpi ñimiño bat pizteko. Ikasle batek esan zuen arte:

        — Zergatik ez dugu joko bat egiten, zerbaitetan jokatu...

        Ez dago esanenik, ikasle hori, Egoitz, denetan integratzaileena zela disolbatzaile koadrila hartan, eta bazuen nire inbidia pizten zuen dohain bat: gainerakoek entzun egiten ziotela, jarduna gehiegi luzatzen ez bazuen behintzat, eta ez zen horietakoa.

        — Ba, joka dezagun. Bihar bertan hasiko gara.

        Trivial kutxarekin joan nintzaien hurrengo egunean. Lehenengoz lortu nuen entzuna izatea. Den-denek ez zidaten jaramon egiten, baina gutxieneko isiltasuna erdietsi nuen jokoaren arauak azaltzeko. Lau laguneko bost talde osatu genituen. Bakoitzak bozeramaile bat izango zuen, saioz saio txandatuko zena taldekideen artean, eta horrek bakarrik hitz egingo zuen taldearen izenean. Epaile lanak neuk egiten nituen. Mintza praktika, euskaraz egitea baitzen lehen araua, elkarrizketa eta negoziazioa lantzea, elkarlanean trebatzea, ahozko argudioak eta azalpen testuak jorratzea, gisa honetako arrazoi pedagogikoak nerabiltzan nire curriculum hura justifikatzeko; egia esan, neure buruari errepikatzen nizkion arrazoiok, beste inork ez zidan-eta azalpenik eskatzen. Talde bakoitzaren lehenbiziko lana taldeari berari deitura jartzea izan zen. Nik uste baino eztabaida eta iskanbila gutxiago sortu zituen zeregin honek. Eta emaitzak ez baziren izan, oro har, nire gustukoak, are gutxiago institutuko agintarienak, hala deitzen baitzieten Aitorrek zuzendaritzakoei. Azpimarratzekoa da hiztegira jo zuela talde batek baino gehiagok bere nahiekin bat zetorren izena asmatzeko. Ez dut uste talde haiekin zebiltzan irakasle askok esan zezaketenik ikasle haiek hiztegietara eraman zituztela, are gutxiago ikasleak eurak joan zirela euren kabuz. Pollitak gara, Popatik, Krisos txapeldun dira orain gogoratzen ditudan deiturak.

        Aitor altxatu egin zen sofatik, lau lagun nasai samar har gintzakeen sofa eder bat genuen irakasle gelan eta bere apalerantz joan zen. Fotokopia batzuekin itzuli eta eman egin zizkidan.

        — Hi hitzaurreak irakurtzen dutenetakoa haiz?

        — Ez beti.

        — Honek merezi dik. Esango didak.

        Fotokopiek «Klariona eta beruna» zuten izenburua, iradokitzailea iruditu zitzaidana. Apologia nobelaren hitzaurrea zen. Irakaskuntzaren erreformei errepaso ederra ematen zitzaion, denak errenditu arte, lehen hitzetik hasita, hausnarketa eta pasadizo bitxiez zipriztinduta, umore garratza zeriola hitzen kate hari. Baina ez zen hori izan nire arreta gehien atrapatu zuena, kate hartan kontatzen zuen istorio batek baino. Honexek: institutu batean irakasle batek «ikasle mardul bati beste ikasgaietako etsaminak ematen zizkion, auskalo zeren truke». Harrapatu zuten arte, irakaslea harrapatu zuten arte. Zigor Batzordeko gehiengoak espedientea ireki nahi izan zion, baina irakasleak bere defentsan bidalitako «izkribua edo apologia hain zen bihurria eta xarmanta», ezikusiarena egin zuten. Begiak paperetatik aldendu eta burua altxatu nuenean, zain neukan Aitor begirada bihurri batekin.

        — Zer?

        — Ikasle mardulari etsaminak pasatzen zizkion irakaslearen pasadizoa azpimarratuko nikek.

        — Azpimarratu? Zer demontre duk hori?

        — Polita dela istorioa, are gehiago non eta nork kontatuari erreparatuz gero.

        — Baina, zer duk polita istorio horretan?

        — Irakaslearen jokabidea, bai etsaminak ikasleari pasatzea, pentsa dezagun arrazoi zuzen batek bultzatuta, eta baita ere Zigor Batzordeari izkribua bidaltzea, nahiz eta ez jakin zer zioen defentsarako izkribuak.

        — Horretan bat natorrek hirekin.

        Bat egin zuten ere, une horretan, literaturak eta geure lanak. Harrezkero Aitorrek eta biok arrunt erabiltzen ditugu letra kontuak, gune horretan egin dugu topo, eta beste gune batzuetara jauzi egiteko aukerak irekitzen dizkigu. Baina horrek zerbaitetarako balio badu, solaserako da. Bestelako kontuetan, askotan behintzat, denbora behar duten horietan ez dugu gune askorik partekatzen. Aitorrek asteak pasa ditzake taberna batera sartu gabe eta nik urteak kirolik egin gabe. Badira hitzak berak milaka aldiz darabiltzanak eta neronek inoiz ere ez, entzun egiten ditudan arren ez dute nire ahoa bete eta, batez ere ez ditut, ezin ditut, irudi zehatz batekin, usain batekin edo haize batekin lotu. Aneto Balaitous kranpoiak pinoiak kulota aurrelaria. Gauza bera gertatuko zaio berari nik darabildan hitz ugarirekin. Edo ez.

        Arestian esan bezala, izeko Margaritarekin izan ostean eta berriro amarekin egon baino lehen, Aitorrekin izandako solasaldi bat dut gogoan. Institututik elkarrekin irten eta oinez abiatu ginen, bagenuen ordu laurdeneko bidea elkarrekin egiteko modua, solasak pausoa moteldu ahala nasai luza zitekeena ordu erdi edo ordubeteraino ere.

        — Bihotzekoak jota hil egin haiz. Biharamunean erizain-funtzionario gris batek esaten dik literatura unibertsaleko pertsonaia bat aukeratu behar duala, bere baitan bizitzeko eternitate osoan. Zein aukeratuko huke?

        — Ez zakiat. Ezinezkoa egiten zaidak pertsonaia zoriontsu bakar bat gogoratzea. Beharbada kanta bat aukeratuko diat, bai, hobe kanta baten barruan bizitzea eternitate osoa, nahiz eta jakin hegazkin batetik paraxuta bizkarrean jauzaraziko nautela bozgorailuek nik aukeratutako kanta esatean. Paraxutean... baina eskuburdinez loturik.

        — A! Kabroia! Baina, iruditzen zaidak hik ez duala Camarillo brillo aukeratuko!

        — Ez zakiat zergatik dioan hori. Jakin ezak entzuna diodala Frank Zappari berari La Casillan. Baina, bale, arrazoi duk, ziurrenik beste bat aukeratuko nikek. Izan ere, Harkaitz Canoren narrazioagatik ez balitz, hire galderari erantzuterakoan ez zitzaidakean burutik ere pasako abesti hori.

        — Eta Canoren narrazioagatik ez balitz, nik ez nian galdera hori egingo.

        Banatu ginenean, bakoitza bere etxerantz, bat-batean etorri zitzaidan burura aitak, beharbada, desagertu eta kanta baten baitan bizitzeko hautua egin zuela. Edo, agian, literatura unibertsaleko pertsonaia baten baitan. Biharamunean esnatzerakoan ere horixe izan zen burura etorri zitzaidan aurreneko gauza, alegia, aitak kanta batean bizitzea erabakitzearen ondorioa zitekeela bere desagerpena. Izan ere, gauean loa hartu ezinik egon nintzen nire baitan sortu berria zen zalantzari bueltak ematen. Ea aita kantu bateko edo literatura unibertsaleko pertsonaia bat bilakatu ote zen. Ez nekien deus aitaren gainean, beraz zaila pertsonaia aukeratzea; kantua, bestalde, edonorentzako hautu egokia zela erabaki nuen. Gregor Samsa ere kantu bilakatu izan balitz, horretarako aukera izan balu, bere gela hartatik libre irteteko bidea izango zuen. Baina ez da norberak aukeratzen duena, pentsatu nuen goizean.

        Dutxaren beroan, ehorzlearen deiak abian jarritakoa norbaiti kontatu behar niola nerabilen buruan. Beste ikuspuntu batek lagundu egingo zidala pentsatu nuen, trama kanpotik ikus zezakeen norbaiti, teatroa eszenatik kanpo beha zezakeen norbaiti. Ez nuen antzerki zuzendari bat behar, bai, ordea, ikusle bat, ikusle kritiko bat. Ehorzlearekin partekatzen nituen ordura arte aitaren desagerpenaren gorabeherak, baina ez nik hala aukeratu nuelako, ehorzleak berak taulara bultzatu ninduelako baizik. Ondo pentsatuta, ehorzlea izan zen trama abian jarri zuena. Gainera ezagutu berria nuen eta eszenaren erdi-erdian zebilen. Beste norbait behar nuen. Dutxatik irten nintzenean, lurrinaren lurrinaz, ezin zen ispilua ere ikusi. Atsegin dut lurrina. Poliki-poliki, gorputzari jaramon egin ahala, ahaztu egin nuen norbaiti kontatu beharraren kontua.

        Aitor tipo egokia iruditu zitzaidan, diskrezioari begira bederen. Inoren gainean hitz egiteko zuen erak iradokitzen zidan hori. Literaturara oso emana izanik, ordea, ez nuen aurreikusten inolako bermerik bere hausnarketek toki zuzenera eraman gintzan. Irudikatzen nuen istorioa eta pertsonaiak literatur pertsonaiekin eta istorioarekin alderatzen, aitaren desagerpena literaturara eramaten, gure jokabideak hobeto ulertzeko balio zezakeena, baina ez, agian, gertaera zehatzak argitara azaltzeko. Nolanahi dela, bazuen oinarrizko arrazoi bat bere alde, hau da, neure burua ikusten nuela Aitorrengana holako kontu batekin joaten. Ezaugarri hori partekatzen zuten lagun gutxi ziren. Agustin, beharbada; tabernaria izaki, entzule ona, eta arrazoi berberagatik diskrezioaren balioaz inor baino hobeto jabetua. Aitor baino analitikoagoa zalantzarik gabe.

        Denboraz beti bezain justu ibili arren lanera iristeko, Markitosenean sartu nintzen, goizetan oso gutxitan egiten nuena.