Marck
Gabeziak sortu saminetik gogoratu zuen Marckek Carlos ezagutu zuen gaua. Erosi berria zuen sofa gorrian, gorriegian, eserarazi zuen etxera eraman zuen iluntze hartan. Marcki gorputzak bat-batekotasunez eragiten zion pasioaz gain, Carlosek halako xamurtasun beroa sortu zion, deslai eta bakarrik ikusten zuelakoz, hirian galdutako country boy-a, eta country boy-ak beti izan zituen gustuko, bereaz bestelako bizimodu hark, beti jende bertsuaren artean egote hark, jakin-mina pizten ziolakoz.
«Eta zu noiz ohartu zinen» galdetu zion Marckek Carlosi, bi homosexualek intimatzen dutenean egin ohi dutena eginez.
«Noiz ohartu nintzen zertaz?».
Erantzunarekin berehala ohartu zen Marck country boy-a izateaz gainera armairutik atera gabea ere bazela, eta izutu egin zen, armairutik ateragabekorik ez zuelakoz nahi, halakoxea izan zuelakoz aurreko nobioa eta arazo pila eman zizkiolakoz. Armairuan dagoen batekin maitemintzen baldin bazara, zuk egin behar diozu bere burua onar dezaneko ahalegina, eta behin onartu duelarik, zu burutik egina utzi ondoren, ze orain nahi du baina gero ez du nahi, orain maite zaitu baina gero gorroto, ba hori, behin onartu duelarik ospa egiten dizu, zu erreka jota utzirik.
«Noiz ohartu zinen homosexuala zinela?».
Carlosek sofa gorriaren kontra estatua isil bat zirudiela akordatuko da eta, oraindik ere, Carlos hilik dagoela, desioak min eginen dio, heriotzaren definizio bat horixe izan daitekeela erabakirik: desioak betetzen ez diren lurraldea.
Marck itxi egin zen Carlosen isiltasunaren aurrean, eta orduan Carlos ohartu zen zerbait esan beharra zuela, herrian bizi izanak derrigortu zion isiltasun hura hautsi beharra zuela, lehendabiziko aldiz lotsaren hesia lehertu beharra zuela, hark konprenitzen ez zuen moduren batean, ernegatu egiten zuelakoz ohekide hura.
«Guk herri txiki batean Euskal Herriaren independentzia nahi duen talde politiko baten aldeko jaialdi bat antolatu genuen. Beno, igual lehenago hasi beharko nuke». Eta orduan Carlosek euskaldun jendea bizi zen herri txiki batetik zetorrela kontatuko zion, eta herri hartara zuela hamar urte-edo, 80ko urtearen inguruan Frantziako maiatzaren kontu haren azkenetako uhina ailegatu zela, Franco hiltzean euskaldunen independentzia nahiarekin batera halako ezkerreko mugimendu nazionalista bat sortu zela eta hor kokatu zirela bere belaunaldiko asko eta asko, ordura arteko bizimodu tradizionalagoarekin apurtuz... »edo» zehaztu zion Carlosek «izan ere hori azalekoaren azalpena baino ez da, zeren eta horretaz gain bai baitzegoen Iraultza izkinaren bueltan zegoeneko sentsazioa, denok estatuaren errepresioa gorabehera euforian biziarazten gintuena. Dena dela, gazteak ginen, edo, beharbada gazteak ginelakoz» bukatu zuen.
«Bada» jarraituko zuen Carlosek, «nire lagunekin jaialdi hori egin ondoren oholtzak, barrakak, edariak, zaborra biltzen ari ginela, nire lagun batek, Ferminek, hark egindako pankarta zabaldu zuen, zabaltzeak zentzurik ez zuenean, jaialdia bukatua baitzen, eta pankarta hartan zera paratzen zuen: Gora Iraultza Sexuala. Adiskide guztiok egin genion barre Fermini, ateraldi xelebreak izaten baitzituen askotan, eta nik, oraindik akordatzen naiz, esan nion: «Hi ergelduta hago». Gero hura dena bildu eta deskargatu ondoren, etxera joandakoan ohean Ferminek pankartan idatzitakoari buruz pentsatzen aritu nintzen. Orduan ohartu nintzen, edo aitortu nion nire buruari gizonak gustatzen zitzaizkidala».
«Ohartzeko modu berezia» esan zion Marckek. «Homosexual gehienek gizonekiko desioa sentitzen dutenean ohartzen dira homosexualak direla, ez iraultza hitza irakurtzean».
«Ni ez nintzen homosexuala» erantzun zion Carlosek lehor.
«Zer zinen bada?».
Carlos aurrekoaz bestelako isiltasunean murgildu zela ohartu zen Marck. Gotorrago zirudien, armairu barnean hertsiago, urrunago.
Gero elkarrekin bizitzen jarri ziren.
«Country-boytasuna galtzen ari zara» esaten zion Marckek.
Eta Carlosek barre baino ez zuen egiten atzean utzitako hark eragiten ziona algararekin ezkutatu nahiko balu bezala.
«Zergatik ez gara zure herrira oporretara joaten».
«Zer aurkitu nahi duzu han».
«Zure sexualitatea?» arrapostu eginen zion Marckek zirika, Ike gogoan.
Eta Carlosek barre batekin, muxu batekin, zeharkako begirada batekin isilarazten bazuen ere, Marcki beti iruditu izan zitzaion zerbait iluna zegoela iraganari, lur hari buruz mintzatu nahi ez hartan.
«Akordatzen zara ezagutu berritan kontatu nizula, nola eta noiz ohartu nintzen homosexuala nintzela?».
Marckek ezezkoa egin zion, Carlosek hartu behar zituen pilula ugarien kutxan bila ari zela.
«Ez zara akordatzen?».
«Ez, Carlos, ez naiz akordatzen! Ez da batere ona iragana hankaz gora paratzearekin zeure buruari egiten ari zatzaizkiona».
Carlosek keinu uxatzailea egin zuen airean, sofaren gainean etzaten zen bitartean. Nekaturik zegoen, oso nekaturik, eta ez batere prest besteek agintzen ziotena egiteko. Denbora gutxi gelditzen zitzaiola susmatzeak, gizalegeak agindu arreta baino ez zien eskaintzen Marcken iradokizun zein aginduei.
«Gogoratzea ez da ez ona ez txarra. Dena dela, akordatzen ez zarenez, neronek berrituko dizut. Jaialdia bukatutakoan, barrara ondoratu ginen eta han ari ziren Fermin eta Miren lanean, gelditzen zen edari gutxia banatzen. Berehala ohartu nintzen Mirenek nirekin nahi zuela zer edo zer, beharbada niregana hurbiltzeko azkartasuna, edo dena utzi eta braust batean nola gerturatu zitzaidan. Ez ginen ia gu baino gelditzen; barreak egin genituen, nahiz eta hurrengo egunean herri hartan bizitzea erraza ez zitzaigula izan behar susmatu, goizeko bostak izanik, oraindik pertsianen atzetik kukuka egon zitezkeenak zio. Nik ez dakit zer den Iraultza baina, orduan, Iraultza egiten ari ginela uste genuen, uste baino gehiago, sentitu egiten genuen. Maletarik gabe etorkizunerantz bidaiatzea bezalakoa zen, arin gindoazen estrata zabalean barna gure gorputz segailetan. Dena bukatu zenean gurdia zamatzen hasi ginen traktore batean. Nik gogoan dut Miren nuela beti alboan, kaxa batzuk eskura hurbiltzen, edo botila batzuk sartzen laguntzen, edo kamerak husten. Maiatza zen eta gauak epeltzen hasiak ziren. Txiza egitera joan nintzen kantoi batera, eta halako batean Harakin jarri zitzaidan ondoan txiza egiten. Munduko indar guztia nigan bildu balitz bezalako sentsazioa izan nuen, eta haize epelak ferekatu ninduen Harakin ez dakit zertaz mintzatzen zitzaidala. Zakila gogortzen nabaritu nuen Harakini begiratzen nion bitartean. Zakiletik hasirik urtu eta gau bihurtu nintzen, nire baitan uhalde, mendi, haize, su, baso ertzean begi distirantekin so nituen basahuntz, txindurri, erbi, zuhaitz, haien arnasarekin bat eginik mila atomotan lehertu nintzen oro izanik. Gero Harakinek alde egin zuen eta hantxe gelditu nintzen bakarrik, zakil gogortua eskuan, gizaki bakar berriz ere, Beriain mendiaren itzal erraldoi eta mehatxagarriari so, nire baitakoaz izuturik. Itzuli nintzenean Fermini poltsa gorri bat kendu nahian ari zitzaion Harakin. Kendutakoan zabaldu zuten, eta orduan irakurri genuen: Gora Iraultza Sexuala. Barre egin genuen, baina nire barrea ez zen besteena bezalakoa, nire barrea zerbait aurkitu ondoren ikaragarria dela susmatzeak beldurraren dardaretan ezinean dabilenaren barrea zen. Ergela hots egin nion Fermini, eta areagotu egin ziren denon barreak. Halako batean begiak altxatu, eta han ikusi nituen Harakin eta Esti, bizkarretik helduta, karrikan behera, nirea zen zerbait kendu eta bazeramatela. Gero hura dena deskargatu behar izan genuen».
Marckek bazekien kontatzen ari zitzaizkionak ez zirela kontu handiak, bazekien ez zutela munduaren jira-biretan garrantzirik, baina jendearen bizitzako une erabakigarriak gertakari hutsalez osaturik daudela, hitz baten, erabaki ezdeus baten gainean oinarriturik zeudela bizitzetako alegrantzia eta tristurak, izateak eta izan nahiak.
«Uste dut erlazio ezkuturen bat dagoela Iraultza, bai soziala bai nazionala, eta Erotikaren artean» bota zion Carlosek irribarre batekin, aurretik esandakoaren tonuarekin hautsiz.
Marck harri eta zur utzi zuten hitz haiek ezkutuko kutsu bat erantsi zioten urteak joan urteak etorri osaturiko Carlosen irudiari. Sofa gorrian lortua zuten tonu intimoa hautsi zuten gainera. Une batzuk egon zen Carlosen tonuak esandakoaren kerak argituko lizkiokeen arrastoen bila, baina ez zuen jakin izan.
«Fuck you» esan zuen.
Eta gero tonua leunduz: «Niri Elisabeth erregina telebistan agertzean zakila tentetzen zait».
«Astoa zara, gero» erantzun zion Carlosek, barrezka.