Harakin
Gau osoa egon zen Harakin Estiren inguruan, zurrunbilo bat balitz bezala. Dudan zeramatzan azken asteak Estirekiko. Herri Batasunako bileretako giro zurruna ez zen egokiena Estirengana hurbiltzen saiatzeko eta, hala ere, bileretan ikusten zuen Harakinek Esti desiragarrien; klandestinitate kutsu hark, zer edo zer aldatzen ari zireneko larritasun hark, eta une oro presente zuten beldurrak, gogoa narritatzen zion eta desioari eragin.
Hanka puntetan bezala gerturatu zitzaion Estiri Hertzainak jotzen ari zirela. Epa esan eta atzean paratu zitzaion Harakin. Ustekabean sorbaldatik heldu zionean Estiren sagar erre usainak haurtzaroraino eraman zuen. Nahikoa izan zen handik aurrera elkarrekin egongo zirela jakiteko. Estik eskua laztandu zion eta, gero, Bazterrek atzera begiratu zuenean askatu, eta ezer ez gertatuarena egin zuten. Jexus Mari zerbezekin etorri zenean, inork ez zuen esanen bata bestearen aurrean, oholtzari begira zeuden bi haiek bikote bat osatu berri zutela, baina halaxe zen, ezen Harakin karrikan edo izkinatan topatu nahi izate antsiatu hura baretu egin baitzitzaion Estiri Harakinen besoa sorbaldan nabaritzearekin bat, urtura goxoa hedatuz barrenetan.
Harakinek, poz erraldoia nabaritu zuen bularrean etorkizunerantz kolpeka, eta Esti besarkatzeko desioa oldartu zitzaion langile martxa bateko indarrarekin. Eutsi egin zion hala ere, batetik lotsagatik, bestetik jada Euskal Herriaren soldadu, ataundarraren hitzak ziren, izanik hotz eta imintzio gabeko behar zuelakoz, hieratismoaren bidez egin behar iraultzailearen garrantzia azpimarratu nahian-edo.
Jaialdia bukatutakoan, jendea bakantzen hasi zenean, barrara hurbildu ziren Fermin eta Miren lanean ari ziren tokira. Harakinek Herri Batasunako Azkunderen gainean Ferminekin eztabaidan aritu zela gogoratuko zuen hurrengo goizean. Edari kaxa haiek guztiak aurrean, jaialdia arrakasta izugarria izan zela pentsatu zuen Harakinek, ezkutuan Estiren sorbalda ukitzen zuen bitartean.
«Horrela jasoko diagu gure herria!».
Gurdia zamatzen hasi ziren eta, erdi zamaturik zutelarik, Harakinek keinu xume bat egin zion Estiri, eta nahikoa izan zen eskuan zeukatena gurdian utzi eta karrikan behera abiatzeko. Plazatik pasatzerakoan Harakinek sorbaldatik heldu zion, Estik gerrialdera bota zion eskua. Hura zen aspaldi esperatu zutena. Ez zioten elkarri hitzik egin. Harakinek atzera begiratu behar izan zuen, zoriontasun haren protagonistak nahikoa ez eta lekuko beharrean.
Hantxe segitzen zuten gurdia zamatzen. Jexus Mari kaxa batzuk ematen ari zitzaion gurdi gainean zegoen Fermini. Miren eta Bazter koka-kola kaxak zamatzen ari ziren. Bazterrek burua altxatu eta karrikan behera begiratu zuela ikusi zuen Harakinek. Aurpegiera nabarmentzeko urruti bazeuden ere, biek, bai Harakinek bai Bazterrek, bazekiten elkar ikusi zutela, bat koka-kola kaxa eskuan, bestea Estiren sorbaldatik helduta, karrikan behera. Lasaiago itzuli zen atzerako keinu hura egin ondoren Estirengana, eta orduan esan zizkion gertatzen ari zitzaienari buruzko lehendabiziko hitzak kronika moduan, ordurako, Bazterren ikuste hartan bien arteko harremanaren onartzea izan balitz bezala.
«Labaderora joanen gara» esan zion proposamena behar zuena baieztapen bihurturik.
Atzetik so zituela jakiteak hatzakor firinkaria eragin zion bizkarrezurrean behera. Eskua bota zuen Estiren ipurdi masailera eta hatzakorrak bultzada bilakatu zitzaizkion. Oso gizon sentitzen zen, oso gizon eta goapo.
«E, zuek, nora zoazte?» Ferminen ahotsa, «oraindik ez dugu bukatu, ez egin ihes».
Harakinek, burua jiratu gabe, eskua jaso zuen agur eginez, eta karrikan behera jarraitu zuten eskuinetako kantoia hartu eta begi-bistatik galdu arte.
Bazter irudikatu zuen berriz ere kaxa eskuan, karrika hutsari begira.
Lekunberri zenera itzulia zen; bukatuak ziren Hertzainak-en zarata eta doinuak, jendearen garrasiak, autoen joan-etorriak. Gaua entzun zuten kilkerren kantuetan. Uhalde bazterretik zihoazen Harakin eta Esti labaderorantz, herriko etxeak eta argiak bukatu eta gurdi bideak hasten ziren eremuetan. Harakinek uxatu egin zuen Bazterren irudia eta Estiren gorputzaren epeltasun freskoa dastatu zuen. Langa pasatutakoan muxu eman zion, bularretara bota zion eskua gero, baina Estik kendu egin zion «Oraindik ez» esaten ziola. Kale argietako azkena atzean utzi zuten. Beraien urratsak baino ez zituzten aditu. Zilarrezko kate eta lauburuaren su zuria nabaritu zuen, lepotik behera zakileraino hedatzen. Bat zen lurrarekin, bat munduarekin, bat Euskal Herriarekin. Esti estutu eta iluntasunean barneratu ziren. Urezko jauregi batek bezala onartu zituen. Labaderora ailegatu zirenean atea zabaldu zion Harakinek Estiri. Kirrinka egin zuen ateak ixterakoan.
«Oso zoriontsuak izanen gara, ikusiko duzu; hau dena aldatuko dugu eta guk seme-alaba asko izanen ditugu» xuxurlatu zion Harakinek Estiri.
Uraren poll-pollak gauaren iluna laztandu zuen.