Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Ez da sekula hemen izan

 

Zuregana jo badut, udalaren jakinarazpenak dioenetik kanpoko zerbait esateko izan da, bai. Esan dizudanez, obra batzuk egiten hasi gara hemen. Herenegun hasi ginen. Eta atzoko eguna hausnartzen eman nuen.

        — Hausnartzeak on egin lezake.

        — Ulertu egidazu. Ez dut esan nahi arbolape batean nentzala kontenplatiboen maneran. Neure lana egin nuen atzo, baina herenegungoaz hausnarrean.

        — Ez didazu azalpenik eman behar.

        — Badakit. Eta hala ere azaldu nahi dizut, zure sendiaren panteoian sartu nintzela bertoko gorpuzkinak ateratzeko asmoz, hori baita lehenengo beharra gero panteoia mugitu ahal izateko. Lehendabizi zure amamarenak eta aitaitarenak gordetzen dituzten kutxak atera nituen eta, ondoren, zure aita zenarenak gorde behar zituena.

        — Gorde behar zituena?

        — Bai, jauna, hasi zara konturatzen auziaren nondik norakoaz.

        — Ba ez dut ezer ulertzen.

        — Normalean, urteen poderioz, gorpuak ez ezik kutxak ere hondatu egiten dira, batez ere ipar mendebalera begira dauden hilobietakoak. Ez da zuen kasua; are gehiago, zure sendiaren panteoia egin zuena ez zen makala, bazekien hezetasunaren eta hozberoen eraginen berri, hala dirudi behintzat. Hogeita bederatzi urte dira zure aita lurperatu-edo genuenetik. Eta zuen amama (aitaita ni honetan hasi baino lehenago sartu zuten hemen), amama hilobiratu nuela, hamar. Bada, kutxa biak daude egoera onean, amamarena eta aitaitarena. Txukun, lehor eta ustel gunerik gabe. Eta ez dakit egokia den esatea, baina hala ez bada barkatuko didazu, baiezta dezaket zuen amamaren gorpua osorik dagoela.

        — Ez duzu barkamenik eskatu behar.

        — Eskerrik asko.

        — Baina zure aitaren arrastorik ez dago.

        — A.

        — Nik esango nuke zure aita ez dela sekula panteoi honetan izan.

        — Ados.

        — Dirudienez ez zaitu harritzen. Baina onartuko duzu, kontua bitxia dela oso.

        — Oker zaude. Harritu harritzen nau eta ez gutxi. Seguruenik zu zeu harritu zintuen beste. Ez nauena egiten da hunkitu, horregatik izango da ez didazula emoziorik antzeman, eta harridura beragatik ere bai hainbatean.

        — Zeure arrazoiak izango dituzu.

        — Zergatiak esango nuke nik. Badaude, ugari, halako albiste baten aurrean ez hunkitzeko zergatiak. Eta denak bakar batean laburbil daitezke: ez dudala aitarik izan.

        — Orain ni naiz ulertzen ez duena.

        — Esan nahi dut, amarekin hazi nintzela eta, nire memoria iristen deneraino, ez dudala gogoratzen aita-minik izan dudanik. Ez dut ukatuko inoiz ere izan ez dudanik. Ume-umetan, esate baterako, eduki eta ez eduki artean ez dago zalantzarik, beti eduki. Diodana da nire gogoan ez dagoela horren aztarnarik. Eta noraino heltzen da nire memoria? Baditut irudi bakan batzuk, lauzpabost urte nituenekoak, baina geroagokoetan ere sarri gertatu ohi denez, ezin jakin noraino diren berezkoak edo entzundakoak eta urteetan zehar norberak kontatutakoak, norbere buruari baino ez bada.

        — Interesgarria. Beraz, hunkitu ez, harritu bai.

        — Hori da.

        — Neroni bezala orduan, harrituta. Hara, nire irudikoz, utziko didazu matazaren muturretik tiraka hasten, zure aita ez zen inoiz hilobi horretan izan.

        — Ezta hilkutxan ere, hainbatean.

        — Hainbatean. Baina hori beste kontu bat da.

        — Dena den, badago argitu beharko zenukeen zerbait beste ezer baino lehen. Hau da, ea beste inori eman diozun honen guztiaren berri, Poliziari esate baterako.

        — Zalantzak izan nitzakeen norengana jo erabakitzerakoan, baina aukeren artean inoiz ez zatekeen Polizia egongo.

        — Zure arrazoiak izango dituzu.

        — Zuk errazago aurkituko zenituzke Poliziarengana joateko arrazoiak ala?

        — Ez.

        — Lasaiago geratzen naiz.

        — Gustatuko litzaidake jakitea zer egiteko asmoa duzun; ze, izatez, izango duzu udaleko zure nagusiari honen berri emateko obligazioa.

        — Barkatu egidazu, baina zuregandik ez nuen holakorik espero. Aipatu duzun nire obligazio hori arlo administratiboari dagokio; bizitzak, ordea, arlo ugari ditu, eta beste horietakoren bati dagokion obligazioa betez deitu dizut... edo dei niezaiokeen zure amari.

        — Ulertu behar dut, orduan, niregandik zerbait espero omen zenuenez, nolabaiteko iritzia zenuela niri buruz, nirekin egon aurretik.

        — Aurreiritzia? Zer nahi duzu esatea... Egia da ez zaitudala ezagutzen, baina ezin esan ezezaguna zatzaizkidala; azken batean auzo berekoak ginen, hazten ikusi izan zaitut, norbere auzoko umeak ikusten diren gisan, nire moduko batek ikusten dituen gisan. Ardo botila honekin zatozela ikusteak ere lagundu du zutaz daukadan iritzia osatzen. Ez dugu inoiz elkarrekin hitz egin, aire berbera arnastu arren. Horrez gain, ulertu behar duzuna da beste inork ez dakiela, eta gutariko batek zabaldu ezik beste inork ez duela jakingo. Neronek garraiatuko ditut hilkutxak panteoiaren kokaleku berrira. Hemendik aurrerakoa zure esku uzten dut.

        — Pare bat egun hartuko ditut pentsatzeko. Erabaki bat hartu bezain laster etorriko natzaizu esatera.

        — Erabaki zuzena, hartu duzun lehenengo hau.

        — Eskerrik asko.