Fermin
«He died last night».
Fermin Donostiako bulegoan zegoen paziente baten txostenari nondik heldu hausnartzen telefonoak jo zuenean. Alizia emaztea zelakoan, beti hots egiten baitzion goizeko hamaikak inguruan, ezaxola antzean jaso zuen aurikularra begiak oraindik letren artean josirik.
«Bai, esan».
«Hello, my name is Marck», erantzun zuen bestaldeko ahotsak Ferminen larritasuna piztuz, «I was a friend of Carlos Urretabizkaia».
Carlos Urretabizkaia, Carlos Urretabizkaia arakatu zuen Ferminek oroimenean, izena ezagutu beharko zuelako susmoa indartzen zitzaiola. Beheko ezpaina hozkatu zuen begiak bulegoan galdu zitzaizkion bitartean. Aliziak aukeratutako sofa urdina, Aliziak erositako alfonbra garestia, ezkonberritan Hego Afrikan Aliziak aurkitutako maskara hieratikoak, Aliziaren amak oparitutako kristalezko hautsontzi erraldoia. Ezer ez zen berea han. Carlos Urretabizkaia. Kristala ukitu zuen. Hotzikara bat igo zitzaion lokietaraino.
Bazter, joder, Bazterren izena Carlos Urretabizkaia duk, amaz kanpo inork hala hots egiten ez bazion ere.
«I was a friend of Carlos Urretabizkaia», errepikatu zuen ahotsak luzetsirik, nonbait. «Carlos Urretabizkaia», gehitu zuen Bazterren izenaren errepikapenak ulertzen lagunduko ziolakoan.
«Yes» esateko moldatu zen Fermin, ulertu zuela aditzera emateko.
Eta orduan entzun zituen zur eta lur utzi zuten hitzak: «He died last night». Atzo hil zen.
Hasieran ez zituen lotu «Carlos» eta «he» hori, ingelesez ari zenean maiz gertatzen zitzaion bezala, baina halako batean burua berera etorriz ulertu zuen: Bazter hil egin duk.
Urrutitik bezala aditu zituen ondokoak: Carlosen agendan aurkitu zuela Ferminen zenbakia, bi egun barru izanen zela hileta, arratsaldeko 6etan, ea etorriko ziren.
Hautsiapur apuntatu zuen helbidea paper mutur batean eta good bye bat marmaratuz zintzilikatu zuen.
Joder, Bazter hilik! Bazter herriko laguna, gaztetako adiskidea, mundua gazte zitzaienean irauli eta hobeago bat ezarri nahian, «nahian-edo» ñabardura egin zuen Ferminek bere baitarako, gogoan Alizia emaztearen bisaia trufaria ageri zitzaiola, ondoan izan zuen konpañeroa. Zein inuxenteak izan ziren! Gero ere aurpegiratuko zion Aliziak: «Erdipurdiko heroi exkaxak, zuen gaztaroa denon gaztaroa uste izan eta bazterrak nahasi baino ez zenutenak egin». Aurikularra jasorik bizitzako une zalantzagarri orotan egiten zuena egitera deliberatu zela ohartu zen Fermin. Ez. Aliziak ez lioke ulertuko barrenetan zebilkion antsia, Aliziak ez baitzizkion entzun ere nahi izaten metalezko zilbor-heste baten modura Lekunberri Aranazera eta iraganera kateatzen zuen lotura, Aliziarenez, endogamiko hari buruzkoak. Arkatza hartu zuen. Errua borborrean ari zitzaion, Bazterren heriotzarekin zerikusirik balu bezalako errua. Arkatzaren muturra laztandu zuen egurraren beroa sentitzearren. Arnasa sakon hartzen saiatu zen. Lasai. Begiak jaso zituen: sofa urdina, alfonbra garestia, Afrikako maskara atseginak, kristalezko hautsontzi erraldoia. Orube bat bezala agertu zitzaion iragana. Horma erori batzuk, laharra franko, hondarrak, dena erresuminak eta gorrotoak errerik. Oraina hobe zegoela erabakitzeko agindu zion bere buruari, iraganaren orubea atzean, oso atzean utzi nahian. Bazter hil duk.
Harakini hots eginen zion. Telefonoa hartu eta Esti eta Harakinen etxeko zenbakia markatu zuen eskumuturreko erloju dotoreari, Aliziaren aukera, begiratzen zion bitartean; hamaika eta erdiak. Harakin lanean arituko zen gurasoen harategian, baina Esti beharbada etxean izanen zen eta emanen zion harategiko zenbakia. Urduri entzun zituen etxean inor ez zela adierazi zioten soinu erritmiko luzeegiak. Inor ez. «Beti bezala, behar denean ez zegok».
Bulegoko leiho zabaletik Amarako zeru goibela ikusi zuen, aspaldiko partez euria ari zuen beroegi zihoan udazken hartan. Leihoagatik alokatu zuen bulegoa, zerua ikusteko eta, pazienteen kasuak aztertzen ari zela, gero eta gehiagotan behar zuen bakea zigarroaren kean nola kiribiltzen zen dastatzeko esan zion Aliziari, metaforak ekar zitzakeen onurak bulegoaren alokairuaren garestia ahantzaraziko ziolakoan, Alizia baitzen etxeko diru kontuak kudeatzen zituena, zorrotz kudeatu ere.
Eguna jai hartu eta Herrira abiatzea erabaki zuen. Aurikular urdina belarriratu eta Aliziari hots egin zion; etxean egonen zen Maialen eta Eneko eskolan utzi eta azokatik bueltan.
«Aizu, Alizia, ez naiz bazkaltzera joanen, paziente baten emazteak hots egin dit eta bazkaltzeko gelditu gara. Zein? Arazo sexualak zituela aipatu nizun hura. Bai, Anoetakoa, bai. Andreak hots egin dit, oso kezkaturik dago eta bazkaltzeko gelditzea bururatu zait, badakizu, horrela konfiantza emanen diot, psikologoa baino gehiago laguna naizela adieraziko diot, eta gehiago inplika daiteke gizonaren sendabidean. Akordatu zer azpimarratzen zigun Psikopatologiako irakasleak, sendatzea konfiantza kontua da eta...». Isildu egin zen aitzakia korapilatzeak Aliziaren susmoa piztuko zuelakoan. «Bai, gauean ikusiko dugu elkar. Bai, nik eramanen dut Eneko igeriketa ikastarora. Adio, maitea».
Arratsaldeko bostetan zeukan paziente bakarrarekin hitzordua bertan behera utzi ondoren altxatu eta Aliziak oparitu zion gaban berdea harturik, «Ez duzu gustuko izanen baina garaia da zarena bezala janzten hasteko» bota zion oparitzerakoan, kalera atera zen. Bere buruaren errainua eskaparateetan islaturik ikusten zuenetan iruditzen zitzaion lotsarazten ez zuen dotoreziaz ageri zitzaiola kristaleko hura, gehienetan, ordea, jantziegi, bereaz bestelako antzerkia antzezten ari zela, ez zena ordezkatzen zuela erabaki beharra zuen; eta hala ere ez zion kontrarik egiten Aliziari, «iragan gorri merkea», emaztearen hitzak ziren, gainditzeko irrika zuelakoz, beharbada.
Euri tanta bat irristatu zitzaion kolkoan barna. Hotza nabaritu zuen. Keinu azkar batez jaso zituen lepokoak. Bazterri duela bi urte inguru egindako bisitaz akordatu zen. Orduan ez zirudien gaizki zegoenik, zaharrago ikusi zuen eta soilduago; denei gertatzen ari zitzaien, zaharrago ziren eta, gainera, uste orokorraren kontra, ez-jakintsuago. Elkarrekiko ardura eta xamurtasun gutxiago zeukaten, bestela jakinen zuen Bazter gaixorik zegoela. Jakinen zuten, izan ere, seguru zegoen ez Bazterrek, ez Estik, ez Jexus Marik ez zekitela ezer. Bazterren heriotzak barrunbeetan eragindakoak sentitzen saiatu zen. Orubea baino ez zitzaion agertu. Horma eroriak, laharra franko, hondarrak.
«Hirian bizi haizenetik ez zeukaagu hire berririk», trufatzen zitzaion Harakin betiko zapuzkeriarekin gurasoak ikustera Lekunberrin azaltzen zen aldi bakanetan; baina ongi zekien kontua ez zela espazioa, baizik eta denbora. Haien artekoa, Harakin, Jexus Mari, Esti, Bazterren artekoa, hondarrak ziren, eta hondarrak hondar dira beti. Ageri ziren han-hemenka oroitzapen..., adjektiboaren bila aritu zen Fermin, oroitzapen polit batzuk; eta hala ere, Donostiara etorri zenetik Harakinekikoak hondakinak baino ez izateagatik, niri eskerrik gustuko zuen esatea Aliziak, poztu zen behin baino gehiagotan.
Mugimendu berezi batez eragin zion autoa irekitzeko gailuari. Hura ere Aliziaren erabakia izan zen. «Audi 4 bat erosiko dugu» bota zion konforme ote zegoen esateko aukera eman gabe. «Audi 4» errepikatu zion erabakita zegoela aditzera emanez. Ez zuen dirua aipatu, izan ere, pazienteengandik lortzen zuen soldata balekoarekin nahikoa zaila suertatuko zitzaien Audi 4 bat pagatzea, baina bazekien Aliziaren familiak ezkondu ondorenean ere hilero-hilero kontu korrontea loditzen segitzen zuela. Solterotan naturaltasunez hartu zituen Aliziaren familiak egiten zizkien opari, afari eta abarrak, behin ezkondutakoan, ordea, kontu korrontean dirua sartzen zietelako sumindurik gurasoengandik diru gehiago ez onartzeko agindu zion; Aliziak, jakina, ez zion kasu piperrik egin, gehienetan bezala; pixkanaka isiltzen joan zitzaizkion izan zitzakeen kontzientzia karguak, oharturik Aliziarekin borrokatzerik ez zegoela.
Harakin bezain auto garestien zale sekula izan ez bazen ere, gogoz sakatu zion azeleradoreari Andoainen Nafarroako autobidean sartu zenean. Ama poztu eginen zitzaion seguru. Baziren bi hilabete ez zela Lekunberrin izan; amari astero hots egiten zion, baina bakanetan joaten zen amaren marmarrerako. Aita etorri zitzaion gero, anaiaren galdera bezain azkar aienarazi zuen mozkor nazkagarria hitzak baino sorrarazten ez zizkion figura haren gomuta.
Bazkaltzera zihoala esateko ez zuela hots egin akordatu zen. Sakelakoa atera eta teklaz markatuz amari hots egin zion autoak ehun eta laurogei egiten zituen bitartean.
Nahiago zuen ez pentsatu; zenbait psikologoren arabera, heltzea ordura arte ezin kokatuz kili-kolo izandako gatazkei lekua eta interpretazio bakarra aurkitzean datza. Familia behintzat kokatu zuen, kokatu zuenez: urruntasunean maitasuna izatera iristen ez zen xamurtasunez estaliz, tokia aurkitu zion sentimenduen geografian. Beno hori amari eta anaiari zegokionez, aitaren kasuan urruntzearekin gelditu baitzen, xamurtasunaren ezinean. Horretan ere Aliziak lagundu zion, nahiz eta gero eta maizago bere artean galdetu laguntza horrengatik prezio garestiegia pagatzen ez ote zen ari; pentsamendu hau uxatu egin zuen betaurretik kea kenduko lukeenaren keinuaz. Eta adiskideak? Adiskideek zein leku hartzen ote zuten geografia hartan? Harakin, esaterako, urruneko figura mugimendu gabekoa ote zen ala harat-honata zebilkion, oraindik ere, ardaila, urduritasuna, gorrotoa sortuz? Eta Bazter?, hil berri zitzaien, beharbada zitzaion esan beharko luke, edo hobe, besterik gabe, zen, oldoztu zuen Ferminek; Bazter hura, Ingalaterran desagertuagatik, paisaiaren parte bazen; zer leku hartu zuen?, urruneko figura hark ere ardaila egiten zion?
Barrankan sartu zenean bihotza zabaldu egin zitzaion; lehenago Beriain eta Aralarren arteko korridorean barna abiatzen zenean ez zitzaion ederra iruditzen, Kontxako Badia izan zuen beti paisaia kutunetarako. Baina Londresen Bazterrek bertan bizitzean mentsena zuena Barrankako paisaia zela esan zionetik, erreparatzeari ekin zion, eta Bazter Londresa joan zenetik etorritako aldi bakanetan sentitutakoa sentitzen ari zela otu zitzaion.
Lehor zegoen dena, eder, ordea. Beriain aldea soildurik zegoen; Aralar aldean, aldiz, kolore arre eta berdea tartekatzen zen, harkaitzen urdinarekin batera. Autoak aurrera nola egiten zuen nabaritu zuen. Ezpaina hozkatu zuen. Distira busti bat geratu zitzaiola ikusi zuen ispilu erretrobisorean. Ahaltsu sentitu zen une batean, han autobidean barna ehun eta hirurogei orduko abiaduran.
Esperoan zuen ama berdura platera mahai gainean, bai baitzekien berdura zuela gustuko, Bazter eta biak, hemeretzi urteak inguruan, barazkijaleak egin zirenetik, aitaren ernegurako, eta etxean behar ziren baino pelea gehiago sortzeko, aitari, marikoikeria galanta iruditu baitzitzaion haragirik jan nahi ez izate hura. «Zuekin, zuekin zer egin daiteke, zuekin» esaten zuen, harekin zerbait egin ahal izan balitz bezala, ama torturaraino hilduratu duen mozkor nazkagarri horrekin.
Amari muxu emanez uxatu zituen pentsamendu haiek guztiak, zeharka aita han zenetz begiratzen zuen bitartean. Amak nonbait nabaritu egin zion, eta «Ez dago etxean» esan zion buruarekin gaitzespen keinua eginez. Ferminek ez zion ezer erantzun agerian harrapatua izanaz lotsaturik; eseri egin zen, ama, zutik, galdezka ari zitzaiola.
«Zer moduz zaudek Eneko eta Maialen?».
«Ongi, eskolan izanen dira orain».
«Eta zuek, zer moduz zaudete zuek?», esan zion amak erretorikarako zuen joera nabarmenduz.
«Ongi. Dena ongi, betiko moduan. Bazter hil da», bota zuen deblauki.
«Nor da Bazter?».
«Bazter, ama, Bazterretxeko Carlos».
«Jesus, Maria eta Jose», egin zuen amak aitaren.