Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Marck

 

Feliperen autoa plazara ailegatu baino lehen ikusi zuen Bazterrek jendeketa. Ukondoa ijaran sartu zion Fermini, eskuarekin plaza aldea seinalatuz. Ferminek autoaren leihotik kirika egin eta galdera keinua luzatu zion buruaz, Zein dituk horiek galdetuz bezala. Bazterrek ez zion erantzun, baina ikusi ahala jakin zuen ongietorrira hurbildutako jendea zela, pankartak eta ikurrinak airean. Bazterri masailak gorritu zitzaizkion. Ez zuen jenderik ikusi nahi, hautsirik zetorren, bazekien sekula ahantziko ez zuen zerbait gertatu zitzaiola lau horma haien artean poliziaz inguraturik; hartara, iruditzen zitzaion bere baitan haragi bizian nabari zuen zauria begi-bistan ageriko zitzaiola jendeari, eta salatu eginen zuela gertatzen ari zitzaion aldaketa, oraindik, konpreni gaitz hura. Ferminen laguntza bilatu zuen, baina Fermin bera bezain hautsia zegoela iruditu zitzaion; jada ez zuen beldurrik, lau egun lehenago sentitutako izu-laborria, usain gozo eta laztankor harekin batera begiak lausotu eta hankak dar-dar jarri zizkion beldur hura; eta mina ere dagoeneko jabaltzen hasia zitzaion, komisaldegiko atea pasa zuen unetik; halaber, urruti, oso urruti ikusten zituen duela bost egun bizi izandako paranoia haiek; iragan guztia, haurtzaro osoa, nerabezaroko kezka politikoak, Euskal Herria askatzeko egindako bilerak, betaurreko jendeketa irribarretsu hura, azken boladako desirak jostailu hautsiak bailiren agertu zitzaizkion, zentzurik gabeko puskatan barreiaturik. Lokietatik behera zetorkion izerdi tanta xukatu zuen esku ahurrarekin. Auto barneko airea loditu egin zen.

        «Bentzuturik zeundeten» esanen zion Marckek, legearekin inoiz arazorik izan gabeak; baina Bazterrek, egia beharrez, ezetza esanen zion, bentzuturik ez zela hitza, edo bentzuturik ere bazegoela une hartan, baina beste zerbait nabaritu zuela: «Ordura arteko euskaldun edo basko edo dena delakoa ginela izatea ez zen jada niretzat ofizio bat, apaizgo bat, edo nahi baduzu patu astun bat. Izatearekin nahikoa nuen, zena zela izatearekin, ezer gehiago behartu gabe».

        Herriko plazara ailegatu ziren. Nahiz eta hortaz modu inkontzientez oharturik egon, lotsa zen izatearen arintasun hartaz oharturik, izan ere, patu gabetze hark, gertatzear zegoen ekitaldi hura zentzugabeturik, heroi izan nahi ez zuten heroi behartu batzuei egindako ongietorri hura hutsala bihurtu zuen.

        «Zertan ari dituk hor» galdetu zion Ferminek Feliperi.

        «Zertan ariko dituk!, zuei espera» erantzun zion Felipek.

        «Mekagoenlaputa» zizakatu zuen Bazterrek.

        «Ez ibili txorradetan orain» esan zuen Felipek.

        Estiren aitaren autoa ikusi zuen haien atzean aparkatzen. Autotik atera ahala jendea txaloka hasi zitzaien. Feliperen bizkar zabalari jarraiki jendeak egin korridorean barneratu zen. Luze egin zitzaion Bazterri udaletxeko ateraino ailegatzeko tartexka. Udaletxeko atarian jendeketaren parez pare gelditu zirenean isildu ziren denak. Harakinen ama eta Ferminen ama ikusi zituen semeei musuka.

        Norbaitek hitz egin beharko dik, pentsatu zuen Bazterrek; baina ez nauk ni izanen.

        Harakinengana bildu zituen begiak. Bazterri komisaldegian izandako txotxongilo sentsazio itogarria iltzatu zitzaion atzera berriz kolkoan. Benetako aurpegiak agertu zitzaizkion, antzerki lan baten ondoren aktoreek, maskarak eskuetan, aurpegiak erakutsiz lanaren fikzioa azpimarratzen dutenean bezala. Harakin entzun zuen hizketan, Esti eta Jexus Mariren ondoan, milaka kilometrotara bailegoen. Jendeketa haren erdian bakarrik zegoen, Beriainen itzal erraldoiaren erdian bakarrik, biziaren barkamena mendi ankerrari erregutzen, eta urruti, gizakiez harantzagoko mundu mineral batean. Udaletxeko harberaren hotza sentitu zuen bizkarraren kontra.

        «...Euskadiren askapenaren aldeko borrokan aurrera jarraitu behar dugu. Gora Euskadi Askatuta!».

        «Gora!».

        «Gora Euskadi Sozialista!».

        «Gora!».

        «Gora ETA militarra!».

        Ametsezkoa iruditzen ari zitzaion Bazterri. Ametsezkoa jendeketaren inguruan borrokara deitzen zuen garrasi hura entzutea, ametsezkoa lau egun komisaldegian pasa izana, ametsezkoa polizia hura, ametsezkoak adiskideak, ametsezkoa herria bera.

        Automata moduan utzi zion Feliperi jende guztiaren aurrera eraman eta ikurrina harrarazten. Harakin, Jexus Mari, Fermin eta berak ikurrina nola zeramaten ikusi zuen. Aurrera begira zihoala ohartu zen, inori begira gabean, sorbaldak kuzkur, noizbehinka eskua burutik pasatuz. Garrasika zetorren jendea atzetik.

        Etxe ataritik pasako zirela ohartu zen Bazter, ama han egonen zela tabernan, lanean, ez zitzaiola Harakinen ama edo Ferminen ama bezala plazara besarkatzera joan, seguru aski gertatu zitzaiona merezi zuela pentsatuz; eta beharbada merezi duk, oldartu zitzaion Bazter Bazterri.

        Etxeko atetik iragan zirenean ohartu zen taberna itxita zegoela. Ikurrina utzi eta amari agur egitera, «Ez besarkatzera, unerik latzenetan ere ez baikinen gure etxean horrelako maitasun erakustaldien zale, sartzera deliberatu nintzen» aitortuko zion Marcki; «Ikurrina ere laxatu nuen, baina atzetik zetorren jendearen bultzada xuabe batek berzuzendu ninduten, jolaseko tren bat deskarrilatzen hasten denean kolpetxo batez karriletan sartzen den bezala». Berriz ikurrinari heltzearekin bat, atzera begiratu zuen etxea nola urruntzen zitzaion ikusteko, gero eta urrunago, gero eta lausoago, jendearen korronte epelak aurrera akuilaturik.

        Herriari itzulia eman eta plazara ailegatu zen atzera manifestazioa. Eusko Gudariak kantatu zuten.

        Norbaitek besotik heldu eta haien omenean antolaturik zeukaten afarirantz gidatu nahi izan zuen.

        «Ama ikustera noak lehendabizi».

        Kale nagusian behera hartu zuen. Tabernako atetik sartzekoa egin, baina itxirik zegoela ohartu zen. Ate nagusitik saiatu zen. Itxirik. Harritu egin zen, ama inoiz atea ixten ez zutenetakoa baitzen. Txirrinari sakatu zion. Bizitza osoan etxeko atarian irekitzeko espera zegoen lehendabiziko aldia izanen zela pentsatu zuen. Atariaren zura latza ukitzean gaua nahasi zetorrelako ustea barneratu zitzaion. Berniz jasoaren usaina usnatzean bost egun lehenago usain gozo, laztankor eta likitsaren gabeziaz konturatu zen. Balkoi aldera begiratu zuen urduritzen hasirik. Juanita aldamena ikusi zuen kale nagusia zeharkatzen. Ez zeukan zertan haren ondotik iragan, hurbiltzekoak egin zituen hala ere.

        «Zer, etorri zarete?» esan zion pasadan, gelditzeko batere keinurik gabean.

        «Bai» eskapatu zitzaion Bazterri.

        Etxean nola sartu zen begira gelditu zen, zerbait ongi ez zegoelako gogoeta buruan jirabira. «Bai, beti bezala zen hango legea» haserretuko zitzaion Marcki, «bai erantzun nion Iruñean erosketak egitetik etorriko banintz bezala, bai urtetan eta urtetan herri hartan elkar agurtzen dutenek bezala, bai itzultzea, herrira itzultzea garrantzia duen bakarra balitz bezala, bai kanpoan ikusi, bizi eta sufritutakoak batere inportantziarik ez balu bezala».

        Halako batean etxeko ataria ireki zen. Ama ikusi zuen atari bokalean suspirioa ahoan eta malkoak begietan. Leku egin zion sar zedin. Bazter ezkaratz ilunean barneratu zen. Alkohol minduaren usainak mintzak ukitu zizkion. Haurtzaroa, gaztaroa, Iraultza, sexuaren indarra!

        «Zer egin didazu, Carlos» entzun zuen bizkarrean.

        Itzuli egin zen. Amak pañueloa atera zuen mahukatik eta sudurrak zintzatu zituen.

        «Zer egin didazu?».

        «Orduan ohartu nintzen» aitortuko zion Marcki, «min-haustura eta hondamendi haren ondoren, euskaldun patu gogorra, herri hura eta kate guztiak atzean utzi nitueneko ustea hausten ari zitzaidala portzelanazko ilusio bat bezala. Zuk ez dakizu nolakoak ziren gure amaren Zer egin didazu haiek».

        Marckek erantzunen zion, ama guztiek egiten dutela xantaia emozionala, haren amaren hainbat etsenplutarako paratuz, baina Carlosek ezezkoa eginen zion, haren ama, nekoso desberdina zela, xantaia egiteagatik prest zegoela bere buruari depresio bat eragitera, edo erreala bihurtuko zuen min bat asmatzera, oinazerik arinena ere sakontzera, zulo beltzena eraikitzera bizitokitzat. Histerikoa, eginen zion arrapostu Marckek, hori egiten bazuen amak, gehienak bezala, histeriko bat baino ez. Ez, esanen zion Bazterrek, edo bai, baina baita ere ni bezain preso herri hartan.

        «Ez zen ba bertan jaioa eta bertan bizitakoa?!» botako zion Marckek.

        «Zu beti Londresen bizi izan zara. Zuk ez duzu ulertzen zer den herri batean bizitzea» erabakiko zuen Bazterrek.

        Suspirioka eraman zuen Bazterrek ama sukaldera bidean. Errezela jaso eta taberna hutsera begiratu zuen.

        «Itxita izan duzu egun hauetan, ezta?».

        Baiezkoa egin zion sillan esertzen zen bitartean. Bazterrek amaren buru makurtuko ileei erreparatu zien: grisak, aspaldi ile-apaindegitik iragan gabeak. Betidanikoa baldin bazen ere, jantzian behera jarraitu zuten begiek, elastiko beltz irekia, atorren bat, kolore zikin-estalia, gona tuboa, oinetako beltzak. Isilik zeuden. Ama ordu oroko kafesnea prestatzera jaso zen. Nahi zuen galdetu zion keinu nabarigaitz batez. Gogorik ez bazuen ere, baiezko herabe batez erantzun zion Bazterrek, haien artean soka bat botatzearren. Txapa gainean bol-bolean ari zen eltzetik kafea zerbitzatzen ikusi zuen ama, gero beste eltze batetik bi basotara isuri zuen esnea. Azukrea seinalatuz jarri zion eskuan basoa. Epeltasunak bere baitara bilarazi zuen. Hura zuen etxea, txapa hura, betikoak ziruditen eltze haien bor-borra, lurrina, alkohol usaina tabernatik sukalderaino.

        «Zure aitak jakin izan balu!».

        Bazterrek buruan zerabilena uxatzen saiatuz eragin zion kutxarillari. Amak trago batez eztarriratu zuen kafe basoa. Gero berpizturik bezala altxatu eta sorbaldan ukitu zuen une batez.

        «Asko jo zaituzte» galdetu zuen, antsia arrasto bat ahotsean.

        Ezezkoa egin zion Bazterrek, begiak malkoz bustitzen zitzaizkiola. Bi tanta lodi jaitsi zitzaizkion masailetan behera.

        «Esaten nizun politikan ez sartzeko», amak.

        Bizkarra jaso zuen Bazterrek negarrez. Amak altxatu eta musu bat eman zion.

        «Afalduko dugu?» galdetu zion.

        Baiezkoa egin zion Bazterrek buruarekin.

        Kanpoko atea nabaritu zuten. «Hi, Bazter, hator afaltzera! Hastear gaituk!» entzun zuten Ferminen ahotsa.

        Bazter ezkaratzera atera zen. Ilun zegoen, eta hala ere ez zuen klixketa sakatu.

        «Ez nauk joanen, hemen afalduko diat».

        «Baina eroturik hago edo zer? Gure ongietorria duk!».

        «Ez nauk joanen».

        Bakarrik utzi zuen Fermin ezkaratzeko ilunpetan.

        Bazekien zerbaiten akaberan zegoela.