Jexus Mari
Areto erraldoia ez zen bete, baina hogeita hamar lagun inguru bilduak ziren Marck oholtza gainean zenerako. Bizi bat laburtzeko hogeita hamar lagun nahikoak ote ziren pentsatu zuen Jexus Marik. Bere hiletara, orain hil balitz, Miren etorriko ote zen iragan zitzaion erresumin gezi batekin. Izan ere, nola antolatuko zion Mariak hileta? Heriotzan ere bizitzan bezala ezin zuela aritu erabaki zuen, txantxangorria non pausatuko espera, eskubian pausaturik berri ona Mirenekin bat eginik, ezkerrekoan pausaturik Maria, berri txarra. Saiak eta belatxingak hurbilduko zirela pentsatu zuen, Harakin-eta, Bazterrekin bezala gorpua egitera. «Mariak ez ziek utziko ordea». Baina zer eginen zuen Mirenek? Kukua bezala bizi, seguru aski, bikote bakarra hartu gabe arrautzak besteek errun zitzaten utziz. Jendeari erreparatu zion: denak beltzez jantziak; Lekunberritarrak eta Ike: lekuz kanpo ageri ziren bakarrak... Paisaiez birlandatutako zuhaitz arrotzak, pentsatu zuen Jexus Marik.
«Hartuko huen Sarriren poema!, sustraiena» entzun zuen galdetu ziola Harakinek Fermini, azkeneko bi ordutan bigarren aldiz.
Eta bigarren aldiz azkeneko bi ordutan ikusi zuen Jexus Marik, Ferminek nola zuzentzen zuen burua beste norabait, galdera hura erantzuteak irainduko balu bezala. Hala susmatu zuen gertatzear zegoen liskarra, Aralar aldean begiztatu zituen mirotz urdinek lurraldeagatik liskarra izaten zuten bezala. Ez zen debaldetan aritu bi haiekin bizi osoa. Lepoa eginen nikek... baina hobe liskarraren espera gelditzea.
«Ekarri duk edo ez?» itaundu zion Fermini berriz ere Harakinek, hortz artean.
Ferminek erantzun gabe jarraitu zuen burua pixka bat goraturik, Marck esaten ari zenari arreta emanik.
«Zaila da heriotzari buruz mintzatzea arrunkerian edo dramatismoan erori gabe. Bakarrik esan nahi nizueke, asko sufritu zuela eta dotoreziaz eman ziola kara sufrimendu horri. Minbizia zuela jakin zuenetik borrokatu baino ez zuen egin bukaera arte, gehiago ezin izan zuen arte, eta orduan amore eman zuen erremediorik ez zuelakoz. Beharbada hortxe ageri zitzaion euskalduna zela, nahiz eta nik gehiegi ez ezagutu euskaldunak nolakoak diren. Gezurra dirudi, esanen duzue, hamabi urtez bikotekide euskalduna izan eta horrelakoak esatea!».
Jendearen ezpainetan irribarrea marraztu zela ohartu zen Jexus Mari, Marcki zintzurra, hunkipenari bidea ezin eginez, gora eta behera zebilkion bitartean.
«Niri jada ez zait malkorik gelditzen denak isuri baititut gaixotasunean zehar. Ez dakit hau esan beharko nukeen, baina askapena izan da heriotza, batez ere Carlosendako. Askok ikusi izan duzue azken boladan, eta badakizue nola sufritzen ari zen. Horregatik eskatu nahi dizuet ez egoteko triste, ni triste ez nagoen bezala, lehen esan dudan bezala askapena izan delakoz Carlosendako... Eta orain Carlosek oso maite zuen poema bat irakurri nahiko nuke:
ETA BAT-BATEAN GAUTU EGITEN DU
Norbera bakarrik dago lurraren bihotzean
Eguzki izpi batez zeharkaturik:
Eta bat-batean gautu egiten du.
Poema bezain bat-batean jaitsi zen Marck oholtzatik hiletarrak eszenatokiaren hustasunarekin utziz. Ferminek paratutako lore sorta eta zerraldoa metalezko plataforma baten gainean zeuden, bakarregi, ilunegi, deslaiegi bidaia ezegoki baterako prest ez.
Marck lehendabiziko ilaran eseri zenean klik bat entzun zen. Zur argi eta ferraje zilarreztatuko zerraldoak milimetro batzuk korritu zituen plataforma metalizatuaren gainean. Argi-fokuen distirak balantza egin zuen une batez, zerraldoaren mugimenduarekin bat. Biolinen karranka entzun zen zartako baten moduan, gero melodia ilun bat, geldo-geldoa. Henryk Góreckiren Already It is Dust (Jada gautu du). Baso ospeletan barna dabil hontz handia harrapakin bila, hostoek zohardiaren errainu hilkorra islatzen dute. Karranka egin dute berriz biolinek. Hortxe da, atzean, hortxe, jauzi egitear. Musika isildu da une batez. Zerraldoak milimetroka-milimetroka aurrera dagi laberako bidaia luzean.
Harakinek Fermini eman zion ukondokadak atera zuen Jexus Mari zerraldoaren mugimenduak eragin zion bere baitaratzetik.
«Mekaguendios!» entzun zion Fermini hortz artean, «zer ostia nahi duk?».
Harakinen begi sutuak ikusi zituen Ferminenganantz. «Atera hadi orain poema irakurtzera!» agindu zion Harakinek, hark bakarrik agintzen zekien zakartasunez.
«Zer poema eta zer poema ondo! Ez diat poemarik ekarri».
Begiak bilatzen zizkiola ikusi zuen.
«Ez dik poema ekarri!» sumindu zen Harakin.
Jexus Marik sorbaldak jaso zituen, poemarena hutsalkeria iruditzen zitzaiola esanez bezala.
Ferminen laguntza eskeko begirada nabaritu zuen gainean. Gero, ordea, biolinen ardaila zaratatsuak eszenatokira bilarazi zituen. Melodia zerbaiten ihesean zebilen larritasunean. Ai ama, ai ama! Galdu naiz nire bizi guztirako, galdu naiz! Musikak ez zeukan pausurik, konorterik gabe zebilen arbola artean aztaparka, hego zalaparta, arrapaladan, uluka zerraldo geldoaren inguruan jira-bira, hiletarrengan ezinegona eraginez.
Melodia zertxobait naretu zenean lasai aldi bat nabaritzea uste izan zuen Jexus Marik.
Halako batean Ike trabestitua atera zen oholtza gainera. Inor ezagutzen ez bazuen ere jendearen deserosotasunaz ohartu zen. Marcken bizkarrari erreparatu zion, aurrean loturik zituen besoak laxatu zituen, eta apur batez sorbaldak makurtu zitzaizkion. Sydneyrekin begirada trukatu zuela ikustean, Ike ateratzea ezohikoa zela erabaki zuen Jexus Marik.
Biolontxelo batek melodia aizotsu bati ekin zion, tranquillissimo. Ike zerraldoaren laberako bideari so, soineko morea, eskularru moreak, ile gorrixka, oparoegi. Koda labur bat, kolpe bat, kolpe bi. Gauaren basoan harrapakin bat hilik eta hegaldi bat airera. Arbola ilunak, sustraien usain kerutsua, goroldio ainubea, errainua.
Aztikeriaz bezala gelditu zen zerraldoaren martxa geldoa, Ikek soa bota zionean. Miren, eta ez Maria, desiratu zuen ondoan, gertatzear uste zuena elkarrekin gozatzeko. Aldakatik helduko zuen lehendabizi, musu emanen zion gero, sorbaldan besoa pausaturik eginen zioten aurre ikuskizunari. Ikek, ilea espantuka orraztuz, mikrofonoa pop izar bat bailitzan hankatik laxatu eta ahora eraman zuen. Jexus Mariri Marckenganaino joan zitzaion arreta ustekabean. Atezuan zirudien, besoak tenkaturik, jauzi egiteko prest, Sydneyk eskutik heltzen ziola.
«Nik apustu bat egin nuen, eta irabazi egin dut. Orain esan beharko nuke, nahiago nuela apustua Carlosek irabazi izan balu, baina orduan ni egonen nintzateke hura dagoen tokian eta...». Jendearen gogoetan oihartzun egin zuen karkaila ozena bota zuen. Eszenatokiaren alde batera mugitu zen, jendearen arreta alde batera eramanez. «Apustuarengatik jantzi naiz jantzi naizen bezala, Carlosek eta biok apustu egin baikenuen nor hil lehenago bestea trabestiturik etorriko zela hiletara. Carlos... nik maite nuen». Marcken parean gelditu zela ohartu zen Jexus Mari, zurbil, eskotetik behera izerdi tanta bat zeriola. «Carlos nik maite nuen». Hara Bazter! Ike zian amorantetarako. Orduantxe ulertu zuen arreta eman zion Marcken atezuan egote hura. Ike zen bestea.
Joder Bazter, beti jakin izan zuen zer edo zer malmutz ezkutatzen zela losintxak jasotzeko umiltasun haren atzean. Harakin bezalatsu, ezkontzatik kanpoko amorante bat. Dena nahi duen jendea, daukatenaz kanpo desiratzeagatik zoritxarreko egiten den jendea. Harakin, esaterako. «Edo ni neroni» gurutzatu zitzaion habaila batean, «Maria izan eta Mirenen irrikan»; Miren, ezer emanen ez zion emakumea, baina utzitako adikzio bat bezala hortxe izaten zuena. Adikzioa izan balitz sikiera! Behin baino ez zuen izan! Harakin putakume horrek ez bezala. Bizitza gezurrez beterik zegok, hori duk Iraultza nahi duen orok ikasi beharreko lehen egia. Gaztetan amestutako amnistia lako egiatasun orokor eta oso hura kristautasunetik estraperloan sartu zitzaien balorea zela aitortu behar izan zuen. Andiako mendikatean zuloa non zegoen ikustera eraman zituen aldia kiribildu zitzaion gogoan. Denak arroilan barneraturik zeudela, Bazter ez zetorrela eta bila joan zitzaionean errepideari leloturik begira harrapatutakoan zeukan zurbiltasuna. Iraultza! Ergelkeriak! Aldi hartan saiek hegaldatzean egindako hegal zalapartaz akordatu zen. Hura zen bizitzaren soinua, eta ez amestu zituzten errealitaterik gabeko hutsalkeria haiek! Mariarekin ezkondu ondoren Miren amorante zueneko ideiak laztan zezan utzi zion gogoari. Magalean lozorrotu zitzaizkion balizko pasio gauak, losintxak etxera bueltan, Miren etxean utziko lukeen aldiak, eta Mariari, ordurako emazte fin, aurre egitean txolarre mainontzi bat bezala laztanduko lukeen sekretua.
Jendearen deserosotasuna agerikoa zen, eztulka ari ziren batzuk, besteak gorputzaren zama hanka batetik bestera pasatzen, eszenatokiaren alboetan bilatzen zuen laguntza beste hainbatek. Harakin eta Ferminek leloturik begiratzen zuten eszenatokira. Han zeukan balizko amorantea amorante erreal zuen kabroia.
«Hirea bezalako beste istorio bat, Harakin» bota zion hortzartean.
«Zer?».
«Ezer ez».
Eta Ikek jarraitu zuen: «Nik ere poema bat irakurri nahiko nuke. Hau, gainera, Carlosek ez zuen maite, ez baitzuen ezagutzen. Walter de la Mare-rena da. Beti iruditu zait hileta batean irakurtzeko egokia.
«DE PROFUNDIS»
Burdinaren zama metalikoa
Beiraren berniza
Zuraren sukoitasuna...
Ez zara hotz izanen han;
Ez duzu aurpegia ispiluan ikusi nahi izanen;
Ez da pisutasunik izanen han
Ez baitzara hatza jasotzeko gauza izanen.
Laguntza izanen duzu, ez dizute arretarik
eskainiko, ordea;
Izarrak bi urratsetara izanen dituzu
Baina ez dituzu bisitatuko.
Ez da elkar ezagutzerik izanen
Aurki dezakeen inork ez dizu esanen
Ordu ugarietan zehar
«Zer ba... elkar ikusi genuen azkenekoan, loreak eraman nizkizun-eta».
Ikek mikrofonoa hankan utzi eta Ortzadar Bandera bat atera zuen poltsa moretik. Zerraldoraino gerturatu eta gainean paratu zion. Malkotan besarkatu zuen zerraldoa. Lehendabiziko lerroko gizon trajedun bat igo eta behera jaitsi zuen Ike.
Miren. Gorroto itsu bat egin zitzaion Harakinen kontra. Zergatik jarraitu zioten egundoko liderra balitz bezala? Zergatik ez zizkioten lortu gabeko helburuen ardurak eskatu? El Sitio kafetegiko eszena berritu zitzaion: Miren eta Harakin bigarren solairuan, zigarro bana eskuetan, bi amoranteen arteko txutxumutxuak trukatzen. Iruzurraren zartakoak min egin zion bular aldean. Kakazaharra.
«Hirea bezalako beste istorio bat».
Harakinek keinu galdetzailea itzuli zion.
«Hirea bezalako istorio bat» errepikatu zionerako. Harakin zamarraren poltsikoan zerbaiten bila ari zela ohartu zen. Pixagura sartu zitzaion. Hiletaren erdian urruti iritzi zion Gentlemen zioen kartelari.