Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Hain da demasa

 

Joango haiz amarengana eta esango diok jakin duala, kanposantuko obrak behartuta familiaren panteoia mugitu dutelako, aita ez zela sekula bere hilobian izan eta ea hortaz ezer argi diezadakeen. Orduan berak begiratu egingo dik eta hik ez duk, lehenengoan behintzat, begirada ulertuko. So egite horrekin amak pentsatzeko tartea hartuko dik, beti egiten baitu horrela, ezusteren batek harrapatuz gero geldiune bat egiten dik, ezusteak ezuste izateari utz diezaion eta horren aurrean nola jokatu erabakitzeko. Neuk ere horixe bera egiten diat, berarengandik ikasita, beno, berarengandik eta urteek ematen duten eskarmentutik, alegia, sarri jardunak hausnarrari aurrea hartu eta gaizki paratua irten ondoren ikasia. Egia esan, batzuetan egiten diat horixe bera, ez beti. Oraindik urruti nagok diziplina hori menperatzetik. Ea nola jakin duan galdetuko dik, eta hik «ehorzleak esan dit» erantzungo diok. «Behar genuena» edo horrelako zerbait esango dik amak, eta hik ez duk jakingo «behar genuena» aitaren sasi-ehorzketa ala ehorzlearengandik jakin izana den. Galdera zehatzagoak egitea erabakiko duk, «zuk ikusi al zenuen aitaren gorpua», esate baterako, eta amak baietz erantzungo dik. Edo ezetz. Pantailan Alluitz agertu duk eta tentetu egin haiz pentsatzeko heure besaulkian. Saiak hegan ari dituk, lasai antzean. Aita Alluitzen hil zuan; bere ohituren artean mendian bakarrik ibiltzea omen zuan bat, eta nora zihoan inori inoiz ez esatea beste bat. Hala ere litekeena duk, etxetik irteterakoan berak ere ez jakitea zein menditara joko zuen. Honetan ere inprobisazioa zian atsegin, nonbait. Infernuko Zubitik amildu eta lau egunetara aurkitu zitean, hegoaldeko isurialdean. Tarte horretan saiak ez zituan geldi egon eta bere partea hartua zitean. Bizilegea. Hori horrela, konprenitzekoa lukek inork gutxik ikusi izana gorpua, amak berak ere ez seguruenik. Ezetz erantzungo dik, ordurako bereizita zeudenez ez zuela gorpua ikusi, ahaztu gabe aurkitu zuteneko egoeraren penagarria. Hala eta guztiz ere medikuren batek ziurtatu behar izango zian heriotza, han edo hemen izan behar dik paperen bat sinatuta, epaileren batena agian. Jaso ere norbaitzuk jasoko zitean gorpua Alluitzen hegoaldeko amildegitik. Alluitzeko gorpua. Norena, ordea. Aitarena izan bazen, ez zaukak zentzurik hilkutxa huts bat hilobiratzeak, ezta beste norbaitena izanik ere. Aitarena moduan ziurtatu bazuten, orduan ere ez zaukak zentzurik. Honetaz guztiaz, baina, ez diat uste amak asko argituko didanik. «Bost axola gertatu zaiona edo egin zuena edo desagertzeko egin zuena», esango dik amak, «nire bizitzatik kanpo zegoen-eta». Hori nahi huke amaren ahotik entzutea, gisa horretan desagertzea argitzeari ekin edo bertan behera utzi eta ahaztu, kontzientzia txarrik gabe egingo huke. Ez duk, ordea, batere segurua amak horrelakorik adieraztea; ez, ez duk hori izango bere jarrera. Bestalde, ez duk beste muturrean ere irudikatzen, hots, tragediatzat har dezakeela; amaren erreakzioa bestelakoa izango duk, hik orain, pareta zuriari begira asma ezin dezakean moldekoa.

        Gaur eguerdian joan naiz amarengana. Berarekin eman dut arratsalde osoa. Larunbata izaki, aspaldi egiten ez nuen bezala, goizeko hamarrak aldera deitu diot bazkaltzera joango nintzaiola iragarriz; amekin horrela gonbidatu ohi dugu geure burua semeok. Zer esanik ez, aspaldiko partez egin dudan otordurik onena izan da. Atea ireki dit irribarre zabal batez eta musu bana eman diot masailetan.

        — Asko poztu nau zure deiak —hasi zait—. Denbora asko da ez zatozela hamar minutuko sartu-irten horiek baino egonaldi luzeagoa egitera.

        Semearekiko amaren maitasuna, baita amarekiko semearena ere, berregiaztatu eta gero bota dit:

        — Baina zerbaitek ekarri zaitu nigana, ezta?

        — Halaxe da —erantzun diot—, baina utz dezagun hori bazkarirako. Mahaia ipiniko dut.

        Horrela, nik mahaia ipintzen eta berak labetik ateratako txitxarroari azken ukituak ematen zizkion bitartean, bazkaltzera banoakio beti jarriko baitu entsalada eta txitxarroa, kontu arruntei ekin diegu. Esate baterako, jakinarazi dit goiko solairura neska bat etorri berri dela errentan. «Auzokoa bera, izatez», gehitu du handik zati batera. «Nik uste zurekin eskolan ibilitakoa, baina orain dela urte mordoa joan zen familia batekoa». Edo kale kantoiko arropa denda itxi egin dutela, duela aste batzuk Mariak erretiroa hartuta ez baitzuen jarraipena emango zion inor. Sasoi batean gure kalea dendaz josia zegoen, albokoa tabernaz bezainbat, baina kaleak husten dihardute oraingo merkataritza gune horiek. «Badakizu», galdetu dit, «zer dugun orain etxe azpietan denden ordez?». Ez dit erantzuteko betarik eman. «Gazteen lokalak; sofa telebista kalimotxoa eta porroak». Ez da amari porro hitza entzuten diodan lehenengo aldia, nahiz eta lehenengoz zela iruditu zaidan, geroago konturatu bainaiz hitza barik doinua zela berria niretzat. Ez zen porroak erretzen zituela adierazten zuela doinuak, baina bai, nolabait esatearren, eguneroko edo ohiko elementutzat jotzen duenaren doinua.

        Kafeari ekin diogunean iritzi diot heldua zela momentua amarengana eraman nauen auzia ateratzeko. Amak ere hala zeritzola uste izan dut, ezer esan gabe koilaratxoari eragiten baitzion, «zain naukazu» esanez bezala.

        — Lehengo egunean ehorzleak deitu zidan. Nirekin egon nahi zuela-eta, hitzordua jarri zidan kanposantuan.

        Tartetxo bat utzi dut jarraitu baino lehen, amak bere hartan segitzen zuen bitartean, esan nahi baita koilaratxoari eragiten, zertxobait azkarrago kafea irabiatzen.

        — Larunbatean deitu zidan, goizeko zortzietan, eta hitzordua ordubete barrurako jarri zidan, bederatzietarako. Ez esan ez dela bitxia.

        Beste tarte bat uztera nindoan amak galdetu didanean:

        — Zein ehorzle? Hemengoa?

        — Jakina —erantzun diot galderak ustekabean harrapatzen zaituenean jartzen duzun doinuarekin—, Mahatserriko ehorzlea. Nor izango da ba!

        Kontatu diot, halako batean, ehorzlearekin izandako enkontrua, ardoarena aipatu gabe, noski, ezta Landaluzerena. Harira joanda, familiako panteoiaren mugitu beharra eta aitaren hilkutxa hutsaz baino ez naiz mintzatu. Amamari buruzko ehorzlearen komentarioak ere ez dizkiot aipatu. Panteoia aitaren familiarena da izatez, eta amama amaren amaginarreba zen, beraz, jakinarazpena, inori bidaltzekotan, Margaritari bidaliko zioten. Denbora eman diogu denborari. Amak begirada urruntasunean galdua zeukan eta buruari eragiten zion, batzuetan gora eta behera, besteetan ezker-eskuma.

        — Ez dakit zer pentsatu —hasi da esaten—, ez dakit zer esan... hain da... demasa.

        Bistakoa zen zur eta lur utzi zuela kontu hark guztiak; egia esan, ezin zitekeen besterik espero. Masailetan zehar zabaldu egin zaio gorritasuna, gorritasun leuna, neurrikoa, bere edertasuna areagotzen duena; izan ere nire ama, gaztetan ederra izana zela nabaritzen zaien horietakoa izateaz gain, ederra da zahartzaroan ere. Bere azalak ume batena dirudi nirearen aldean; zaharrei leuntzen zaien moduan baino gehiago, zahartzen ez zen azal baten gisan.

        — Begira, ama —ekin diot—, badakizu inoiz ez dudala interes handirik azaldu aitarekiko, eta ez zuri ustezko oroipen tristeak ez gogoraraztearren, benetan interes gutxi izan dudalako baizik. Ez dut aitaren premiarik izan. Baina honetaz guztiaz, desagerpenaz ari naiz, zerbait badakizu esatea nahi nuke.

        Terra incognitaren batean galduta segitzen zuten amaren begiek; alabaina burua honantzago zirudien, irribarre xume bat egin baitu, ezpainetan gelditu zaion irriño hura begietara iritsi gabe.

        — Ez, seme, zer esan diezazuket —hitz egin dit begiak nireetara ekarriz—. Ordurako, zure aita hil zenerako ez genuen inolako harremanik. Banandu ginenean bere arrebarengana joan zen bizitzera, Durangora. Nik ez nuen gehiago ikusi.

        Ea zergatik banandu ziren galdetzeko gogoa etorri zait, inoiz ez bezalakoa. Gure elkarrizketaren erritmoa motela izan da, tonua bera bezainbeste, mintzatzeaz gain bakoitzak bere pentsamenduen zurrunbiloei arreta jarri behar baikenion. Galdera hori hurrengo baterako uztea deliberatu dut, izango dira-eta aukerak; izan ere, une horretan ikerketaren ildoa segitzea lehenetsi dut. Egoera hartan ikerketa hitza arrotz begitandu zait, amarekin bainengoen, aitari buruz, sentimenduen eremuan barrena. Ikerketa gehiago da arlo zientifikoko hitza, institutuan usu erabiltzen dena, baina onartu beharra daukat orain gure bizitza intimoan sartu zaiguna. Horrenbestez, kontu zehatzetara jo dut.

        — Zu izan zinen, baina, aitaren hiletan.

        — Jakina, bere emaztea nintzen, bananduta egon arren. Ez nintzen bere emazte sentitzen, baina ez neukan zakarrontzira botatzeko. Bere oroitzapena, berarekin bizi izandako une goxoak ez nituen ahaztuak...

        Masailetako gorritasun xumeak alde egin dio, distira begietara igo zaio, hasierako harridura gailenduta oroitzapenen uretan murgilduta iruditu zait. Bere emaztea zela esan duenetik zakarrontziak eta une goxoak aipatzerako tartea laburra izan da oso, hitzak urri, baina doinu aldaketa sotil bat sumatu dut. Esan nahi dut, zakarrontziarena, oroitzapenena eta une goxoena ez zaizkidala guztiz sinesgarri egin.

        — Gogoratzen dut —jarraitu zuen— Margaritak deitu zidala istripuaren berri emateko.

        Irriño bihurri bat osatu zaio, oharkabean ziur aski, baina niri esanguratsua egin zaidana, ez dakidan arren zer esan nahi zezakeen. Aitaren arreba da Margarita, arreba bakarra, gaztetan Durangora neskame joana eta hango gozodenda batean lan egin duena urte mordo batez.

        Amak aurrera egin du:

        — Ez zenuke inoiz asmatuko nola eman zidan Margaritak berria. Telefonoa hartu eta honela esan zidan: gaurtik alarguna hazela esateko deitzunat. Horrelaxe hasi zen, atera kontuak. Tira, egia esateko, gero samurrago hitz egin zidan, Margarita samurra izan zitekeen neurrian.

        Hasperen egin du eta mahaitik altxatu da atzean neukan armairura abiatzeko. Pasta kaxa batekin itzuli da bere tokira. Txokolatez bustitako bat aukeratu eta egiaztatu dut ez dakidala deus amaren eta aitaren sendiaren arteko hartu-emanez, ezta gurasoen euren artekoez ere.