Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Marck

 

Abere izutu baten modura dar-dar barneratu zen Iruñeko Takonera parkeko iluntasunean. Hasieran ez zuen ezer ikusten, baina begiak egin ahala siluetak bereizten hasi zen. Murailaren petrilean eseri zen zer egin ez zekiela. Izerditan zituen eskuak, ahoa lehor, silueta haietarantz bultzatu eta aldi berean balaztatzen zuten bere baitako bi indarren arteko borrokaren ondorio. Muraila behetan zeuden basahuntzen marruek braust batean zutiarazi zuten. Harakinekin jaialdiaren gauean izandako sentsazio berdinak hartu zuen: bat zen zuhaitzekin, bat zen gauarekin, gorputza desegin eta adar haietara zihoakion, zakiletik sortzen zitzaion irrika erraldoi hark tiraka. Gau bihurtu zen, oro estaltzen zuen gaua.

        Murailaren petrilari jarraitu zion, urratsak kili-kolo. Gizon lodikote bat iruditu zitzaiona eseririk zegoen, bera noiz iragango espera-edo. Hurbildu ahala irrika gartsua ahuldu eta izuak hartu zuen berriz ere. Gizonarengana gerturatzean azkartu egin zituen urratsak eta burua jaitsi. Zuzen begiratu zion besteak. Burua jaso zuen Bazterrek, han zeukan potoloa so, bigun, eme. Irrika gartsua hustu zitzaion. «Zertara etorri nauk hona?». Jada ez zen arbola, jada ez zen mendi, jada ez zen gau; izaki ziztrin sentitu zuen bere burua.

        Alde egitea erabaki zuen. Legarrezko bidea zuri ageri zen iluntasunean. Ia lasterka arbola artetik atera eta bideari heldu zion. Bere burua madarikatu zuen, han beteko zuen zer edo zer aurkituko zuela pentsatzeagatik, eta hala ere, oraindik nabari zituen hankartetik tiratzen zion irrika haren txingar arrastoak.

        Harakinez akordatu zen, bila arituko zitzaiola pentsatzeak desioa eta gorrotoaren arteko irrika eragin zion. Argitara atera zen. Autoak ageri ziren aparkaturik. «Marika nazkagarriak!». Iluntasunetik urrundu ahala baretuz zihoakion beldurrak sorturiko askatasun uhin batek hartu zuen porrotaren zapore metalikoarekin batera. Ez zen arakatzeko ere gai izan! Autoen babesa bilatu zuen barnetik zetorkion borrokari ihes egiteko. Citroen Visa bati erreparatu zion. Hautsirik zeukan atzeko pilotua. E-dun ikurrina zeukan itsatsirik pilotuaren ondoren. Handik ihes egiteko agintzen zion indarrari kontra eginez begiratu zuen atzera. Auto artetik arbolape ilunerantz zihoan gizon bat ikusi zuen. Gizona begira ari zitzaion. «Hau gizona duk» pentsatu zuen Bazterrek, lehenagoko potoloa gogoan. Mozkotea, bizkar zabala, ile motza, bekain beteak, motxila txiki bat zeraman bizkarrean.

        Gizonak arbolapera egin ondoren, itzuli eta erronkari so egin zion argia eta iluntasunak muga egiten zuten lerroan, hankartea igurzten zuen bitartean. Bazterrek dar-dar zeuzkan hankak. Harakin itzulipurdikatu zitzaion gogoan, irrikaren sua garretan pizten zitzaiola. Gizona iluntasunean desagertu zen atzera begira.

        Bazter, mengelkeriak alde batera utzi, itzuli eta arbolapera abiatu zen urrats azkarrez. Itsutu egin zuen iluntasunak. «Non nago?». Beldur oldarra nabaritu zuen. Arbola baten kontra bermaturik zegoen. Bazterrek gerturatu ahala nabari zuen desioaren ziztada zakiletik gora.

        «Kaixo».

        «Kaixo».

        «Zerbait eginen dugu?».

        Argitara abiatu ziren isilean. Citroen Visa gorria seinalatu zion. Pilotu hautsia, E-dun ikurrina. Autoa irekitzeko giltza sartzen ari zenean, irribarre antzeko bat egin zion gizonak. Orbain ubelkara bat zuen ezpainaren ezkerreko ertzetik kokotserantz. Garrek indar hartu zioten berriz ere Bazterri.

        Zimitorio atzera eraman zuen gizonak. Motorra itzali eta motxila hartu zuen atzetik. Nafarroa Oinez, Tafalla 1986. Irudi zuri beltzari erreparatu zion. Puzzle beltz batean urrats baten arrasto zuria. Barraka batean txanda egiten egon zela akordatu zen. Gizonak kondoiak atera zituen.

        Bazterrek musu eman eta orbaina laztandu zion.