Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Ehorzlearen liburutegia

 

Institutuko bedela etorri zitzaidan telefono dei bat nuela esatera. Ehorzlea zen: sentitzen zuela baina arratsalde hartan ezingo ginela elkartu, hitzordua jarrita genuen arren; biharamunerako zeukan beste hitzordu bat ezinbestez aurreratu behar izan zuela arratsalde hartara. Ez ziola axola ihardetsi nion, jar zezala beste egun bat.

        Hurrengo astean joan nintzaion etxera. Bistakoa zen gure hitzorduetarako bere etxea zuela atseginen. Aurreko astekoa bertan behera utzi beharraren arrazoiak azaltzeari ekin zion, niri batere axola ez zitzaizkidanak. Ehorzleak biharamunerako zuen hitzordua aurreratu behar izan zuen, berarekin gelditutakoek, arrazoi sakonak tarteko, hala erregutu ziotelako eta, zalantza artean izan bazen ere, beste elkarrizketa hura lehenetsi zuelako. Izan ere, elkarrizketa bat zegoen tartean, geriatrikoko aldizkariko zuzendariak eta bere ondokoak ehorzleari egin behar zioten elkarrizketa Goizaldeko Pixontzia aldizkarirako.

        — Ezagutu behar hituzke zahar horiek. Eurokin ikasi baino ezin duk egin.

        — Atseginez irakurriko dut elkarrizketa.

        — Bego, baina aurretik aldizkariaz zertxobait jakiteak ez dik kalterik egingo. Zuzendariak eta bere ondokoak sortu zitean Goizaldeko Pixontzia duela pare bat urte. Sei zenbaki argitaratu ditiztek. Zazpigarrenean plazaratuko ditek nirekin egindako elkarrizketa. Aldizkaria argitaratzearen ideia ondokoarena izan behar dik, hark esan baitzidan geriatriko horretara iritsi aurretik urte batzuk eman zituela Arrasateko psikiatrikoan eta bertan argitaratzen zuten aldizkarian, Globo Rojon, parte hartu zuela.

        Banuen horren berri, ez esku artean izan nuelako, Leopoldo Maria Panerorekin egindako elkarrizketaren batean Globo Rojo horri aipamena egiten zitzaiolako baizik.

        Ehorzleak geriatrikoko testuen testuingurua azaltzen jarraitu zuen. Ez zen oraindik geriatrikotik kanpo zabaltzen, era sistematizatuan behintzat, nahiz eta bere aipamenak behin baino gehiagotan agertu prentsan, gehienetan gizarte orrietan, baita inoiz literatur orrietan. Ehorzlearen esanetan, zuzendariak eta ondokoak geriatrikoko agintaritzarekiko arma bezala ere erabiltzen omen zuten aldizkaria; esan nahi baita, hormetatik kanpo gizarteak beren berri izan eta, aldi berean, barruan baino ez zabaltzearen arteko dialektikak eremu zabala eskaintzen ziela zuzendariari eta ondokoari geriatrikoko agintariekiko harremanetan indarra egiteko.

        — Zahar borrokalariak, alajaina! —atera zitzaidan oharkabean.

        Nik ordurako banekien urteekin edonork ikasten duen hori, zaharrengandik beti dagoela zer ikasi.

        — Borrokalariak bai —berretsi zuen ehorzleak— eta ez borrokalari ohiak. Ez zakiat hau kontatu behar nukeen, aldizkariaren testuingurua azaltzearen mugetatik kanpo baitago, baina hor zoak: zuzendaria Felisa Jainaga duk, berrogeita hiru urtez klausurako moja izana karmeldar oinutsen ordenan, orain dela hamarren bat urte munduratua. Azkeneko urte biak geriatrikoan zaramatzak. Klausura utzitakoan Mahatserrira etorri zuan, hasieran beste bi moja ohirekin pisu batean eta gero bera bakarrik, orain dela pare bat urte Sonwagner sindromea diagnostikatu zioten arte. Burmuinean jazotzen diren haustura ñimiño batzuengatik, luizi nanoak bailiran, hutsuneak egiten zaizkiok memorian, antzinakoan gutxienetan, hurrekoan sarriago. Oreka arazoak ere agertzen zaizkiok tarteka eta, orduan, desegitear dagoen emakumea zirudik. Baina, zorionez, onera ere egiten dik noizean behin. Hartara, zorionez berriro ere, etorkizuna ezin litekek erabat aurreikus.

        Presatu samar nenbilela esan nion ehorzleari, digresio haiek lehenbailehen amai zitzan; barkatuko zidala, baina enkargu bat egitera joan beharra neukala zortziak jo aurretik. Haserretu gabe jarraitu zuen, haserretu gabe eta nire eskariei jaramonik egin gabe.

        — Felisa Jainagak sor Isabel izena hartu zian ordenatu eta gero. Hila zen munduarentzat. Hala esaten omen dute moja egitean. Desordenatutakoan berea berreskuratu zian. Pentsa dezakeanez, komentuko mikrokosmos haren barnean Felisak aukera izango zian giza harremanen berri zerbait ikasteko. Bai, neronek esan zezakeat: aukera hori ez zian alferrik galdu. Felisak bazakik zer den maitasuna, ezagutzen ditik gorrotoa, inbidia eta elkartasuna, baita sakrifizioa, amorrua, leialtasuna eta heriotza. Mikrokosmosaren abantaila hori duk, norberaren ikusmen eremuan hartzen direla bere osotasunean eta elkar loturik bizitzaren osagai horiek guztiak.

        Ehorzlearen etxera joan nintzen hurrengoan, hurrengoan izan zelakoan nago behintzat, kontu arinez hasi ginen berbetan; arinak diot, ez zutelako zerikusirik gure gaia zen harekin ezta bestelako ezer mamitsurekin. Igogailuetan izaten diren solasaldi horietako bat zela esatekotan egon naiz, baina ni neu ez naizenez igogailuetan ezezagunekin hitz egiten duten horietakoa, esan dezadan ez ginela eguraldiaz aritu, aurreko igandeko Athleticen partidaz baizik. San Mamesen izana zela esan zidan eta hari horretatik ibili ginen, garai bateko futbola eta gaur egungoa alferrik alderatzen. Hasiera batean eseri egin banintzen ere, laster zutitu eta hurbildu nintzen liburutegira, gure elkarrizketak eskatzen zuen arreta eta begirunea ez baitziren kontrajartzen bera sofan eserita zigarro puruari tiraka eta ni bere liburuak ikusten ibiltzearekin. Liburutegiak egongelako horma oso bat betetzen zuen luze-zabal. Goiko apaletara iristeko lau mailako eskaileratxo bat zegoela ikusi nuen, zurezkoa, ziurrenik ehorzleak berak egina, eta maila bakoitzean zerbait zuen idatzia urre maiztua ziruditen zeinuez, artez idatziak. Lehenengo mailan, beherenekoan, jartzen zuen: Egiten duguna gara eta, batez ere, garena aldatzeko egiten duguna.

        — Egiten duguna gara —esan zuen ehorzleak, irakurtzen hasi nintzenean— eta, batez ere, garena aldatzeko egiten duguna.

        Isilik geratu zen, zerbait esatekotan neuk esan behar nuelakoan. Hala iruditu zitzaidan bederen. Galdetu izan balit ea norena zen esaldia, pentsa nezakeen azterketa bat egiten ari zitzaidala. Eduardo Galeano esan izan balu, azterketa egitea ere ez nuela merezi pentsa nezakeen. Bigarrena irakurtzeko makurtu egin behar izan nuen, hain ziren txikiak letrak. Abantailak desprobetxatzeko bezain gai da oztopoak ekiditeko. Gauzarik gehienak bere aldartearen arabera egiten zituen; eta gainerakoak konbentzimenduz, alegia, dena egiten zuen premiak eraginda. Norena izan zitekeen asmatzeko lanei ekin baino lehen bururatu zitzaidana zen, nola demontre idatz daitekeen hain espazio urrian halako testu luzea. Mehe-meheak ziren letrak, larriak eta xeheak bere tokian, puntuazio markak argi, hitz bakoitzeko letrak elkar lotuak. Trebezia ikaragarria, denbora, pazientzia, hori guztia eta gehiago behar da lan hori burutzeko.

        Sofan jarraitzen zuen, nasai, eskumako besoa sofa-bizkarrean luze eta ezkerreko eskuan purua. Begira nuen, irribarretsu.

        — Zeuk egina dela esango nuke —eskailera seinalatu nion.

        — Baita letrak ere.

        — Ez, ordea, esaldiak.

        — Pozten nau hori entzuteak.

        Halako liburutegia duen edonork piztuko zukeen nire kuriositatea, are gehiago halako eskailera baten egilea ere balitz. Ehorzleak lehenagotik zuen piztua nolabaiteko jakin-mina nire baitan, bereganakoa esan nahi baita.

        — Lau mailetakoak ezagutzen badituk, urrun irits gaitezkeen susmoa zaukaat —esan zidan.

        Orduan bai, orduan hartu nion azterketa usaina joko hari. Ez nintzen beldur, izan ere ikasle garaian zerbaitetarako prestatu baninduten azterketei aurre egiteko zen. Beti ibili nintzen larriago ahozkoetan, baina, tira, horietan ere moldatzen nintzen. Kontra nuen gauza bakarra aspaldian azterketetan ez aritu izana zen, biktimaren rolean, noski. Ehorzlea sofatik altxa eta bigarrenez edalontziak whiskiz bete ondoren, nirea luzatu zidan. Zurrutada txiki bat egin eta, edalontzia eskuetan, hirugarren mailan paratu nituen begiak: Jakitea gogoratzea da. Idazkeraren lirainak harrapatu ninduen berriro. Ezagun zuen dardararik gabeko eskuak egina zela. Distira diskretua ematen zion babesten zuen berniz geruzak. Bere hatsa entzuten nuen, aldiro, puruaren kea ahotik kanporatzen zuenean. Ez nion begiratu eta laugarrenaren bila jo nuen: Arrazoirik gabe ez da ezer gertatzen; gauza orok bere kausa badu eta beharraren ondorio da.

        — Ta? —galdegin zidan azkena irakurri ostean, ia tarterik utzi gabe.

        Jostalari sumatzen nuen.

        — Ondo daude aipuak. Beharbada nik beste batzuk aukeratuko nituzke, baina ezin esan ez ditudala gustuko —eta sofan jesarri nintzen.

        Entzuna nion Aitorri, bere lankide ohi batek liburu hasieretan jartzen diren aipu horien zerrenda egiten zuela. Lehen zutabean obraren izena; bigarrenean aipua edo aipuak, jakina baita idazle batzuek bat baino gehiago jartzea dutela gustuko; hirugarrenean idazlearen izena; eta laugarrenean iruzkinak. Hura ikusi zuenetik ez ditu liburu hasieretako aipuak jasaten. Niri ez dit oraindik zerrenda erakutsi.

        — Ez diat hire iritziaz galdetu. Hik beste batzuk idatziko hituzke, zalantzarik gabe; kontrakoa lukek harrigarria, probabilitate urrikoa. Esan diat lehen, laurak ezagutzen badituk urrun iritsiko garela.

        Ez nekien zertaz ari zen. Ez nekien urrun hori zein eremuri zegokion: gure harremanari, aitaren desagerpenaren inguruko ikerketari... Aukeretako edozein lau aipuon egileak ezagutzeak hau guztia baldintza zezakeela pitokeria galanta iruditu zitzaidan, ehorzlearengandik espero ez nuena. Agian jokozalea zen. Gauza jakina da jokozaleari, edozein eremutan dabilela ere, berandu baino lehen jokoaren grina gailenduko zaiola, gutxien espero duzun kantoian agertuko da apusturako aukera. Hipotesia ez nuen oso serio hartu, baina ezta baztertu ere.

        — Lehenengoa baino ez dut ezagutzen.

        — Aspaldiko greziar banarena dituk beste hiruretatik bi, eta eurotako bat guztiz bakana. Nahiz eta jakin esaldiaren egileak gutxienez bi obra mardul idatzi zituela, bere esaldi bat baino ez diagu ezagutzen. Arrazoirik gabe ez da ezer gertatzen; gauza orok bere kausa badu eta beharraren ondorio da. Bere ikasle izan omen zuan Demokrito.

        — Liburutegi ederra duzu —esan nion, elkarrizketa kearen ertzik gabeko ibilaldi urdinera ekarri nahian—. Ematen du, gainera, erabiltzen duzula...

        — Nondik ondorioztatu duk hori?

        — Leku batzuetan hautsa dago. Liburu zahar haien inguruan esaterako —atzamarraz seinalatu nion—, baina han ere badago gune garbirik. Gero, paperak daude, han eta hemen barreiatuta eta liburuen jarrera kaotikoa leku batzuetan, sarritan hartu eta beti edonola uzten diren horiek.

        Ehorzlea gustura zegoen, hirugarrenez hasi baitzen edalontziak whiskiz betetzen. Tragoa, puruari beste tirakada bat eta, oraindik kea botatzen ziharduela, hasi zitzaidan kontatzen liburutegi haren zati bat, lehenbizikoa, zaharrena, etxe hartako aurreko jabeena zela eta etxearekin batera eskuratu zuela. Orduan ez zuela asko irakurtzen, hori gero etorri zela; beno egunkaria bai, hori egunero-egunero goitik behera. Noizbehinka historia libururen bat; maizago, baina pasatu gabe, nobelaren bat. Bestea gero etorri zen. Bestea insomnioa zen, hala esan zidan: insomnioa. Bestea, norbait balitz moduan.

        — Egun batetik bestera etorri zitzaidaan. Hasieran harridura sentitu nian, laster nekea, haserrea. Nekea izan zuan lehenengo menderatu nuena eta haserrea bigarren. Ez kosta gabe. Medikuarengana jo nian. Pilula batzuk erosteko errezetarekin eta neurologoarenerako txartel batekin irten ninduan kontsultatik. Bide horrek ez zian emaitzarik izan. Bai, ordea, bide horretatik desbideratzen den bidezidor batek. Izan ere, egun batean neurologoaren itxarongelan nengoela, antzeko arazoak eta beste batzuk zituen emakume batekin mintzatu ninduan. Eta honek yogaren berri eman zidaan. Biharamunean emakume hark esandako taldean eman nian izena. Bederatzi emakume eta neu! —bekainak okertu zituen ezkerrerantz—. Egunero bi saio egiten ditiat etxean eta taldearekin astean bitan.

        Psikoterapeuta batekin ere ibili omen zen. Hark egin zion idazteko gomendioa. Idatz zitzala arazoak, sentipenak, burutazioak. Baina ez du idazten. Sofatik altxatu, apal batera jo eta paper pila batetik orri bat ateraz aitortu zidan:

        — Hauxe duk idatzi nuen bakarra.

 

        Egun ona izan nuen eta aldarte oneko oheratu nintzen, baita loa atseginez hartzeko beste nekearekin ere. Luze etzan nintzen, ohi bezala, besoak burua inguratuz. Loak bereganatzeko ninduela hots batek erabat iratzarri ninduen. Begiak zabal-zabalik eta belarriak are gehiago paratu nintzen. Ez dakit zenbat denbora igaro nuen bigarrenez hots bera entzun arte, are zoliago jarri ninduena. Orduan, hirugarrenez hotsa noiz entzungo zain geratu nintzen, antsietate ukitu batekin, esango nuke. Besoak beherantz luzatu eta hotsaren jatorria eta izaera deszifratzeko saiakera egin nuen, alabaina jarraipenik gabe, etenez beteta, hurrengoaren zain egote hutsak nire kontzentrazio ahalmen osoa behar izan balu bezala. Hirugarrenez entzutearekin batera komunetik zetorrela ohartu nintzen, iturriari zerion tanta-hotsa agian, baina ez nago seguru. Izan ere, eta honetaz ere hirugarren hau entzundakoan konturatu nintzen, ur tanta-hotsak egin lezakeen doinua (doinua?) baino sakonagoa zirudien, lorratz bat utziko bailuen. Beharbada hodien barruetatik zetorren zotina edo kexua izango zen. Ordurako, esan beharrik ere ez dago, ezin zoliago geratu nintzen laugarrenaren zain. Berriro ere, tarteka, pentsatu ahal izan nuen, tanta ote, hodiren bat ote, baina tarteka baino ez, zegoeneko antsietatearen mende bainengoen nabarmen. Denboraren inkognita gailendu zitzaidan une hartan, ezin bainuen zehaztu hots batetik bestera bitarteko unea, ezta hurrik eman ere. Lehenengotik bigarrenera zenbat minutu igaro ote ziren, lau, hamar, ziurta nezakeena zen bigarrenetik hirugarrenera arteko unea luzeagoa izan zela, baina, aldi berean, zailago egiten zitzaidana zehaztea: hamar minutu, hogei... Hori gutxi balitz, ohera sartu nintzenetik igarotako tartea luze iruditzen zitzaidan oso, hotsen arteko uneen batura baino askoz luzeagoa. Laugarrenez egiten badu, pentsatu nuen, altxatu egingo naiz nondik datorren, zer den, ikusteko. Hiru izan badira, ez dago arrazoirik laugarrenik izango ez dela pentsatzeko. Baina, zer demontre, edozer izanda ere, ez du honenbesteko arretarik merezi, irrigarria baita horrelako txikikeria batek loa eragoztea. Jaikiko banintz, laugarrena entzundakoan alegia, hots horrek bere mende hartu ninduen seinale zatekeen, jarrera paranoikoa hartu izango nukeen hotsaren bila hasi izan banintz. Izan ere, hotsak beti dira hor, hemen. Kaletik datozenak, zakarrak gehienetan, inoiz alaiak, gama oparoa betiere. Barrutik datozenak, gama hain zabalekoak ez badira ere, kezkagarriagoak badira, bai, sarritan. Burutazio hauetan murgilduta harrapatu ninduen laugarrenak, aurreko hirurak baino sakonagoa eta lorratz luzea utzi zuena ene belarrietan, hegazkin batzuk, gauero baxu samar doazen zama-abioi horiek uzten duten gisakoa. Honek, gutxienez, erabat baztertu zuen ur tantaren hipotesia. Eta aldi berean ez nuen zalantzarik bosgarrena ere iritsiko zela. Bigarren kontu bat ere igaro zen hipotesien eremutik ziurtasunenera: ez nuela begirik bilduko. Hartara, jaiki eta hotsen jatorria jakitea izango zen egokiena. Eta jakinda ere, zer? Gero beste hotsen batek beregana nintzakeen, hozkailuarenak, gauero isiltasunaren gainean hegan doazen hegazkinenak, zoruko zurarenak, batek daki.

 

        Eta irakurtzea amaitu nuela ohartu zenean, esan zuen:

        — Harrezkero ez diat lorik egin. Loak eman lezakeen antzeko atsedena lortzeko bidea ezagutzen diat. Goizeko seietatik zazpiak arte egiten diat yoga saio bat. Bestea arratsaldeetan, ordubetekoa hau ere.

        Yogaz gain, atseden uneak ere egiten omen ditu, beti arnasketa ariketekin hasita. Edozein modutan, lo egiten dugunok edo lo egin behar dugunok baino denbora gehiago egiten du esna.

        — Zuek baino denbora gehiago zaukaat.

        Eta orduan Funesen aipamena egin zuen:

        — Mediku baten bitartez ezagutu nian Funesena. Istorio horixe duk, hasi berria zen nire insomniorako osasun zerbitzuek eskaini zidatean onena. Izango zuan ez zakiat zenbatgarren bisita neurologia sailera, eta ordura arte ezagutzen ez nuen neurologo bat egokitu zitzaidaan. Gaztea. Eseri orduko konturatu ninduan ezagutzen zuela nire historia, Osakidetzak idatzitako atala alegia, eta harrituta bezain pozik utzi nindian ustekabeak. Azaldu zidaan berak ez ziola antzik hartzen nire patologiari. Ez hori bakarrik, uste zuela, egunotan saiatu baitzen informazioa biltzen, ez dudala aurkituko soluzio medikurik eskainiko didan inor. Eta hauxe esan zidaan: «Zure txostena irakurtzen ari nintzela, Funes etorri zait akordura. Horregatik ekarri dizut ipuin hau: Ireneo Funes zaldi batek irauli eta elbarri utzi zuen hemezortzi urte zituela. Oroimen ahalguztiduna zen haren dohain nagusia. Oroitzapen gehiago dut nik bakarrik, mundua mundu denetik gizon guztiek inoiz izan dituzketenak baino esaten omen zuen. Apenas hartzen zuen loak». Kontsultatik irtetean pentsatu nian: halako profesionalekin beharbada osasun sistema ganoratzeko beste ez diagu izango, baina ez zagok dena galduta.

        Horrela hasi omen zen sutsuki irakurtzen. Aurrena etxearekin batera eskuratutakoak, goiko apaletan zeudenak eta, bistakoa dena, zaharrenak.

        — Eskuratu nuen liburutegiak badik bere historia... bere historia eta sekretu bat.

        Purua ezpainetaratu zuen. Isilik geratu ginen. Hori nahi zuela uste dut. Ea hasten nintzaion historia eta sekretu haiez galdezka. Hori ematen zidaten aditzera dirdirka zituen begiek, nireetan paratuta gupidarik gabe.

        — Eta jakin al litezke? Tira, sekretua ez, sekretua baldin bada; baina inori kontatu ote diozu liburu horien historia? —egin beharreko galdera egin nion, noski, anfitrioia beti utzi behar baita kontent.

        Abiatu zen beste whiski bana ateratzera. Altxatu nintzen neu ere, eta hurbildu apaletara, liburu zaharrenen ingurura. Oinak eskailerako bigarren mailan jarrita ia-ia begien aurrean nituen gorengokoak, ondo irakurtzeko moduan bizkarrak. Ez ziren asko heredatutakoak, berrogeita hamarren bat. Aurrez aurre neukan Escritos, Pietro Gori; arrastorik ere ez. Eskuman Los consejos de fábrica en la Rusia de 1917, Ana M. Pankratova; ideiarik ez. La oposición obrera, Alexandra Kollontai; honi hartu nion trazaren bat. La conquista del pan, Kropotkin. Eskumarago jarraituz aurkitu nuen euskarazko bat: Komunista Alderdia-ren Agiria, K. Marx eta F. Engels. Ez nuen segitu. Ehorzlea luze iritzita egongo zen, are gehiago ipurdia ematen niolarik. Itzuli nintzen beraz sofarantz, eta mahai gainean paratutako whiskia hartzera nindoala nire arreta erakarri zuen apal batean zegoen argazki batek. Zuri-beltzean, bikote zahar bat eta mutil gazte bat ageri ziren. Ez zen oso argia. Neuk ere ezin nuen, whiskia medio, argi ikusi. Atso bat eta agure bat etxearen aurrean zeuden mutil gazte batekin, ehorzlearen etxe aurrean alegia. Gorputz osokoa izateak ez zuen laguntzen pertsonen ñabardurez jabetzen. Hala ere, gaztea ezaguna egiten zitzaidan, hurbilekoa. Baina zaharrak ez, inondik inora.

        — Berrogeita bi urte badituk auzo honetara bizitzera etorri nintzela, 1964ko udaberrian. Ehorzle egitera etorri ninduan —irribarreak esan nahi zezakeen, «pentsa ezak zenbat lurperatu ditudan!»— eta iritsi eta gutxira ezagutu nian etxe honetan bizi zen bikotea. Eurekin nagok begira egon haizen argazkian; artean osorik nian sudurra. Laurogeien bueltan zebiltzaan. Kontua duk urte hartako urrian hiru agure etorri zitzaizkidala hilerrira. Nireganantz zetozela, eguerdi batean zerk ekar zitzakeen asmatu ezinik ibili ninduan. Serio zetozean, grabe. Alboratu egin nian laster beharko zuten lekua aukeratzera zetozkeela. Euretako batek aurkezpenak egin zitian eta bostekoak eman genizkioan elkarri. Pentsa ezak hogeita bi urte baino ez nuela eta hirukotea berrehun eta berrogeita hamarren bueltan ibiliko zela. Lagun bat hil omen zitzaiean eta biharamunean eman behar zitzaioan lurra. «Ez da elizkizunik izango, zuzenean ekarriko dugu hona», esan zidaan bozeramaile egiten zuenak, «eta hemen egingo diogu gorazarrea». «Ados», erantzun niean, tutik ere ulertu ez arren. Kanposantua Elizarena zuan eta orduan ez nian halako ospakizunen berririk; Eibarren hileta zibilak egiten zirela entzuna nuela salbu. Biharamunean, bada, han agertu zuan segizioa. Paratu zitean zerraldoa lurrean. Inguruan zutik gorazarrera etorritakoak, batzuek krabelin gorria paparrean, gizon zein emakume. Gizon gutxi batzuek jakako poltsikotik zapi gorria atera eta lepoan lotu zitean. Zaharrenetako batek hartu zian hitza. Inoiz entzun dudan panegirikorik ederrena. Ondoren emakume batek hilkutxa osorik estaltzeko moduko oihal gorria hedatu zioan gainean. Ekin genioan zerraldoa zuloan sartzeari eta, aurrena emakume bat, gero beste bat, azkenerako bertaratutako ia guztiak, Internazionala kantatzen hasi zituan, baxu-baxu hasieran, indartsu amaieran. Lehen aldia zuan entzuten nuela. Zeremonia bukatutakoan emakume bat hurbildu zitzaidaan galdez ea neuk zaintzen ote nituen landare eta enparauak. Baietz. «Eta ertzean dagoen ortua?». «Hori ere bai», erantzun nioan, «soldatak ez du-eta askorako ematen». Etxe honexetan bizi zen emakumea zuan. Asun. Denbora batera proposamen bat egin zidaan bikoteak: etxea bi solairukoa izanik eta eurak, adina tarteko, bizia behean egiten zutenez, goiko solairua alokatuko zidatela lan truke, alegia, ortutxoa landu, erosketak eta mandaturen bat edo beste egin, urtean garbiketa sakon bat. Handik bi urtera hil zituan biak, bata bestearen ondotik: Asun lehenengo eta bederatzi hilabetera Poli. Etxea utzi zidatean, eman.

        Bere barnean bildu zen ehorzlea. Ni neurean. Eta alde egiteko ordua zela pentsatu nuenez, astiro jaiki nintzen.

        — Arrats luze honen ostean, ez duk joan nahi izango sekretua ezagutu gabe, ezta?

        — Ez nuke nahi inor sala dezazun.

        — Susmoren bat baduk orduan?

        — Ez, noski. Liburutegian ikusitako apurraz eta zuri entzundako historiaz osa ditzakedan hipotesiak beti izango dira ahulak. Baina, ez zenuen dinamita aurkituko... edo Durrutiren gutunen bat...

        — Ez, ez da halakorik, nahiz eta bietatik izan zertxobait.

        — Aska ezazu sekretu hori behingoagatik —erregutu nion.

        — Poli hil eta hilabete batzuetara konturatu ninduan Germinal nobelaren bi ale zituela liburutegiak. Handienaren bizkarra dotorea zuan oso, larruzkoa. Eskuetan hartu eta ireki arte ez ninduan ohartu kutxa bat zela, hain zitian ondo itxuratuak orriak, orrien ertzak. Kutxa barruan koaderno bi zeudean. Eskuz idatziak. Bi eskuk idatziak, ez erdi bana. Letra molde bat nabarmentzen zuan orri gehienetan, baina bik idatziak.

        Altxatu zen, azkar esango nuke, airos, nik egingo nukeen baino askoz azkarrago eta airosago bederen, eta apal batera egin zuen; koadernotutako orri multzoa hartu han eta eskuetara ekarri zidan.

        — Lehenengo koadernoaren transkripzioa duk.

        Poli Urizarren lehenengo koadernoa jartzen zuen azalean, koadernoa bera idatzia izan zen letrarekin barik, beste batekin. 1899tik 1906ra artekoak jasotzen zituen.

        — Beste koaderno bat ere bazagok, 1936tik 1960rako ibilerak biltzen dituena.

        Izango ziren goizeko hirurak. Atariko ilunpean esan genion agur elkarri. Ehorzlea kontrargian geratu zen, eta bitxia iruditu zitzaidan, hala dut gogoan, patillak izatea nabarmentzen zitzaiona gehien, zilarra bailiran. Esku batean Poliren koadernoa neukanez, bestea luzatu behar izan nion eskaintzen zidana hartzeko.

        — Eraman ezak hau ere.

        Aldizkari bat zen. Goiburua baino ezin izan nion irakurri iluntasun hartan. Goizaldeko Pixontzia.

        Taxi bat hartu nuen etxera joateko. Zabaldu nuen koadernoa, baina iluntasunean ezinezkoa izan zen lerro bakar bat irakurtzea. Igogailuan sartu arte ez nuen irakurri lehen lerroa: Iratzartzen ari nintzen. Begiak zabaldu eta gero betazalei eragin behar izan nien hainbat bider, leihotik nekusan harresia ametsetako irudi lausotuei gailendu arte. Burua aurrerantz jiratu eta aurrean neuzkan bi gizonak ikusi nituen.

        Uste dut lehen aldia zela lerro batzuen irakurketak alkoholaren lurrunak uxatzen zizkidana. Ez nuen atsedenik hartu Poliren koadernoa irakurtzea amaitu arte.

        Beste askok bezala, adina iritsitakoan eta soldaduskatik libratzeko, orduan gerlatik libratzea esan nahi zuena, bi mila erreal urrundik ere ez izatean, ihes egitea hobetsi zuen Polik. Hautu hau egin zuten gehienak ez bezala, La Arboledara joan zen, lurrari burdina erauztera. Joakin Bizkarra izan zen meatzari urte haietan. Oharkabean ibili nahi duenarentzat leku egokia begitandu zitzaidan, beti irudikatu izan baititut gizon saldo handiak hara eta hona mendi hezeetan lurrari egindako zaurietan barna, denak aurpegiak eskuak bezainbat belztuta. Bat-batean amaitu zitzaion La Arboledako egonaldia. Ustekabean, liskar batean, guardia zibil bat garbitu zuen eta bigarren ihesaldiari ekin behar izan zion. Aurrez prestatuak ez izanak zekartzakeen neke eta arrisku ikaragarriak, antolatutako langile batzuen laguntzaz saihestu ahal izan zituen doi-doi. Mateo Manterola goitizena hartu zuen, zeina, bilatu gabe, in crescendo batean murgildu zen, garaiko gatazka handietan nahastuta.

        Geriatrikoko aldizkaria ez nuen handik egun batzuetara arte irakurri. Memoriak nahiko argitasun eman ohi du gure lehentasunez. Lehentasun bilakatzen diren beldurrez, desioez, grinez... Pixontzien buletina ahaztuta izan nuen eta ez soilik sofaren atze aldean galduta geratu zelako. Gure ehorzlearekin solasean zuen izenburu elkarrizketak. Sarreran zioenez, gure kontuak profesional onen eskuetan uztea nahi izaten dugu guztiok, konfiantza ematen digutenen esku. Hori egiten badugu autoa, gibela edo ikuzgailua konpondu behar dizkigutenetan, ez dago arrazoirik lurpera eraman behar gaituztenean lan hori arrotz baten eskuetan uzteko. Hauxe bera konpontzera gatoz elkarrizketa honekin. Berandu baino lehen gure gorpuak hartuko dituena ezagutzeko. Ganorazko profesional bat dela ikusi eta lasaiago senti gaitezen. Ez sarreran, ezta elkarrizketan ere, ez zen behin ere aipatzen ehorzlearen izena. Ez adina, ez jaioterria. Beste bide batzuk jorratzen zituen solasak, ofizioarekin estuki lotuak. Profesionaltasuna frogatze aldera, nonbait. Baina hau guztia ez nuen orduan irakurri, handik egun batzuetara baizik.

        Telefono mezu bat bidali nion Aitorri, institutuan zegokionari jakinaraz ziezaion afoniak jota nengoela. Inor penatuko ez zen lasaitasunarekin oheratu nintzen. Loak hartu bitartean, ez oso luze, Poli Urizar ibili zitzaidan buruan. Patua. Kasualitatea. Asun ere bai, Asun ere buruan nuela esan nahi dut. Bigarren ihesaldian Bilbon ezagutu zuen emakumea, Artemioren bikotekidea. Bikote honek eman zion aterpe aste batzuez, Mateo Manterola bilakatuta Madrilgo bidea hartu zuen arte. Ollerieta kaleko etxe hartan zerbait izan zen Asun eta Poliren artean, zerbait erein zuten lau eskuz, oharkabean. Mateo Manterola izenpean Polik Ollerietako etxe hartatik alde egitearekin batera ohartu ziren baina. Biak ohartu ziren, hirurak agian. Koadernoan batak eta besteak, Polik eta Asunek, idatzitako orriak tartekatzen dira. Orri ezberdinak, esku ezberdinek, gorputz ezberdinek beteak. Aurrez ados jarrita edo ez, ez dakit, baina gerora bat egin zutenak norbaitek josi zituenean. Tarte laburra izan zen loak hartu bitartekoa.