Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Cosme Gezeta delako bat

 

Ezusteko deia jaso nuen Margaritarekin izan eta pare bat astera, gutxi gorabehera. Sakelakoaren pantailak Margarita zioen. «Margarita naiz, ixekoa». Azkenengo hitz hau beste tonu batean, ziurtasun gutxiagorekin esana balitz bezala. Astelehen arratsalderako geratu ginen. Puntu-puntuan nintzen ateko txirrina jotzen. Adeitsu hartu ninduen, masailetan musu emanez. Kafea hartu genuen eta nire bizitzaz galdetu zidan, lana, bikotea eta halakoak. Jakin behar zuena esan nion. Jakin-mina izanagatik ere, ez nintzen ausartu bere bizitzaz ezer zehatzik galdetzen, esaterako bikotekiderik zegoen edo ez. Zilegi omen da gazteagoari lanaz eta bikoteaz galdetzea, ez gazteak zaharrari. Horrenbestez, aitaren gaia jorratzeari ekin genion. Esan zidan banatu berri joan zitzaienean, bueltau jakunean bere hitzetan, jota ikusi zuela, hondoratuta. Baina besoak astintzen hondo hartatik gorantz egiteko. Ez zen lana erabiltzen duen horietakoa bizitzak emandako astinduetatik osatzeko. Alderantziz ere esan daiteke, izan ere, aseguru etxe bateko egoitza nagusian egiten zuen lan Bilbon, eta Durangon bulegoa ireki orduko bertara etortzea eskatu zuen. Zuzendari moduan etorri zen hona, baina ez zion lanak lehen baino ordu gehiago kentzen. Izeko Margaritaren kontakizunaren arabera, askoz lasaiago bizi omen zen Durangon. Ahal zuen guztietan mendira joaten zen, noiz edo noiz lagunen batekin, gehienetan bakarrik. Horra iritsita ilundu egin zitzaion betartea Margaritari. Isilik geratu zen une batez. Gauez ere ibiltzen omen zen, ez egunero, baina bai astean pare bat aldiz edo. Txarrena: jokoa zuela gustuko, kartak eta frontoia. Bere lagunez ez zekien ezer zehatzik. Aldiz, kartaka egiten zuen taberna zein zen esan zidan, Bolatoki izenekoa, oraindik ere taberna dena. Abiapuntu bat iruditu zitzaidan.

        Zuzen jo nuen tabernara, izeko Margaritarenetik alde egin bezain pronto. Uste dut presaka antzean joan nintzela bere etxetik; zapore mikatza nuen, baina baita Bolatokira heltzeko irrika ere. Errudun sentitzen nintzen, baina bihotz taupadak taberna hartara ninderaman grinak eraginak ziren. Mostradoreko taburete batean jesarri nintzen eta, jesartzen ari nintzela, Juan Preciado etorri zitzaidan gogora. Nire aita, Pedro Páramo delako bat, hemen bizi zela esan zidatelako etorri nintzen Comalara. Amak esan zidan. Halatsu ikusten nuen, beharbada, neure burua Bolatokin sartu berritan. Nire aita, Cosme Gezeta delako bat, hemen bizi zela esan didatelako etorri naiz Bolatokira. Izebak esan dit. Zerbitzari zebilena, ezpain gorridun emakumea, etorri zitzaidan eta garagardo bat eskatu nion. Hiru mahai zeuden bazter batean, bat baino ez okupatua, kartetan ziharduen gizonezko laukotea ke artean. Ez zen beste inor ageri, baina bai ahotsak, gutxi, sakonak, eztulen bat, biraoren bat edo beste. Ahotsak komunetako ateen ondoan eta tabernarekiko bionbo batek berezitua zegoen beste gela batetik zetozen. Hor ere karta jokoa, pentsatu nuen, jendaurreko beste hura baino serioagoa nonbait. Hala adierazten zuen barruan jokatzeak, kanpoan bi mahai libre izanik. Jokoaren tamaina ziurrenik, edo jokalariena, biak hainbatean. Beharbada aitaren sasoitik, edo lehenagotik, iraun du hemen karta jokoak, tamainakoak hain zuzen.

        Bazen garaia lanari ekiteko.

        — Aizu, zenbat da? —tabernariari deitu nion ordaintzeko aitzakian, eta hasi nintzaion—: Nire aita zenak, Cosme Gezeta, hemen jarduten zuen jokoan duela hogeita hamar-berrogei urte. Taberna ezagutzera etorri naiz.

        Adi nuen emakumea, irri gorri leun-leun batez. Ohartu nintzen begietan marra beltz mehe bat zuela, eta erabaki nuen hori barik ere begi haiek bazutela argia eta tamaina, oharkabean pasatzea ekiditen zietenak.

        — Garai haietan gure aita zen nagusia —esan zidan—, nagusi eta morroia. Eguerdiro izaten da hemen. Nahi duzunean etor zaitezke berarekin hitz egitera. Burua oso argi dauka eta memoria bikaina.

        — Ongi da.

        — Barruko gelan antzinako argazki pila bat dago hormetan, nahi badituzu ikusi...

        Barruko gelara lagundu zidan. Lau gizonezko, uste dut denak alkandora zuriz, jokoan ari ziren. Gainezka zuten mahaia: kopak, hautsontziak, kartak eta kolore ugaritako billeteak, ezezagunak niretzat bat baino gehiago. Ez ziguten jaramon handirik egin, nahiz eta tabernariak diosala abegitsua egin:

        — Arratsaldeon, jaunak. Zerbait behar baduzue eskatu egidazue beti bezala.

        — Eskerrik asko, Elena —erantzun zion batek, begiratu ere egin gabe—, ez zaigu ezer falta.

        Hiru horma argazkiz beteta zeuden, denak zuri-beltzean. Bakoitza bere markoarekin eta beiraz babestuta. Ezkerreko paretatik hasi nintzen.

        — Hau da nire aita —esan zidan, erakuslea txirrindulari baten ondoan zegoen gizon sendo eta alai baten gainean pausatuz.

        Denbora gehiago eman nuen atzamarrari begira gizonari baino, hain zen harmoniatsua sorburutik atzazaleraino. Andres Gandariasekin Urkiolan jartzen zuen, datarik aipatu gabe. Baziren futbolariak eta boxeolariak ere. Jabetu nintzenean horma hura kirol kontuei zegokiela, hurrengora jo nuen. Gehienak tabernan bertan ateratakoak ziren, gizonak binaka, hirunaka, launaka... Emakume gutxi. Aurkitu nuen aita eta Elenari erakutsi nion.

        — Ez duzue antzik.

        Ez nuen horretan erreparatu ordura arte. Ordura arte ez nuen aukera handirik ere izan horretan erreparatzeko. Ez didate inoiz esan amaren antza dudanik, ez dut, behintzat, gogoratzen. Hiru gizon ziren mahai bueltan jesarrita, hauetako bat aita, eta beste bi atzean, zutik baina pittin bat makurtuta argazkian sartzeko-edo, denak aldarte oneko, zigarroak eta kopak eskuetan. 1970 jartzen zuen azpian. Elenak bere aita seinalatu zuen, atzeko bietatik eskumakoa, eta neronek denbora gehiago egin nuen atzamarrari begira gizonari baino.

        — Ez dut, baina, inor ezagutzen —argitu zidan.

        — Bihar edo etzi itzuliko naiz —eskerrak eman eta alde egin nuen.

        Etxera bueltan erabaki nuen, garaia zela kontu guztiaren berri Aitorri edo Agustini, edo biei, emateko. Hausnarketaren nekeak eraginda ziurrenik, erabaki nuen biei kontatzea, bataren zein bestearen ezaugarriak lantegian paratuz zerbait aterako zelakoan. Zerbait berria, gauzak ikusteko molde ezberdinen bat agian. Etxean, pentsatzeko besaulkian jesarri eta horma zuriari begira egon nintzen. Arreta osoa zuen paretak, zentzu guztiak nituen pantailan, foto zahar hartako gizonak agertu ziren arte, jokoan serio.

        Ez nuen ondo lo egin, makina bat aldiz esnatu nintzen, ez zerbaitek estu arduratzen ninduelako, barnean sentitzen nuen inurri dantza bategatik baizik. Jaiki eta lehenengo lana institutura deitzea izan zen, gaua botaka eman nuela eta komunetik altxa ezinda nengoela jakinarazi nion idazkariari.

        Durangon nintzen eguerdirako. Zuzenean Bolatokira. Ez zegoen Elena, eta hau baieztatzeak erdira baino beherago jaitsi zidan animoa. Bere ordez mutil gazte bat ari zen, ile beltz-beltza kopeta batean bilduta. Bazter batean zahar koadrila bat zegoen, txikiteoan antza, eta euretako bat izan zitekeenez Elenaren aita, kopeta beltz eta ezpain lodiko mutilari galdetu nion nagusiaz. Asmatu nuen, koadrila hartako bat zen. Hurbildu nintzaion, pixkatxo bat taldetik aldendu eta nire burua aurkeztu nion:

        —Cosme Gezetaren semea naiz.

        — Ni Martin —bostekoa eman zidan—, Martin Lopez Aginako. Atzo hemen izan zinela esan dit alabak.

        Barruko gelara eraman ninduen. Erakutsi nion bezperako argazkia.

        — Gehiagotan ere egon behar du. Bolatokin makina bat ordu emandakoa zen Cosme. Neurriko gizona hitzetan, edanean, janean. Inoiz neurria galdu bazuen, agian jokoan izango zen, kasu bakanen batean edonola ere. Argazki horretan ohiko joko-kideekin dago: Gerardo Setien, garraio enpresa baten jabea; Jose Mari Rubio, bitxi-denda bat zeukana; Cleto Gorostidi, mediku forentsea...

        Ez nion hortik aurrerakoa aditu. Forentsea. Kasualitate handiegia litzateke forentse bat izan joko-lagun eta zerikusirik ez izatea desagerpenarekin. Baina hori bide itsua zen, forentsea urte batzuk lehenago hil zela esan baitzuen Martinek:

        — Plentzia inguruko zahar-etxe batean hil zen.

        — Nirekin zerbait hartzeko astirik baduzu? —galdetu nion.

        — Ekatzu txakolin botila bat eta pare bat baso! —agindu zion zerbitzariari.

        Kontalari ona iruditu zitzaidan Martin Lopez Aginako. Alabak esan bezala, memoria galantekoa eta gertaerak harilkatzen trebea. Iritziak, ordea, urri; ez zuen honetaz edo hartaz baloraziorik ia egiten. Bere esanetan, talde hartakoak zentzuzko gizonak ziren, jokozaleak bai, baina beti ez bazen ia beti neurria zaintzen zutenak. Ez zuten inoiz mozkortuta jokoan egingo. Dirua jokatzen zuten, hasiera batean beti dirua, baina onartzen zituzten kapitalak ere, mesedeak, beste hitz batez esanda. Garraiatuko dizut behar duzun hori nahi duzun tokira, edo alkatearekin hitz egingo dut zure afera horretaz, zuk lagunduta nahi baduzu, edo urtebetean erabil dezakezu Bilbon dudan pisua, alokatu ere bai. Halakoak gertatzen ziren norbaiti dirua ahitzen zitzaionean eta joko grinak menderatua zuenean.

        — Hamaika bider egin dut nik halakoetan lekuko —esan zuen.

        Aitortu behar dut, elkarrizketako une mamitsuenak ez zirela izan desagerpenaren berri eman ziezadakeen zer edo zeren gainekoak. Honetaz atera nuena zen forentse bat zuela aitak joko-lagun, hilda eta ondorengorik gabe zegoena; baina baita ere, mahai hartan batak bestearen beharrei aurre egiteko ere erabiltzen zela jokoa. Eta pentsatu nuen forentseak izan zezakeela zerikusirik desagerpenean. Une batean edo bestean forentsea zorretan izango zen aitarekin. Honek alde egin, beste nortasun batean gorde eta bere burua hiltzat emateko bidea ikusi zuenean forentseak lagundu ziola plana gauzatzen. Eta horixe bera ondorioztatu nuen.

        Gauzak hala, tabernaria bera nuen aurrera egiteko euskarri bakarra.

        Batetik, nahiz eta joko-kideen arteko mesedeen gainean esandakoak kontrakoa pentsatzera eraman, jakin zezakeelako desagertzeaz zer edo zer. Gure arteko lehen enkontruan, mesedeen kontu hura aipatu zuen moduan aipatzeak, hainbatetan transakzioen lekuko izatearena barne, iradoki zezakeen gertatutakoaz ezer ez jakitea. Edo, denboraren poderioz, preskribitutzat jo zitzakeen ordurako Martinek kontu zahar haiek. Eta ezin zitekeen baztertu, ezta ere, jakinaren gainean egon gabe jakin zezakeela zerbait. Zekienaz ezjakin izatea, bizitzan sarri gertatu ohi den legez.

        Bestetik, eta hau ere funtsezkoa zen, Martin nuen bizirik izan zitezkeen joko-kideengana iristeko zubia.