Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Marck

 

Autoa Sakanako paisaia berde-urdinaren artetik zihoan apiril ernatu berrian. Euriak ametsezkoa egiten zuen paisaia: eskubitara Beriain harkaitz handia, zakar, malkortegi, agor, «zemai ilun baten moduan» esanen zion Carlosek Marcki, «itzal erraldoiko basapizti mitologiko beldurgarria»; ezkerretara, Aralar, hegoalde goxora, locus amoenusaren gisa gizakioi, leun, magal.

        Beriaini so zihoan Bazter kopilotuaren asentuan; gidari Harakin begiak errepidean. Oholtza eta jaialdian lortutako diruen puska bat entregatzera zihoazen Iruñera.

        «Ez dakit zergatik utzi diodan Iruñera joateko konbentzitzen» pentsatu zuen bere artean Bazterrek.

        Baziren bi egun jaialdia bukatu ondoko irudi hura ikusi zuena: Harakin Estiren besotik helduta karrikan behera. Bi egun malkortegiaren aurreko zorabio antzeko hartan bizi zela. Bi egun aurreko ezinegonaren arrazoiak kuku egiten ziola. Horregatik Harakinek oholtza eta dirua entregatzera lagunduko ote zion galdetu zionean, Harakinen ondoan izatea ez zitzaiola komeni baldin bazekien ere ezin izan zion ezetz esan, Marcki kontatuko zion moduan, «ez Harakini, baizik eta haren ondoan egotea eskatzen zidan nire buruaren zati hari».

        Paisaiari erreparatzen zion, baina aldika ezin zituen Harakinen gorputz segailetik begiak apartatu. Besondotik bularrera egiten zuen bidaia, sentitzen zuenak ikaraturik. Atzera berriz, bere burua behartuz, paisaia berde-urdinera lerratzen zituen begiak, barne borroka orekatuko zuen lasaigarriaren bila. Hantxe bukatu zen Beriain mendi lerroa eta Irurtzungo bi Ahizpak ageri zitzaizkion. Larreek berde argitik ilunera egiten zuen. Gorago malkorren urdinkara, griseraino, eta gero, oraindik gorago, zeruaren azul kolorgea, maizturik.

        Kasete zaharra izekitzeko besondo mardulak egindako mugimenduagatik, gorputzetik askaturiko besondo alimalekoa iruditu zitzaion Bazterri. Artean ez zekien izenik paratzen Harakinek sortzen zionari, eta beharbada izenik ezak berak are gehiago asaldatzen zuen; «izena ezartzeak gauzak mugatzen baldin baditu ere aztergarri egiten ditu, eta aztergarri diren neurrian kontrolagarri» argituko zion Marckek, atzerritar edo, besterik gabe, ezberdin izateari buruz mintzatu zitzaionean.

        Hertzainak-en Hau dena aldatu nahi nuke kantak gain hartu zion R5 zaharraren burrunbari.

        «Ongi egondu zuan jaialdia» esan zion Harakinek Irurtzundik barna.

        «Bai. Gero hik jai hobea izandu huen, ez?», konplizitate bila.

        Harakinek ez zuen ezer esan eta errepidera bildu zituen begiak.

        «Esti kristoren atsoa zegok!» ekin zion Bazterrek, aldakak mugituz larru jotzearen keinua eginez.

        Mindu egin zuen Estiri buruz modu zakar hartan mintzatzeak, baina mutu jarraitu zuen.

        «Nora eraman huen? Kristoren errapeak ditik!» bota zion Bazterrek, Harakinen neskekiko mintzamoldean.

        «Hi, mekaguendios, nahikoa diagu» moztu zion Harakinek ozen, ahotsean haserrea nabari zitzaiola.

        Bazter zapuzturik gelditu zen besondo erraldoiari begira. Giharrak. Paisaian bilatu zuen salbazioa.

        «Urdina eta berdea» azalduko zion Marcki. «Gure bailarako paisaia urdina eta berdea da, larre eta mendien berdea eta malkorren urdina». Iruñerriko lautada agertu zitzaion parabrisaren aurrean. Perdon han urrutian, Aizkorbe gainetik.

        «Kristoren neska duk» esan zuen Harakinek, barkamen gisa. Harakin buruzagiak, Harakin sendoak, Harakin nagusiak emetua zirudiela ohartu zen Bazter. Ez zen Harakin bera, neskei buruz halako komentarioak egiten zituena, ez zen hura bera sartuko zioat-martuko zioat-ka aritzen zena. Zer zebilen ba orain?

        «Kristoren neska duk» errepikatu zuen.

        Bazter Estiren gorputza definituko zuen adjektiboaren espera gelditu zen: kristoren atsoa zegok, edo horiek errapeak, hori ipurdia kasurik hoberenean, eta txarrenean hori zuloa nabari zaiona, hortik sartuko niekek eta abar. Marcken hitzetan esateko: «Gizon izateko nahiaren ezintasunaren adierazgarri arra».

        «Kristoren neska duk!» esan zuen hirugarrenez, irribarrea ezpainetan.

        Hau mudaturik zegok. «Zer gertatu zaik?» galdetu zion Bazterrek.

        «Nola zer gertatu zaidan? Ezer ez». Atorraren mahuka jaso zuen Harakinek. «Ezer ez».

        Besondo gihartsua koadro gorri-berdeetatik sortzen. Ileak urrezko burusi baten modura laztan deika.

        Zer gertatu zaik Estirekin? galdetzekotan egon zen Bazter, baina ez zen ausartu, beharbada erantzunak sor zezakeenari, zela lurrikara, zela anabasa, zela etsipena, kara emateko prest ez zegoelako; Marckek esanen zion bezala, jasan dezakeguna jasotzeko baino ez baikara gauza. Izan ere, Bazterrek bere baitako anabasa kiskalgarritik susmatzen zuen Harakini Esti «neska errape handi bat» baino zerbait gehixeago zitzaiola, eta hitza gogoetatzera ez ausartuagatik, bazekien Harakin maitemindu egin zela Estirekin, eta huraxe zuela lehendabiziko maitemina; eta berak, Bazterrek, «beste hura», ezin izenik eman oraindik, lehendabiziko maitemina zuen bezala. Urteetara, Marcki kontatu zionean, «gizajoa» errukituko zitzaion Marck errukiaren abantailaz, errukia abantailatarako baitzuen Marckek, baliaturik; Carlos eta bere arteko harremanean beste mugarri bat ezarriz.

        Zerbait esan beharreko premia baitaratu zitzaion Bazterri. Ordura arte Harakinekiko harremanean ez zuen horrelako premiarik susmatu, ez zen arazorik hitz egiten bazuten ez bazuten, halako lasaitasun bat nabaritzen zuten biek ala biek, haien arteko adiskidantza hitzez haraindi bailegoen; baina hitzik gabeko entendimendu hura hautsirik, gauzak esan beharra zegoeneko garaia iritsia zela iruditu zitzaion Bazterri, eta orduan Ferminek denei egozten zien akusazioa, emeagatik-edo destaina eragiten ziena, «Iraultza arra da beti» argituko zion Marckek, burura etorri zitzaion, alegia, koadrila hartan ez zela hitzik egiten, «ez zegoela komunikaziorik», komunikazioa baitzen Ferminendako, Psikologia ikasten hasi zenetik behintzat, orotarako hitz kakoa.

        «Beharbada egia zen, beharbada gauza gehiegi ematen genituen jakintzat» aitatuko zion Bazterrek Marcki iraganaz, gaztaroaz, iraultzaz, Euskal Herriaz mintzatu zitzaion aldiren batean.

        Eta Marckek erantzunen zion beharbada, background bera zutenez usteko zutela berdinak zirela denak, eta neurri batean hala baldin bazen ere, ez zela erabateko egia, edo ez zela zertan erabateko egia izan; eta gero argituko zion horixe zela, hain zuzen ere, indeed azpimarratuko zuen Marckek, hiritarrak eta herritarrak bereizten zituena, herritarrei background bera suposatzen zitzaiela eta orduan background horrek berebiziko garrantzia hartzen zuela, bazterketaren irizpide izateraino eta aldiz hirian denek zutela background desberdina, eta horregatik background horrek garrantzia galtzen zuela onargarritasun irizpide gisa.

        «Gizajoa» errukituko zitzaion gero, Marckendako berez baitzeuden kontraesanean homosexualitatea eta herrian bizitzea, bere eskuetara ailegatu aurretiko Carlos hura babesteko alferrikako nahian.

        «Ongi atera zuan jaialdia» bota zuen tentsio unea hausteko.

        «Kristoren neska duk», Harakinek.

        «Bai ona zegok» arrapostu egin zion Bazterrek.

        «Kristoren neska duk» saiatu zen Harakin berriz. «Gehiagotan egoteko gelditu gaituk».

        «Nondik atera duk maleta hori» galdetu zion Harakini.

        Zaharra zen, telaz forraturik, arrasto urdinkara batzuk zituen erdian, izkinak babesteko ferrak herdoildurik, erdi urraturik larruzko giderra.

        «Aitonak erabili omen zian Amerikatik buelta egiteko. Badakik gaztetan han egon zela emigrante, eta gero itzuli egin zela. Estarbian zegoan. Dirua garraiatzeko egokia iruditu zaidak».

        Cuatro Vientos paretik zihoazen. Metro batzuk aurrerago Iruñeko alde zaharra ageriko zitzaien, San Cerningo elizaren kanpai dorrea, harresiaren silueta, Katedralaren itzala.

        Harakinek beti Udaletxe atzean aparkatzen zuenez, Bazterrek bazekien ezkerretara hartuko zuela harresira ailegatzean. Santo Domingo gora egin zuten.

        «Hire andregaia duk?» galdetu zion Bazterrek, ahotseko asaldadura ezin ezkutaturik.

        Harakinek erantzun bakartzat aparkatarte librerik bazegoen begira egindako keinua baino ez zion eskaini. Bazterri, bigarren aldiz goiztiri hartan, Fermin etorri zitzaion gogora, Ferminek Harakini harrokeriaz egindako akusazioa, ezen bai baitzirudien Harakin, Bazterren Estirekin gertaturikoa jakin beharra susmaturik, erantzunaren luzamendutan zebilela bere burua beharrestearren.

        Lekua ikusi zuen Harakinek eta atzeraka jirarazi zuen autoa.

        «Hire andregaia al den» garrasi egin zion Bazterrek.

        Harakinek denbora hartu zuen maniobra egiteko, ezker, eskubi, atzera, motorra itzali; giltzak eskuan Bazterri irribarre maltzur antzeko bat bota eta mugimendu geldoez autotik atera zen.

        Bakarrik gelditu zen autoan, Harakinek utzitako asentuari begira. Barrunbeak irakiten zituen, susmatzen zuen bizitza aldaraziko zion zerbait jakitera zihoala, betiko deserrotuko zuen zerbait inarroslea.

        Bat-batean beldurtu egin zen eta ez zuen auto barnetik jaitsi nahi, babes hartan nahi zuen, munduarekin zorrak kitaturik zituelako ilusio goxoa kolkoan, bizitzak han pausua hartu zueneko gezurra laztanduz.

        Nobioak egin dira, esan zuen bere baitarako. Ahuldu egin zitzaion gorputza. Sumin goria nabaritu zuen. «Nobioak egin ziren» erabakiko zion Marckek, «homosexual guztien destinu petrala herri txiki heterosexual batean. Ergelak garelako onartzen dugun destinu petralegia».

        Harakinek atea nola zabaltzen zuen ikusi zuen. Berriz ere gidariaren asentuan eseri zitzaion. Esperantzak hartu zuen, gogoan baino ez kiribildutako mezu ahoskatu gabe hura jaso zuela uste izan zuenean. Atezu alaitsuan paratu zen. Harakinek, esatekoa dakienaren keinu geldoez, zigarro paketea atorraren poltsikotik atera eta eskaini egin zion. Isilik izeki zituzten zigarroak. Bazterrek ke kiribilduen kizkurduretan jarraitzen zuen. Hire andregaia duk? Berriz egin behar ote zuen galdera? Bazekien Harakinek entzun eta ulertu ziola.

        Besondoari erreparatu zion. Koadro gorri berdeak, giharrak, ileak. Hankartea hantzen nabaritu zuen Bazterrek.

        «ETAn sartu nahi duk?» bota zion Harakinek.