Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Nahikoa da

 

Txingudira begira zeukan apartamentua Jose Mari Rubiok. Atarian sei postontzi. Aukera gutxi, pentsatu nuen. Hobe esanda, aurretik neraman pentsamendu hori. Hogeita hamar urte askotxo ziren Cosme Gezeta ezagutu zuen norbait, eta gogora zezakeen norbait, aurkitzeko. Joko-kideekin eta Bolatokiko nagusiarekin agertzen zen argazkia utzi zidan Martinek. Argazkiaren aitzakiarekin, Elena aurkitzeko eta Martinek etendako hariari heltzeko asmoz joana nintzen Rubiorekin izan eta biharamunean. Aitzakiarekin itzuli nintzen. Elena ez zegoen. Martin, bai. Argazki hura oso gustuko nuela azaldu nion, aita oso ondo agertzen zela, ez neukala bere azken sasoiko argazkirik eta kopia bat egin nahi nuela.

        — Itzuliko dizut gaineko egunen batean.

        — Lasai hartu eta itzuliko duzu ahal duzunean.

        Horrela idatzita, baina, ez da erantzunaren jitea antzematen, are okerrago, gaizki antzematen da. Izan ere, ezer esan baino lehen bizpahiru segundoko isilunea egin zuen. Bai, isilunea egin. Eta gero esan zituen hitzok, keinu arraro bat aurpegian, «baina hik zertarako nahi duk hori» esanez bezala.

        Aitor hasi zen postontzietako izenak irakurtzen. Izenek ere sasoi bat adieraz dezaketenez, batzuek argi eta garbi, berehala baztertu genituen erdiak. Hiru ate genituen jotzeko, bat Rubioren apartamentuaren aurrez aurrekoa. Hor hasiko ginen. Azken solairuan zegoenez, hirugarrenean, huts eginez gero, goitik beherako bidea egingo genuen.

        Huts egin genuen lehenengoan. Atea zabaldu zigun emakumea ez zen gu baino askoz nagusiagoa. Bere aurreko belaunaldikoren bat bertan izatea ere alboratu genuen berarekin izandako elkarrizketa laburrean. Hasieran mesfidantzaz begiratu zigun. Ondo begiratuta ez da harritzekoa. Gure moduko bi tipo, argazki zahar batean agertzen den gizon bati buruz galdezka. Poliziak ginela pentsatuko zuen. Pentsa zezakeen, baita ere, ez genuenez geure burua poliziatzat aurkeztu, ba, ez ginela poliziak. Dena den, poliziak bere burua aurkeztearen kontu hori, filmetan eta telesailetan usu gertatzen dena, ez da errealitatean hain arrunta. Gaizkileak ginela ere pasa zitekeen emakumearen burutik. Guk ezin genuena asmatu zen, ea zerk aztora zezakeen gehiago emakume hura, aurrean zituenak polizia ala gaizkile izateak. Izan gintezkeen aseguru etxeren batekoak, bizitza aseguru baten onuradunari ez ordaintzeko ahaleginetan genbiltzanak. Amaieran ere bai, mesfidantzaz agurtu gintuen amaieran ere, baina gutxienez lagun ziezagukeen zerbait esan zigun:

        — Bigarrenean bikote nagusi bat bizi da, etxea egin zen garaietatik.

        Mesfidantzarik gabe, abegikor, hartu gintuzten doi-doi Rubioren apartamentuaren azpikoan bizi ziren zahar haiek. Laurogeien bueltan ibiliko ziren. Biek gogoratzen zuten argazkiko gizona.

        — Jose Mariren apartamentua alokatu zuen. Ez zen denbora luzez egon —esan zuen emazteak.

        Ez zuten izena gogoratzen. Ziurrenik ez zuten bere izenik inoiz jakin, diskrezioz mugituko baitzen Cosme Gezeta izandako hura. Ez zuten inoiz beste norbaitekin ikusi. Ikusi ere ez gehiegi.

        Berriro kalean, bidea gurutzatu eta Txingudiko badiari begira geratu ginen.

        — Ta? —Aitorrek.

        — Nahikoa duk —nik.

        — Hori uste diat nik ere.

        Itzulerako bidaian ez genuen ia hitzik egin. Aitorrek mantso gidatzen zuen, molde delikatuan esango nuke. Etxeko besaulkian, hausnarketarako besaulkian bezala sentitu nintzen. Etxeko pareta zuriaren ordez autobidea nuen aurrean. Hark beste ondo egin zezakeen pantailarena. Bost gizon nekuskien mahai bueltan: hiru jesarrita eta bi atzean, pittin bat makurtuta eta besoak jesarritakoen bizkarrean pausatuta. Cosme Gezeta erdi-erdian zegoen, ezkerrean Cleto Gorostidi eta eskuman Gerardo Setien zituela. Atzean Jose Mari Rubio eta Martin Lopez Aginako. Denek ziruditen lasai eta aldarte oneko. Eztabaida zitekeen Setienen aurpegiera irria zen edo ez, eta beste hainbeste esan daiteke forentsearen rictusari buruz. Ezbairik gabeko irria Rubioren aurpegian ikusten zen; urteetan irririk egin ez duen gizona, kurioski; gutxienez semea galdu zuenetik, bekatari izateari uzten hasi zenetik. Ordurako itxiak nituen betazalak. Ikusmena beste parametro batzuetara eraman lezake begiak ixteak. Rubiok, Setienek eta Gorostidik alde egin zuten eszenatik, era sotil batean, leun, baina nabarmen. Hauek utzitako lekuak Matias Pascalek, Wakefieldek eta Poli Urizarrek hartu zituzten. Aitak eta Martinek lehengoan segitzen zuten.

        Begiak zabaldu nituenean Igorretako ordainlekura iristen ari ginen. Ustekabean eta supituki, orduantxe bertan izeko Margaritarenera joatea pentsatu nuen, hau guztia kontatzera. Berehalaxe baztertu nuen ideia hura. Bururatzetik baztertzerako tartean ez zidan eman astirik Aitorri esateko, zorionez. Ez zeukan zentzurik, bide batez-edo genuelako, Durangora joatea Hondarribikoa izeko Margaritari kontatzera. Ez zeukan zentzurik, batez ere, amari baino lehenago Margaritari kontatzea. Gainera, ez zegoen presarik. Niri zegokidanez amaituta zegoen ikerketa edo dena delako hura. Bestalde, zerbaitek esaten zidan denek zekitela gehiago, nik baino gehiago. Amak, izeko Margaritak, Bolatokikoek, ehorzleak... batez ere ehorzleak. Sentsazio deseroso bat zen, definigaitza. Herra zen deserosotasun horren osagaietako bat, ez handiegia, baina herra. Ez zitzaidan asko kostatu identifikatzea. Intentsitate baxuko herra Bolatokiko jokalariekiko, intentsitate ertainekoa ehorzlearekiko. Doazela denak pikutara.

        — Goazen bazkaltzera, gonbidatuta hago.